Markitos eta Toribio atzetik

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 13a

Joan den asteburuan ospatu zituzten inauteriak Asparreneko Ilarduia, Egino eta Andoin herrietan. Argazkia: ARITZ MTZ. DE LUNA/ ALEA

Asparrenean eta Kuartangon inauterietako ospakizunak hasi ondoren, Zalduondoko Markitos eta Kanpezuko Toribio izango dira hurrengo egunetako protagonista nagusiak lurraldean.

Arabako herri inauteriek aurrera jarraitzen dute negua agurtu eta lurra esnarazteko errituekin. Joan den larunbatean Asparrenean eta Kuartangon lehen suak piztu zituzten, eta hurrengo egunetan, hiriguneetako karroza eta mozorro festekin batera, begirada guztiak Zalduondo, Kanpezu eta Salcedon jarrita daude.

Hurrengo hitzordu garrantzitsuena igande honetan bertan, otsailaren 15ean, izango da Zalduondon, 13:00etan eta 17:00etan. Bertan, Markitos ezaguna epaituko dute, herriko gaitz guztien errudun bakarra. Sutan ordainduko ditu herritarren kezkak, porreroek eta errauts banatzaileek osatutako segizio zaratatsuaren aurrean.

Datorren astean, hilaren 17an, Kanpezuko Toribioren txanda iritsiko da. Kasu honetan, garbiketa ez du suak egingo, Ega ibaiko urek baizik; katxiek lagunduta, pertsonaia bertara bota eta itoaraziko dute. Eta, azkenik, otsailaren 21ean, Lantarongo Salcedon, Porretero harrapatuko dute oilo bat lapurtzeagatik. Herrian zehar okerrak egin ostean, teilatura botako dute beleek eta buitreek jan dezaten, neguaren amaierako azken ekintza sinboliko gisa.

Inauteriak eta bertsoak bat

Aurten, gainera, herri inauteriek bultzada berri bat jaso dute Arabako Bertsozale Elkarteak abian jarritako Arabako herri inauteriak proiektuari esker. Batetik, unitate didaktiko bat prestatu dute inauterietako pertsonaiak eta ohiturak gazteenei hurbiltzeko asmoz, eta, bestetik, jaiei euskarazko ahotsa eta kantu propioak jarri dizkiete.

Egitasmo honen zutabe nagusietako bat hezkuntza da. Zalduondoko Lazarraga jauregian aurkeztutako unitate didaktikoak Arabako mapan zehar bidaiatzeko aukera ematen die ikasleei. Mapa interaktiboak, ilustrazioak eta jokoak erabiliz, elkarteak lortu du Markitos, Toribio edo Arrianoko Atsoa bezalako pertsonaiak gela barruan ere bizirik egotea.

Hala ere, proiektua ez da geletako hormen artean gelditu, eta kalera atera da Arabazozoak izeneko koplari figuren bidez. Antzinako ohiturei jarraituz, bertsolariek osatutako bikote hauek herriz herri dabiltza inauterietan, ospakizunari bat-bateko bertsoak erantsiz. Elkarteak sormen lan eskerga egin du herri bakoitzeko inauterientzat kopla eta doinuak egokituz. Horri esker, historian zehar gaztelaniaz edo hitzik gabe ospatu izan diren erritu askok euskarazko arima berreskuratu dute. Bertako musikari eta eragileekin elkarlanean ekoitzitako bideo eta grabazioetan ikus daitekeenez, bertsoak josi ditu inauteriak.

Zehazki, Kuartango, Salcedo, Ilarduia-Egino-Andoin, Zalduondo eta Kanpezu herrientzat kantuak sortu dituzte Asier Otamendi, Manex Agirre, Eli Zaldua, Paula Amilburu, Oihane Perea eta Hegoi Amabizka bertsolariek. Lan horri forma emateko, Mikel Goikuria eta Garikoitz Garciaren musika oinarriak eta Natxo Vidal nahiz Amaia Garmendiaren ilustrazioak erabili dituzte, bideoklip eta unitate didaktiko deigarriak osatuz.

Herri inauterien inguruko proposamen didaktikoa aurkeztu dute Zalduondon. Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

"Bertsolaritzatik ekarpen bat egin nahi izan dugu, inauterietako filosofia orokorrarekin bat eginez, Ipar Euskal Herriko inauterien azterketa egin ostean, bertsolaritza gure herrialdeko errealitatean txertatuz, funtzio sozial bat emateko", azaldu du Oihane Pereak, Zalduondoko Lazarraga jauregian egindako aurkezpenean. Lankidetza honek iaz emandako fruituei jarraipena emango die aurten ere; horrela, bertsolariak zuzenean arituko dira, besteak beste, Zalduondo eta Kanpezuko inauterietan, baita Gasteizko Alde Zaharreko ospakizunetan ere. Sortutako material guztia, mapak eta jolasak barne, jada eskuragarri dago www.bertsoikasgela.eus atarian eta laster izango da Arabako ALEAren webgunean ere.

Inauterien lanketarekin batera, botargen inguruko azterketan sakonduko dute aurrerantzean, gogoratu dutenez, Oiongo botargan hasitako bideari jarraipena emanez. Horrez gain, udaberrian kantu berriak sortuko dituzte, eta udazkenerako paperezko argitalpen didaktiko bat kaleratzeko asmoa dute, lurraldeko kultur transmisioa bermatzen jarraitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago