Mendixur parke ornitologikoan gaude, Uribarri Ganboako urtegiaren barruan, Arabako hezegune garrantzitsuenetako batean. Hor bizi da gure aste honetako gonbidatua, antzara hankagorrizta (Anser anser), hain zuzen, antzara eme bat. Familiarekin eta klaneko kideekin bizi da Uribarri Ganboa eta Salburua artean, duela ez asko bertan topatu dutelako antzara txikiak udaberrian hazteko behar duten guztia.
Egun on, antzara! Azalduko diguzu noiztik bizi zareten Araban?
Zehazki, 2012az geroztik. Beren garairako aurreratuak izan ziren nire herenaitonek esan zuten: "Zertarako hartuko dugu Suediara itzultzeko hegaldi luzea, txitak hazteko leku ezin hobea baldin badugu hemen?". Eta ordutik hemen gaude klan osoa. Arbasoen legatuari jarraitu diogu, eta populazio berria osatzen ari gara Araban. Dagoeneko, 26 bikote gaude bakarrik Salburuan, eta urtegietan badira gehiago!
Entzuna genuen migratzaileak zinetela.
Lehen, nire arbasoak neguan bakarrik etortzen ziren, han goian, zirkulu polar artikotik hurbil, tundran, dena izoztuta zegoenean eta jateko ezer ez zegoenean. Gero, udaberriko migrazioaren garaian, iparraldean belar eta janari asko zegoenean, hegaz itzultzen ziren txitak haztera. Baina hori oso arriskutsua eta estresagarria da. Gu hobeto gaude hemen, trankil. Dena dela, Europako antzara gehienek hala jarraitzen dute; izan ere, neguan hara eta hona ikusten ditugu hilabete txarrak igarotzeko hezegune lasai baten bila. Ez dira ugariak hezegune lasaiak, eta ez dira erraz aurkitzen. Azken finean, bizitzeko leku ona da Araba.
"Ezagunak gara zeruan letrak marrazteagatik. Batez ere "V" letra marraztea gustatzen zaigu"
Eta migratzeko tentaldirik ez duzue izaten?
Udazkena iristen denean odola berotu eta urduri samar jartzen gara. Gure sen migratzailea omen da bidaiatzera eta mugitzera bultzatzen gaituen barne-erlojua; baina gauza bat aitortuko dizut: nire gertuko familia beti Araban bizi izan denez, ez nuke jakingo nora migratu. Beste hegazti batzuek geneetan daramate barne iparrorratz bat norantz hegan egin behar duten esaten diena. Guk ez, guri gazte garenean ez badigute erakusten ibilbidea, ez dakigu munduan mugitzen. Hori bai, gure oroimena harrigarria da, eta gure gazteetako bati bidea erakusten diozunean ez du inoiz ahazten. Lehen esan dizut, Arabako antzarak oso bereziak gara egoiliarrak garelako, Europako antzar gehienak ez bezala. Batzuek diote gizakien gatibu bizi ziren antzaren leinukoak garela, baten batek askatu egin zituela edo ihes egin zutela, eta beste hegazti asko bezala hemendik haztea lortu zutela, baina nahiago dut pentsatzea nire arbasoek beren kabuz hartu zutela hemen geratzeko erabakia, eta beste gabe ez zirela berriro iparraldera joan.
"Nire gertuko familia beti Araban bizi izan denez, ez nuke jakingo nora migratu"
Nola ezagutu zaitzakegu?
Ahateen hurbileko ahaideak gara, baina handiagoak, hiru kilo artekoak, eta, nire ustez, askoz itxuroso eta dotoreagoak! Hemengo anatidorik handienak gara. Denok berdinak gara, tonu grisaxka oso delikatuarekin, eta atzealdean kremazko luma orladunak ditugu, itxura ezkatatsua ematen digutenak. Lumajea urtean behin aldatzen dugu, eta beti itxura garbi-garbia izaten dugu, lan handia hartzen dugulako mokoarekin txukuntzen. Gainera, hanka arrosak edo laranjak ditugu, behatzak zaplatuta, eta ederki igeri egiten dugu haiekin, nahiz eta gizakiek barre egiten duten lehorrean oinez ikusten gaituztenean. Ezin da dena eduki! Arrak eta emeak ez gara erraz bereizten, baina arrak apur bat sendoagoak dira. Ikusten gaituzunean, ziurrenik taldean goaz, oso familiarrak baikara, eta gure ahaideekin lotura sendoak izatea gustatzen zaigu. Distantzia luzeak egiten ditugunean, adibidez, etengabe deitzen diogu elkarri, inor atzean gera ez dadin, eta, batez ere, gazteenak gal ez daitezen.
Harreman ona duzue etxeko antzarekin?
Etxeko antzaren arbaso basatia gara, etxalde eta eskortetan bizi direnak eta beren ohiko jantzia beste kolore konbinazioengatik aldatu dutenak. Gizakiek maite dituzte, ume-jolas bat ere egin dute beren izenarekin: antzara-jolasa… Tira, nik etxeko antzarak oso barregarri ikusten ditut, beren jantzi garden zuriarekin... Badira guztiz zuriak direnak! Kareztatu egin dituztela dirudi!
Zein duzu menurik gogokoena?
Niri, funtsean, begetalak gustatzen zaizkit: belarrak, sustraiak, erraboilak... Ia beti hezeguneetan aurkitzen ditut, baina sasoi zehatz batean izugarri gustatzen zaigu ere gizakien ereinetara bazkatzera irtetea. Bai, bai, bazkatzera! Ardiak bezala! Zereal soroak ernamuindu direnean eta gariaren edo garagarraren hostoak oso samurrak direnean, udaberrian, goitik mozten ditugu gure mokoarekin, gozoak direlako, madari melatua! (kar, kar, kar). Baserritarrak gure beldur dira, baina gauza jakina da bazkatzen dugun tokia gure gorotzak duen nitrogenoz eta materia organikoz gainezka uzten dugula eta, gainera, sasoi horretan inausitako zereal landak asko indartzen direla. Eremu horiek, jakina, gainerako soroek baino produkzio handiagoa ematen dute, baina badira hori ulertzen ez duten kasko gogorreko zenbait nekazari, eta bertatik uxatu egiten gaituzte.
"Beldur handia pasatzen dugu udazkenean eta neguan ehiztariak ateratzen direnean"
Hitz egin dezagun familiaz. Nola hazten dituzue txitak?
Urtaroek markatzen dute gure bizitza. Neguan lasai ibiltzen gara, energia askorik gastatu gabe. Udaberrian, txita berriak hazteko gogo zoroa sortzen zaigu, erromantiko jartzen gara, bikote bakoitzak habia bat egiten du landareen artean, eta laztantzen hasten dira. Gero, emeok lau eta sei arrautza artean jartzen ditugu. Emeok, bakarrik, hara muturra!, ia hilabetez, pazientziaz, txitatzen ditugu arrautzak, eta ondoren aita eta amaren artean zaintzen ditugu txitak. Udan, berriz, txitak hazten ari direnean erne egon behar da ea zingira-mirotzek edo arrano txikiek ez diguten lapurtzen, haiek ere txita gosetuak baitituzte, eta oso kementsuak dira. Deskuidatzen bazara, zazt!, halako batean txita bat kendu eta sudurraren aurrean eramaten dute! Ulertzen ditut, baina ahal dudan guztia egiten dut gure txitak beren afaria izan ez daitezen. Ez dugu beti lortzen, baina beti borroka egiten dugu gureen alde. Al Caponek esango lukeen bezala, "la famigliaaaaaaa!"
Zer beste arriskuri aurre egin behar diozue?
Gure bizitzak lasaia dirudi, baina ez zaizkigu ezustekoak eta kezkak falta. Txitaldian, arrautzak jarri eta haien gainean esertzen naizenean, egun pilo batean azeri edo txakurrekin adi ibili behar naiz, harrapatu eta errunaldia suntsi diezadaketelako. Nire bikotea beti dago erne, baina ezin du ezer egin auzokide ditugun zomorro horietakoren bat etortzen bada; bakarrik abisatu, nik ziztu bizian ihes egiteko eta erasotik libre ateratzeko. Hori bai, etortzea bururatzen zaionari sekulako errieta botako diot! A zer jenioa dugun!
Ehiztariak ere arriskutsuak dira, ezta?
Udazkenean eta neguan beldur handia pasatzen dugu, ehiztariak ateratzen direnean ia inor ez baitago salbu. Gurekin batera Arabako ehiztarien zerrendan daude ahate arruntak (Anas platyrhynchos), ipar-ahateak (Anas strepera), ahate buztanluzeak (Anas acuta), zertzeta arruntak (Anas crecca), udako zertzeta (Spatula querquedula), ahate mokozabala (Spatula clypeata), kopetazuri arrunta (Fulica atra) eta murgilari mottoduna (Aythya fuligula). Gure hezegunean gaudenean, Salburuan edo Uribarri Ganboan, ezin digute tiro egin, baina buelta bat ematera irtetea bururatzen bazaigu, miaketa hegaldi bat egitera edo hezegunez aldatzera, arriskuan jar dezakegu bizitza! Nahiko estresagarria da. Bederen, gaur jada ez digute uretan tiro egiten, baina garai batean bai, eta han geratzen ziren berunezko perdigoiak dena pozoitzen. Nik beti esaten diet txikiei ez dezatela mokoa gehiegi hondoratu jateko, ez daitezela zabor horrekin pozoitu.
"Nire bizitzako ilusioa egun batean Suediara bidaiatzea da. Hori bai izango litzatekeela fantasia!"
Tira, antzara, kontatu sekreturen bat ALEAren irakurleentzat.
Amets bat konta diezazuket nahi baduzu. Nire bizitzako ilusioa egun batean Suediara bidaiatzea da. Hori bai izango litzatekeela fantasia! Gainera, entzun dut Nils Holgersson izena duen iratxo bihurtutako gizaki txiki bihurri batek antzara saldo batekin hegan egiten duela herrialde osoan zehar. Tira, niri hori guztia kontu zaharra iruditzen zait, eta momentuz hobeto nago Araban; oraingoz, bizi garen hezegunea bizimodu lasaia izateko nahikoa da. Gainera, babestuta dago, Ramsar eremua da, eta Natura 2000 Sareko gunea. Horregatik ez balitz, aspaldi joango ginen familia eta biok.
Trebetasun berezia duzula entzun dugu. Hala da?
Ezagunak gara zeruan letrak marrazteagatik. Batez ere "V" letra marraztea gustatzen zaigu. Ez da kapritxoa, hegan egitean gastatzen dugun energia errentagarri egiteko aukera ematen digu. V-aren puntan jartzen den lehena da indartsuena, haizearen erresistentzia hausten du gainerakoek efektua aprobetxatu ahal izateko eta aurrera egitea gutxiago kostatzen zaigulako. Liderra nekatzen denean beste batek ordezkatzen du eta horrela guztion artean bidaiatzen laguntzen diogu elkarri distantzia handiak egin behar ditugunean.
Bihurriak ere bazarete….
Hezegune hauek bizileku gisa erabiltzen dituzten espezie ezberdinetako hegazti asko bizi gara hemen, eta gero eta jende gehiagok gozatzen du gu teleskopio eta prismatikoen bidez ikusten. Kuxkuxero txiki samarrak dira, baina ez dute gerrarik ematen, nahiko baketsuak dira. Horietako batzuk saiatzen dira zenbat garen jakiten, eta konturatzen garenean norabide guztietan mugitzen hasten gara, ur gainean igeri eginez eta gurutzatuz, kuxkuxeroak nahasteko, eta berriz hasi behar dira kontatzen! Kar-kar, kar, nahiko dibertigarria da. Tira, noizean behin egiten dugun gaiztakeria txiki bat besterik ez da, espero dut aintzat ez hartzea.
Antzara hankagorrizta (Anser anser)
Ordena: Anseriformeak (antzarak, ahateak, beltxargak).
Egoera: Kezka Txikiko kategorian Espainiako Hegaztien Zerrendan.
Habitata: Hezeguneak eta inguruko soroak.
Tamaina: 70-90 zentimetroko luzera.
Antzara hankagorrizkek V forma egiten dute zeruan. Argazkia: PIXABAY