Behien gaitza hesitu nahi dute

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 5a

Intsektu bidez transmititzen den gaitzak behiei eragiten die, eta oso kutsakorra da bobidoen artean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako neurriak eguneratu ditu Jaurlaritzak. Hala, abeltzainek ezingo dituzte azoka eta antzeko ekitaldietara animaliak eraman, eta kontrol zorrotza izango dute.

Behiei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorraren kontrako neurriak gaurkotu ditu aste honetan Jaurlaritzak, iazko abenduan hartutako azken neurriak eguneratzen dituen arau berri bat argitaratu baitu. 

Agindu berriarekin, Euskal Autonomia Erkidego osoan ezin izango dira behiak ekitaldietara eraman. Besteak beste, ezingo dira eraman azoka, lehiaketa, erakustaldi, herri kirol, erromeria, merkatu eta aldi baterako ekitaldietara.

Jaurlaritzak Madrili eskatu dio Araba eta Bizkaira txertaketa eroateko 

Modu berean, eguneraketak derrigorrezko desintsektazioa mantentzen du abereentzat, eta Euskal Autonomia Erkidego kanpotik etortzen diren animalien albaitaritza zaintzaren inguruko neurriak ezartzen ditu.

Egoera epidemiologikoa Nekazaritza Sailak ohar batean argudiatu du egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera hartu dutela erabakia, eta, modu berean, aintzat hartu du Gipuzkoa gaixotasunaren aurkako txertaketa eremuan sartu dela. 

Neurriak, halere, salbuespen bat utzi du: aldundiek aukera izango dute ekitaldietara behiak eramateko baimena emateko, behi azienda berekoak baldin badira, eta ekitaldiaren amaieran abereak jatorrizko ustiategira itzultzen baldin badira. Beti ere, Jaurlaritzak dio nahitaezkoa izango dela osasun arriskua banaka ebaluatzea.

Orain arte ezarrita zeuden desintsektazio neurriak bere horretan mantendu dituzte. Abereak garraiatzen dituzten ibilgailuak garbitu beharko dira. Salbuespen bakarra izango da behiak hiltegira eramaten dituztenekoa. Baimendutako zentro batek emandako garbiketa eta desinfekzio ziurtagiria izan beharko dute abeltzain eta teknikariek animalien dokumentazioarekin batera, eta, horrez gain, garraioa desintsektatu dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena eraman beharko da. 

Hemendik aurrera behiak ezin izango dira azoketara eraman EAE osoan 

Albaitaritza zaintzari dagokionez, Jaurlaritzak dio "indartu" egin duela zaintza asteon ezarritako aginduarekin. Hala, EAEtik kanpoko ustiategietatik datozen behiak zein "beste espezie sentikorrak", sartzen diren egunetik 28 egunez albaitaritza zaintza ofizialaren kontrolaren pean egongo dira. Desintsektazioaz gain, animalia horiek kautelaz immobilizatuta geratuko dira ustiategian, "albaitaritza zerbitzuek zehazten duten epean". Heldu berriei ez ezik, neurri horrek eragingo die ere ustiategian dauden gainerako animaliei. 

Erakundeen arteko koordinazioa

Jaurlaritzak dio hiru diputazioekin koordinatuko dela protokolo baten arabera animalien mugimendua arautzeko Gipuzkoako ustiategietan dauden animalien %95 eta abeltzaintza aziendaren %75 txertatzea lortzen denera arte. Ondoren, beste protokolo bat jarriko dute martxan.

Beste behin, Jaurlaritza gaurkotze honetaz baliatu da modu publikoan alorreko Espainiako ministerioari eskatzeko Araban eta Bizkaian ere txertaketa zabaldu dezan. Hala, Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak esan du "benetako bermea txertaketa osoa" dela. Dioenez, soilik horrela bermatu ahalko da "animalien osasuna eta sektorearen etorkizuna".

UAGA sindikatua ere bat dator txertaketa EAE osora zabaldu behar dela. Sindikatuak eskatu du soilik sakrifikatu daitezela dermatosi nodular kutsakorra antzemateko probetan positibo eman duten animaliak. 

Laborarien artean jarrera hau nagusi bada ere, ez da hala gertatzen leku guztietan. Hala, Frantzian txertaketaren kontrako jarrerak agertu dira, baita ere, zenbait sektoreren artean; kasurako, Ipar Euskal Herriko laborari batzuek Libre izeneko kolektiboa sortu dute, esanez Frantziako alorreko ministerioak ez duela txertaketa "inposatu" behar. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago