Munduan zehar hamaika herri zapaldu ari dira beren kulturak eta hizkuntzak berpiztu nahian. Munduaren beste puntan ere bai. Aotearoan, edo Zeelanda Berria, europarrek jarritako izenaren arabera, maoriera berpizten dabiltza azken hamarkadetan. Bertako prozesua ezagutzen aritu da Beñat Garaio, eta Euskal Herrirako interesgarriak izan daitezkeen hainbat hausnarketa ekarri ditu etxera.
Garaioren proiektuak irabazi zuen 2023an Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxaren Gazte saria. Kia ora, e hoa: maoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen izena zuen proiektuak, eta sariari esker izan zuen aukera aspalditik egin nahi zuen ikerketa abiatzeko. Garabide elkarteak eta Foundation for Endangered Languages erakundeak ere lagundu dute. "Ezaguna zen biziberritze prozesuan aurrerapauso handiak egiten ari zirela, eta hori ezagutu nahi izan dut". Iazko udan izan da Aotearoan, ia bi hilabetez, eta bertan ikusi eta ikasitakoak aurkezten dabil orain Euskal Herrian.
Maoriak 1200. urte inguruan iritsi ziren Aotearoako uharteetara. XIX. mendean hasi zituzten lehen merkataritza harremanak europarrekin, eta 1840. urtean Te Tiriti edo Waitangiko hitzarmena sinatu zuten hainbat agintari maorik britainiar inperioarekin. Maorien lurrak eta eskubide historikoak errespetatuko zirela bermatzeko akordioa zena laster urratu zuten ingelesek, eta kolonialismo proiektua abiatu zuten. Koloniak ezartzen hasi ziren Aotearoan, eta maorien aurkako jazarpen bortitza jarri zuten martxan. Azkar ugaritu zen txuri kopurua. 1850erako, hamar urte eskasean, jada Pakeha edo europar kolono gehiago zegoen maoriak baino, eta 1896an heldu ziren maoriak beren minimora, biztanleria osoaren %5,7 soilik izatera, 42.000 maori inguru.
Hamarkadak joan eta etorri, 1980 ingurura egin behar dugu jauzi maorien berpiztea ikusteko. "Aurretik egindako lanari esker", dio Garaiok, orduan hasi ziren eskubide batzuk berreskuratzen, hizkuntzaren ofizialtasuna lortzen, maorierazko lehen ikastetxeak zabaltzen… Oraindik ere minorizazio egoera latzean badaude ere, gorakada honen fruituak ikus daitezke jada, bai egoera soziolinguistikoan, zein maorien baikortasunean.

Bost milioi biztanle pasatxo ditu Aotearoak, eta horietatik milioi bat inguru dira maoriak, %17,5a. Etnikoki maori gisa hartzen dituzte gutxienez arbaso maori bat duten pertsonak. Maorien %20ak edo daki maorieraz hitz egiten, 210.000 pertsona inguruk, Zeelanda Berriko biztanleria osoaren %4,3ak soilik. Pakehak, europar kolonoen ondorengoak biztanleriaren %68a dira.
Erronken aurrean baikor
Maorieraren biziberritze prozesua ezagututa, haien indargune gisa identifikatu ditu zenbait ezaugarri Garaiok. Nabarmentzen lehena, haien baikortasuna. Askotan esaten zioten Garaiori, "etorkizuna argia da, maoriera ez da galduko". Ikerlariak azaldu du ez dela baikortasun itsua, egindako lan handiaren aitortzatik ere badatorrela, eta oso ondo antolatuta daudela Iwiak, maorien herri edo tribuak, eta komunitate eta familien antolakuntza ere goraipatu du, "belaunaldi arteko ardura bezala ikusten dutelako".
Hobekuntzak ikusten ari dira adierazle soziolinguistikoetan. "Goranzko bidean daude, eta konfiantza dute bide horretan jarraituko dutela". Kontraste handia sortzen zion horrek Garaiori, Euskal Herrian ikusi ohi den ezkortasunaren aldean. "Galdetzen zidaten zenbat hiztun dituen euskarak, zenbat irabazi dituen azken urteetan, eta esaten zidaten haiek baino askoz hobeto gaudela!".
Maorien biziberritze prozesua proiektu zabala da. "Beraiek ez dute hizkuntza biziberritzeari buruz bakarrik hitz egiten, maoritasuna berreskuratzeari buruz baizik". Mundu maoria, haien ondarea, historia, kosmobisioa eta kultur adierazpen ezberdinak ari dira berpizten, "eta elementu guzti horiekin sortzen da nortasuna. Hizkuntza beste elementu bat gehiago da".
Hizkuntzaren biziberritzeak du zentraltasun handia Euskal Herrian, eta talka egiten du horrek maorien ikuspegi zabalagoarekin. Euskal Herrian kultur tradizioa berreskuratzeko lan handia egin den bezala, maori talde ugari daude herrialde osoan zehar bertako dantzak, abestiak, antzezlanak, umorea eta historia berreskuratzen, beste hainbat elementuren artean.
Ehunak edo telarrak, adibidez, oso ohikoak dira maorien kulturan, baina ez dira artisautza lan hutsa. Arbasoen kondairak edo migrazio prozesuen kontakizunak biltzen dituzte, haien nortasunaren parte dira. Euskal nortasunari buruz hausnartzeko parada sortu da. Euskal identitaterik ba ote den XXI. mendeko gizarte europar anitz honetan, edo hizkuntza den nortasun ezberdinak batuko dituen elementua. "Hainbeste ahalegindu behar naiz euskalduna izateko?" galdetzen zuen Hertzainak taldeak, bertsoa eta trikitixa ikasi beharraz kexu.

Komunitatea abiapuntu
Hizkuntzaren galerari aurre egiteko eta, batez ere, berreskurapenean aurrera egiteko, komunitate eta familien trinkotasunari garrantzi handia ematen diotela azaldu du ikerlariak, maorien indargune gisa. "Oso lotura estua dute Iwien barruan, eta Iwi bakoitzeko Hapu edo leinu bakoitzaren barruan".
"Belaunaldi bat behar da hizkuntza bat galtzeko, eta hiru gutxienez berreskuratzeko". Hainbatetan aipatu diote esaldi berdina Garaiori Aotearoan. Haientzako 60ko hamarkadakoa da "belaunaldi galdua, hizkuntza transmititzeari utzi behar izan ziona kolonialismoaren ondorioz". Ondorengo seme-alabak hasi ziren hizkuntza berreskuratzen saiatzen, murgiltze ereduko lehen eskolak jartzen, eta gaur egun "hurrengo belaunaldian" gaude, "hizkuntza berreskuratu duten lehen seme-alaben belaunaldian".
"Gure estrategia, Euskal Herrian, ñabardurak ñabardura, izan da hiztun berri asko sortzearena, eskolatik, eta izugarrizko lana egin da horretan. Maorien estrategia beste bat izan da, familia horiek indartu, eta bermatu bertan maoriera izango dela hizkuntza nagusia".
Asko baitago berreskuratzeko eta mantentzeko. Eta galbidean zegoenaren ezagutzatik abiatu behar, ezinbestean. Aotearoako hizkuntza lidergoak eta aliantzak sortzeko gaitasuna goraipatu ditu Garaiok, eta hainbat ekimen nabarmendu, Te Wananga o Raukawa unibertsitate tribala, esaterako. Barnetegiak ere egiten dituzte, hiru urtekoak. Urte osoan zehar bizi dira han, beren herritik hara bizitzera joanda, eta "ia ia zerotik C1 mailara iristen dira. Baina ez soilik maoriera hizkuntzan, mundu maoriaren beste hainbat eduki ere lantzen dituzte".

Dena ez da hain ederra
Optimista izateak ez du esan nahi arazorik ez dagoenik, edo arazoak ikusten ez dituztenik. Erronka nagusietako bat da, diotenez, kolonialismoaren ondorioei aurre egitea. Maoriek egindako lanaren ondorio, eta nolabaiteko deskolonizazio prozesu batengatik, gizartearen zati handi batek bere egin ditu haien aldarrikapenak, eta badira ardura historikoa hartzen saiatzen diren pakehak ere. "Txuri aliatu" asko engaiatuta daude maorien kausetan, maoriera ikasten eta beste, barnetegietako plazak txuriz betetzeraino, haiek baitziren matrikulatzen lehenak, eta baita ikastaroetan protagonismo gehien hartzen zutenak ere, Garaiok kontatu duenez, "eta trauma historiko kolonial hori zeraman maoriak ez zuen tokirik izaten. Horregatik, txurien kopurua murriztu zuten, eta on-line klaseetara bideratu, beste neurri batzuen artean".
Baina, pakeha batzuk maorien mundura hurbiltzen ari badira ere, kolonoen ondorengoa den sektoreak indartsu jarraitzen du. Koalizio atzerakoi eta eskuindar batek irabazi zituen azken hauteskundeak, eta berriz ere itzuli ziren maorien aurkako neurriak, murrizketak, eta eraso arrazistak areagotu egin ziren kaleetan.
Hizkuntza politikak egiteko orduan ere, bi ildo ezberdin daude Aotearoan. Batetik, gobernuaren hizkuntza politiketarako erakundea, Te Taura Whiri, herrialde osorako maorieraren aldeko kanpainak egiten dituena bereziki, eta bestetik, Te Matawai, "maoriek maorientzako" hizkuntza politikak garatzeko erakundea. Gobernuaren erakundeak 500 milioi dolarreko aurrekontua du, eta maorienak, aldiz, hamazazpi milioikoa. Te Matawaik aurrekontu gutxi izateak egoera bidegabeak sortu dituela salatu izan dute, "berriro ere txurien limosnaren zain egon behar izatea, guretzako beharrezkoak diren proiektuak garatzeko".
Baliabide falta baita erronka handietako bat. Bost urteko itxaron zerrenda dago murgiltze ereduetan edo barnetegietan ikasteko. Haien kalkuluen arabera 400.000 irakasle gehiago beharko lirateke maoriera irakasteko, baina, gainera, azken gobernuak emandako aurrekontua murriztu du.
Etorkizuna ez da txuria
Pisu demografikoak aldaketa esanguratsuak ekar ditzake Aotearoan datozen hamarkadetan. Egun %17,5 inguru dira maoriak, "baina jaiotza tasa oso handia dute", Garaiok azaldu duenez. Pasifikakoak ere, Polinesia eta inguruko beste uharteetatik etorritako biztanleak, hazten ari dira. Bien proiekzioa kontuan hartuta, 2050erako gehiengoa izatera pasako dira maoriak eta pasifikakoak. Hazkunde esanguratsua, kontuan hartuta egun bi heren baino gehiago pakehak direla, europarren ondorengo txuriak.
Aotearoan terma batzuetan zeudela, familia bat entzun zuten Beñat Garaiok eta Xanti Hidalgo bidaideak, maorieraz hizketan lau seme-alabekin. Haiengana hurbildu, eta azaldu zieten euskaldunak zirela, maorieraren biziberritze prozesua ezagutzen. "Aitak aholkua eman zigun: euskaldunek egin behar duzuena da ume asko izan; nik 34 urte ditut eta lau ume ditut". Europako jaiotza tasa baxuenetarikoa du Euskal Herriak; ez dabil horren fin euskal borroka demografikoa.
Garaiok dio urte honen amaieran maori batzuk bisitan etortzekoak direla Arabara. "Egin diezaiegun merezi duten ongi etorria eta beraien eskuzabaltasun eta adeitasun hori itzuli".