Iritzia

Lagunarekin apurtu!

Zuriñe Rodriguez 2026ko otsailaren 7a

Argazkia: FREEPIK.

"Zure laguna faxista bihurtzen ari denean, zerbait egin beharko duzu, ezta?"

Asteartean haserretu egin nintzen. Lagun batekin kafea hartu nuen, eta triste antzeman nuen. Kontatu zidan kuadrilla afari batean bere lagun on batek "komentario faxista" bat izan zuela. Harrituta zegoen, ez zuen espero.

Bere tristura ulertu nuen, baina bere begietan apatia ere bazegoen. Doluaz galdetu nion. Komentario fatxa horren ondoren, lagun izateari utzi ziotela uste nuen, eta seguru horregatik triste zegoela. Ez da erraza lagun bat galtzea! Oker nengoen. Ez zen hausturarik egon! Ez zuen ezer egiteko asmorik, soilik triste zegoen. "Lagunak betirako dira, eta diren bezala maitatu behar ditugu", esan zidan. Orduan ni haserretu nintzen.

Zure laguna faxista bihurtzen ari denean, zerbait egin beharko duzu, ezta? Haserretu, berarekin harremana eten, konbentzitzen saiatu edo zuzenean ostikada bat eman. Gura duzuna, baina, barkatzea solik zure laguna delako? Laguntasunak ere bere mugak ditu.

"Kuadrillako faxistaren" diskurtsoa gero eta finkatuagoa dagoela iruditzen zait. Badirudi anekdota edo denbora-pasa bat dela. "Ez dakit zergatik esan zuen hori", esan zidan nire lagunak. Badakizu zergatik esan zuen, eta badakizu zergatik pentsatzen duen, erantzun nion. Kari, faxista bat daukazu kuadrillan!

Beharbada, zure laguna ez da Abascal edo De Andres, baina beraien ideak zabaltzen ditu, eta, ziur aski, denborarekin haien alderdiei bozkatuko die. Baina zuk, bitartean, ez duzu ezer egiten. Isildu, triste jarri eta berriz isildu. Emaitza? Faxistek irabazten dute.

Badakizu, zer? Zure lagunaren komentario arrazista, matxista edo homofoboa bazkariko mahaian ezarrita geratuko da betirako. Konfrontazioa baino, bere laguntasuna hautatu duzulako.

Min ematen du lagunekin hausteak, baina mina handiagoa da faxismoari irabazten uzten diogunean. Zure lagunaren komentario "inozentea" zure bizitzaren kontra doa. Beraz, apurtu dezagun gure lagun fatxekin! Minarekin, baina beldurrik ez!

Laguntasuna ez da bizitza osorako, alegia, laguntasuna politikoa da, eta gu antifaxistak gara.

Zuriñe Rodriguez

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago