No rain no rainbow filma aurkeztu berri dute Gasteizen. Eskalada aitzakia hartuta, Arabatik Jordaniarako bidaia proposatzen digu dokumentalak, Peña Carriako paretetatik Wadi Rumekoetara. Berez Donnay anaia eskalatzaileak dira protagonista, Txiki eta Borja, baina dokumental ezberdina egin nahi izan dute, eskalada eta mendi kontuetatik aldendu, eta kultura berri bat ezagutzeko tresna izan dadin.
Erlantz Mata eta Sergio Azkaratek abiatu zuten proiektua, eta Donnay anaiei proposamena luzatu. Baina, Txikik azaldu duenez, haiek ez zuten haiei buruzko dokumental bat egin nahi. "Ez gara eskalatzaile onak, ez ibilbide luzekoak... baina ikusi genuen gure historiaren bitartez hitz egin zitekeela benetako protagonistez, beduinoez".
"Gameluak oso politak gelditzen dira dokumental baterako, baina 4x4 bat erosoagoa da familia eramateko, berogailuarekin, eta haizetik babestuta".
Jordaniako Wadi Rum eremuko beduinoak dira dokumentaleko "benetako protagonistak". Sei urte dira Donnay anaiak bertara joaten direla eskalatzera, eta lekua eman nahi izan diote han ezagutu duten beduinoen kulturari, haien bizimodua nolakoa den, eta nola ari diren egokitzen garai berrietara. Desertuko nomadak izan dira beduinoak mendeetan zehar, abeltzainak, naturari oso lotuak. Baina gaur egun askok turismoa hartu dute ogibide gisa, betiere bedouin way of live deritzoten hori galdu gabe.
"Toyotak dira oraingo gameluak", dio Txikik. "Turismoa lan errazagoa da ahuntzekin eta gameluekin bizitzea baino. Baina ez dute galdu nahi haien kultura, desertuarekin duten lotura, suarekin, animaliekin...".
Turismofilia
Dokumentalarekin autokritika ere egin nahi izan dute. Erlantz Mataren hitzetan, "turismoa kritikatzen dugu, baina gu turismoaren parte gara". Turista eskalatzaileen jarrera ere izan du hizpide Txikik. "Eskalatzaileok batzuetan pentsatzen dugu turista ezberdinak garela, alternatiboak, abenturazko bidaiak egiten ditugulako eta arropa puskatua daramagulako, baina turista pribilegiatuak gara. Normalean bidaiatzen dugun lekuetan bertakoek ez dute kirola aisialdi bezala ikusten, han jolas egiten dutenak haurrak dira".
"Mendebaldetik goazenean eskema oso karratuarekin joan ohi gara. Astelehenean hau, asteartean hau... hara heldu, eta erritmoak beste batzuk dira"
Turismoaren inguruan pentsarazteko aukera ere eman nahi izan du dokumentalak. Izan ere, Euskal Herritik daramaten Tourist go home ikuspegia kontraesanean sartu da bertakoen ikuspegiarekin. Bertako asko turismoaren alde daude. Ogibidea da haientzat, eta errazagoa, dirudienez, desertuko abeltzantza baino. "Edonork aukeratuko luke bizitza erosoago hori. Gameluak oso politak gelditzen dira dokumental baterako, baina 4x4 bat erosoagoa da familia eramateko, berogailuarekin, eta haizetik babestuta".
Lerro fina da, ados daude Mata eta Txiki, ea zer den turismo jasangarria, zenbat turista hartu ditzakeen kalte egiten hasi aurretik. Hala ere, nabarmendu dute legez Wadi Rum gunearen barruan turismoaren kudeaketa beti egon behar dela familia beduino baten esku, "familiako gizonaren esku" zehazki, eta turistek utzitako aberastasuna komunitatean gelditzen dela, hein handi batean.
Egoten ikastea
Atayek eta Amina bikote beduinoa dira, zazpi seme-alaba dituzte, eta haien etxean gelditu ohi dira Donnay anaiak Jordaniara egiten dituzten bisitetan. Haien bidez gerturatu dira hango errealitatera, eta haiekin bizi izan dituzte mentalitate talkak ere. "Mendebaldetik goazenean eskema oso karratuarekin joan ohi gara. Astelehenean hau, asteartean hau... hara heldu, eta erritmoak beste batzuk dira".

Azaldu dutenez, gainera, elkarrizketa on bat lortzeko kalte egiten du hasieratik kamerarekin joateak. Hamabi eguneko bidaia egin zuten Jordaniara. Lehen egunetan apenas ezer grabatu ez zutela eta, urduritzen hasia zegoen Mata. Baina argi dute: "Hiru egun eman behar dituzu kafea hartzen, hitz egiten, eta laugarrenean agian kamera bat atera". Naturaltasuna harrapatzea ere ez baita erraza, eta kamerak askotan artifizial bilakatzen ditu momentuak.
Erritmoa jaistea ere ikasketa bat izan da euskaldunentzat. Oso zaila dela aitortu du Txikik. "Egoten ikastea da. Ez dakigu. Beti ari gara zerbait egin nahian, hau dokumentatu, eskalada gradu altuago bat lortu...". Eta talka egiten du horrek bertako bizimoduarekin. Jende lasaia bizi da Wadi Rumen, Txikiren esanetan. "Bizitza lasaiagoa dute, sinpleagoa. Lan apur bat egin bero gogorrik ez denean, animaliak zaindu, egurra moztu, ura bilatu, siesta bat egin...". Egoten ikasi behar izan dute.
"Dokumentalgintza horrelakoa da. Ideia batekin zoaz, eta gero grabatzen duzunak ez dauka zerikusirik pentsatuta zenuenarekin"
Ez da emakumerik agertzen dokumentalean, egileek nabarmendu dutenez. "Eta ez da kasualitatea", azaldu dute, kalean ez delako emakumerik ikusten Wadi Rumen. Etxe barruan egin dute harremana Donnay anaiek Aminarekin, adibidez, baina "bizitza publikoan, etxetik kanpora, ez daude presente". Emakumezko off ahotsa du dokumentalak, hutsune hori are ageriago utziz.
Paretan filmatzeaz
Eskalatzen ere agertzen dira Txiki eta Borja dokumentalean. Eta ez da gauza erraza izaten eskalada filmatzea. Behar den material guztia mugitzeaz gain, bitan igo behar izaten dute bidea. Lehenbizi soka bat finkatu behar da, handik kameraduna zintzilikatu dadin, eta gero beste behin eskalatu. "Zerbait berria balitz bezala antzeztu behar duzu, gainera".

Kalte egiten die kamera aurrean eskalatzeak. Presio gehigarria da, eta gainera paretari interbentzio gehiegi egiten zaiola salatu du Txikik. Nahiago izaten dute paretan gutxiago eragin, eta saiatzen dira jarri eta kendu daitezkeen heldulekuak erabiltzen, ahalik eta torloju finko gutxien sartzeko. Horregatik, eskalatzen agertzen direneko pasarteak anaiek beraiek grabatu dituzte gehienbat, gainean zeramatzaten kamera txikiekin.
Elkar grabatuta, gainera, naturaltasuna mantendu ahal izan dute. "Dokumentalean ikusten da anaien arteko jolas espontaneoa dela". Beldurra kudeatzearen garrantzia ere aipatu du Txikik, ez blokeatzeko, eta azaldu du umorez aurre egiten saiatzen direla. Azken finean, abentura ere gozatzen dute. "Ziurgabetasun hori oso ona da, hori da bere xarma, bizirik sentiarazten zaituena".
Erritmo moteleko lana
"Guztiz aldatu da dokumentala hasierako asmotik atera denera", dio Matak. "Dokumentalgintza horrelakoa da. Ideia batekin zoaz, eta gero grabatzen duzunak ez dauka zerikusirik pentsatuta zenuenarekin". Bueltan filmatutako materialaren errepasoa egin, eta "ea zer egin dezakezun".

Hala ere, argi zuten eskaladaren aitzakiarekin bedouin way of live helarazi nahi zutela, eta haiei hitz egiten utzi. Sentsazioa dute mendebaldetik joaten garela beste herrialdeetara "zerbait kontatzera, haiei utzi beharrean zabalik, ea zer kontatu nahi duten". Eta hala atera dira turistei ongi etorria egiten, baina baita bestelako istorioak ere.
Gazte asko hirietara hurbiltzen ari dira, bizitza erosoago baten bila, baina badago Wadi Rumen oraindik tradiziozko bizitza beduinoa mantendu nahi duen jendea. Atayeken anaia heldua da horren adibide argia. "Bizitza geldoagoa du, beste lotura bat du denborarekin, lurrarekin, izarrekin". Basamortuan bizi da Salem, ganaduarekin, mugikorrik gabe, eta inguruko baliabideak probestuz. Txikik azaldu duenez, bere esanetan buruko osasuna da hirietako erosotasunagatik ordaindu beharreko prezioa.
Dokumentala ere lasai ikustekoa dela azpimarratu dute. "Gaur egun dena fast dela, 30 segunduko reel-ak eta..." gauzak motel egitea aldarrikatu dute. Egotea. Sarean ikusgai dago jadanik No rain no rainbow. Udalak eta aldundiak emandako diru laguntzez gain, Primeran plataformarekin akordioa egina zuten aurrez, egindakoan haiei eskaintzeko, eta bertan dohan ikusteko aukera dauka edonork.

Gabonetan Wadi Rumen egon da Txiki beste behin, eta bertakoei erakutsi die filma, prestutasuna eskertzeko edo. Gustura hartu dutela azaldu digu. "Gustatzen zitzaien haiek agertzen zirenean, eskalada bost inporta". Harro sentitu omen dira azaldu ahal izan dutelako haien kultura eta haien bizitza ulertzeko modua.