Antzerkia, maskaren atzean

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 22a

Miren Gaztañaga, Agurtzane Intxaurraga eta Mikel Aierbe, Salburuko gizarte etxean antolatutako saioan. Argazkia: A. AMENABAR

Miren Gaztañaga aktorea eta Agurtzane Intxaurraga zuzendaria bildu ditu 'Idazteaz beste' zikloak, antzerki testuen idazketa eta eszenaratzea hizpide, sorkuntzaren atzeko aldea ezagutzeko asmoz.

Euskal antzerkigintzaren bi belaunaldi eta bi begirada elkartu ditu Gasteizko Idazteaz beste; literatura eta eszena saioak; Agurtzane Intxaurraga (Orozko, 1966), Hika Teatroaren bultzatzaile eta esperientzia luzeko zuzendaria, eta Miren Gaztañaga (Errenteria, 1979), bide propioa proiektuz proiektu eraiki duen aktore eta sortzailea. Mikel Aierbe literatura irakasleak gidatutako solasaldian, ordea, ez dute soilik arteaz hitz egin; antzerkiaren tripak, sektorearen gabeziak eta sormenaren eta biziraupenaren arteko talka ere azaleratu dira.

Antzerkiak, kanpotik, distira iradokitzen badu ere, Agurtzane Intxaurragak berehala lurreratu du irudi hori: "Konpainiaren enpresaburua naiz, eta eguneroko bizitza hau oso gorabeheratsua da, errusiar mendi itzela, zoritxarrez gaur egungo gizartean kultura ez dagoelako erdigunean". Hika Teatroak 37 urte bete ditu, baina ez da bide erraza izan egitura mantentzea, aitortu duenez, besteak beste, diru laguntzen erabat menpeko delako antzerkia, eta baldintza prekarioetan egiten duelako aurrera: "Ez dago ordutegirik, ez da lana bukatzen, eta geure buruari tratu txarrak ere ematen dizkiogu". Prekarietate horrek bultzatuta, antzerki egituren errelebo falta da kezka nagusiena, Intxaurragaren ustez. "Konpainia berri baten batez bestekoa bost bat urtekoa da, gutxi dira hortik aurrera egiten dutenak. Ez dago erreleborik". Beste aldean, buruan izan den ideia taula gainean ikusteak merezi duela uste du: "Sormen prozesuan bertan energiak bateratzen direnean, ekipo osoa batuta, ez baita beti horrela izaten, eta ideia hori oholtzan ikusten duzunean, Zorretan obran gertatu zaigun moduan –Gaztañagarekin batera–, hori ateratzen denean munduko ofiziorik ederrena da, zalantzarik gabe". 

"Energiak batzen direnean, ofiziorik ederrena da, zalantzarik gabe"

Agurtzane Intxaurraga

Zuzendariak gogor kritikatu du administrazioaren inplikazio falta, pandemian bizitakoa gogoratuz. Frantziako intermitentzia sistema eredua jarri du adibide gisa, artistak babesten dituen laguntza, antzokietan etena izan zen momentuan Hego Euskal Herrian "bakoitzak ahal bezala" egin zuen bitartean. Bere ustez, "benetako apustua" egin behar da aurrekontuetan, baina gizartearen eskutik joan behar du horrek: "Gizartea hezitu behar da kulturan ume-umetatik, bestela ez dago zereginik. Adibidea kirola da: garai batean inork ez zuen egiten, inor ez zen gimnasiora joaten, eta orain osasun fisikoa ziurtatzeko oinarrizkoa da".

Estruktura bat izatearen alde gozoa sorkuntza askatasuna dela gogoratu du Miren Gaztañagak, bakoitzak bere piezak eta testuak planteatu ditzakeen eremu bat; aldiz, beste eredu baten alde egin du berak. Aktore eta sortzaile bezala proiektuka mugitzen doa. "Nik ez nuen egitura nahi, beste izaera bat daukat, beste grina bat. Eta askotan nire buruari galdetzen diot nola iraun duen egoera honek hogei urte baino gehiago, eta noraino heldu daitekeen kezka ere badaukat". Antzerkiola Imaginarioan eman zituen lehendabiziko pausoak, eta aukera asko eskaini zizkiola gogoratu arren, momentu batean "emantzipatzeko" beharra sentitu zuen, sortzaile bezala bere bidea egiteko. "Estrukturek ere badute berea. Giza harremanak daude tartean, eta hainbeste urtez elkarrekin lan egiteak harremana hondatzea dakar, besteak beste, egoera prekarioa delako. Ez da erraza, eta tratu heavy batzuk ere ikusten dira. Zenbateraino merezi du hori mantentzeak?".

Intxaurragak zuzendu du 'Zorretan' lana, eta Gaztañaga ari da aktoreen artean. Argazkia: HIKA TEATROA

Belaunaldi gazteagoetan ere aldaketa nabari du Intxaurragak, eta antzerki konpainiekin epe luzera lotzeko zailtasunak daudela dio. "Saiatu izan naiz jende askorekin, gazteekin, eta ez dute nahi izan. Esperientziak bizi nahi dituzte antzerkian, gauzak probatu, eta estruktura batera lotzea agian ez dute esperientzia aukera bezala bizi".

Bakardadetik kolektibora

Antzerki testua literatura den ala ez eztabaidatzerakoan, bi gonbidatuek prozesuaren aniztasuna nabarmendu dute. Intxaurragarentzat, idaztea intimitateko ariketa bat izaten da askotan, nobela bat idatzi daitekeen moduan, eta oholtzak hiru dimentsiotara eramaten du testu hori. Zorretan obraren kasuan, esaterako, idaztea behar batetik jaio zela aitortu du: "Gero merezi duen edo ez ikusi, kristoren lotsarekin pasatzen diozu testua jendeari, eta ostean aktoreei". Sorkuntza kolektibotik abiatzen diren obrak ere badira; ideia bat dago, baina testurik ez. "Oholtzan inprobisatzen goaz, eta gero proposatuko ditugu testuak. Beharbada gero bihurtuko da literatura".

Gaztañagak, aldiz, gorputzetik eraikitzen du bere sorkuntza lana. Bere obretako bat, Stereo, liburu formatura eraman zuten arren, esperimentaziotik sortu zen. "Ni ez naiz idazlea inondik inora; nirea esperimentaziotik dator. Ez dakit egoten eserita idazten, nik behar dut probatu eta gorputzak eragiten didan horretatik zerbait atera", azaldu du aktoreak. Goenkalen monja baten papera egiten zuen bitartean, Stereo proiektu punky eta feminista garatzea "beharrezko kontrastea" izan zela gogoratu du, bere mugak apurtzeko ariketa bat. "Txintxo paperak ematen zizkidaten garai hartan, La Fundicion aretoan Angelica Liddell ikusi nuen Ricardo III.a egiten, gaixo, eskatologiko, ohe zikin batean... Eta argi nuen: nik hori nahi dut. Hori behar nuen esploratu nire gorputzean; nire mugak hausnartu, apurtu, jolastu".

"Nire sorkuntza esperimentaziotik dator, jolastu eta probatzetik"

Miren Gaztañaga

Literaturan oinarritutako lanak ere aipatu dituzte. Gaztañagak Txani Rodriguezen eleberrian oinarritutako Azken erromantikoak pelikulan egindako lana ekarri du gogora. Idazleak askatasun osoa eman zien gidoilariei, David Perez Sañudo eta Maria Paresi, eleberria libre hartu eta euren istorioa eraikitzeko, eta aktorearentzat nobela ere altxor bat izan zen pertsonaiaren barne munduan murgiltzeko. "Momentu batean barne gatazka bat sortzen da nire barruan eleberria eta gidoiaren artean, kitto! esan arte: gidoira eta zuzendariaren esanetara mugatu behar naiz".

Intxaurragak, berriz, animazioaren munduan egindako bidaia azaldu du. Teresa eta Galtzagorri ipuinetik zinemara eraman zuen, eta orain Patxi Zubizarretaren Korri, kuru, korri! lanarekin dabil. Zinemako lana, antzerkiaren aldean, "oso teknikoa" dela adierazi zuen: "Antzerkian emanaldi bakoitza estreinaldi bat da niretzat, eta hala bizi dut aldiro; animazioan, keinu bat aldatzea hiru asteko lana izan daiteke".

Sorkuntza lanen artean, irakurketaz gozatzeko tarterik ere bada, eta zenbait gomendio utzi dizkiete gonbidatuek entzuleei. Waqdi Mouawaden Incendies lana aukeratu du Intxaurragak, eta Pascal Ramberten Cloture de l'amour Gaztañagak. Oholtza gainean izan diren lanak biak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago