Oier Zuñiga

"Gure ofizioa da, gure lana, baina erdigunean gure komunitatea dago"

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 6a

'Nor naizen baneki' obraren aurretik, besteak beste, 'Zaldi urdina' eta 'Eresia' lanetan aritu da Oier Zuñiga. Argazkia: TTAP

Larunbatean, hilaren 7an, helduko da Amurrio Antzokira 'Nor naizen baneki' antzezlana, Artedrama eta Axut! konpainien eskutik, herriaren eta norbanakoaren nortasunari buruzko hamaika galderarekin.

Antzoki batean egindako indusketa arkeologiko bat du hizpide Nor naizen baneki obrak, geruzaz geruza, erromatarren garaitik egunera arteko kontakizuna egiten duen lanak. Artedrama eta Axut! antzerki taldeen eskutik egindako bidaia horren nondik norakoak kontatu dizkigu Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) aktoreak.

Gasteizen izan zineten, eta Amurrion izango zarete larunbatean obrarekin. Hamaika herri bisitatu dituzue dagoeneko, baina berezia al da saio bakoitza?

Hori da antzerkiaren magia. Inoiz ez gaude lantaldean berdin, publikoa inoiz ez dago berdin, espazioak ere aldatzen dira, eta aldi oro zerbait magikoa gertatzen da antzerkian. Hemen eta orain ematen da, eta horrek egiten du emanaldi bakoitza berezia izatea. Lekuaren arabera jendeak ez du berdin erreakzionatzen, gu ere beste leku batetik sartzen gara beti, eta uste dut horrek egiten duela antzerkia hain berezia.

Antzokiak betetzen ari zarete, eta harrera oso onarekin.

Bai, beti eskertzekoa da halako antzezlan proposamen potente batekin herri ezberdinetara joatea eta halako harrera ona jasotzea. Proposamen oso mardula da, bi ordu eta laurdeneko ikuskizuna. Gure herriaren historiaren indusketa bat egiten dugu, eta indusketa horrekin batera ikusleari proposatzen diogu norberak bere indusketa propioa garatzea. Gero publikoak gurekin partekatzen duena, momentuan bertan edo webgunean iritzia ematen, oso aberasgarria izaten ari da. Ederra da oholtzara igotzea badakizunean indar handiko zerbait eramaten duela publikoak.

Exijentea ere bada, ezta? Zuentzat eta publikoarentzat...

Asko komentatzen den gauza bat da. Guretzat oso exijentea da, oso lan potentea delako eta maila asko dituelako, geruza asko, indusketa batek bezala. Alde batetik badu testua, noski, baina badu argiztapen berezi bat, jantzi aldaketa oso azkarrak, kantuak... Fisikoki oso exijentea da guretzat; behin oholtzara aterata ez gara geldirik egoten, etengabeko mugimendua eta koreografia oso landua da. Baina exijentea da, baita ere, publikoarentzat, eta uste dut publikoaren ikuspegitik eskertzen dela ikusten duzunean aktore talde bat exijentzia maila horrekin eta dena ematen, eta, aldi berean, zuri ere obrak exijitzen dizula hor egotea eta adi egotea. Bi aldeetako lan horretan oso gauza indartsuak sortzen dira; exijentea bai, baina uste dut oso betegarria eta esker onekoa dela.

Hainbat geruza ditu obrak, baina esan daiteke euskal nortasunaren bila dabilela, aurkikuntza baten aitzakian?

Aitzakia da antzoki bat eraitsiko dutela, zerbait agertu dela eta arkeologoak ikustera joan direla. Eta aitzakia horrekin ikusten duguna da benetan gure herriaren identitatea, geruzaz geruza zeharkatzen duguna. Hau da, Euskal Herriko identitatea noraino zapaldua eta zapaltzailea izan den, eta, aldi berean, norberarena, komunitate hau osatzen dugun norbanakoena; gure barne miseriak eta barne gatazkak, horiek ere induskatu behar direlako. Alde biko lan horrek etengabe zeharkatzen du antzezlana.

"Erantzun borobilak eman baino, bide berriak astindu behar ditu antzerkiak"

Erantzunak baino, galdera asko...

Bai, eta niri bereziki hori asko interesatzen zait arte eszenikoetan eta, oro har, artean. Erantzun borobilak eman baino, horretarako beste diziplina batzuk baitaude, uste dut antzerkian, literaturan edo musikan bide berriak direla astindu behar ditugunak, galderak, geure burua kitzikatzea eta zirikatzea. Eta, zentzu horretan, galdera asko planteatzen ditu Nor naizen baneki-k. Noraino garen benetan uste dugun hori, eta noraino garen guk geure buruaz eraiki dugun edo eraikiarazi diguten gauza bat.

Irulegiko eskua izan zen obraren hazia, baina nolakoa izan zen osteko sorkuntza lana?

Irulegiko eskua abiapuntu izan zuten Ximun Fuchsek eta Harkaitz Canok gidoia idazteko. Aurkikuntza hori, edo bereziki horrek Euskal Herrian eta gure komunitatean eragin zuen halako mozkorraldia. Eta prestakuntza egin dugu Aranzadi zientzia elkarteko kideekin; Irulegin bertan izan gara, indusketa zuzentzen duen Mattin Aiestaran arkeologoarekin, ikusten noraino heldu diren, zer gertatu den... Guzti horrek idazteko pistak eman dizkie Ximun eta Harkaitzi, baina lantaldeari ere sentsibilitate bat, giro bat, eta nik esango nuke estetika bat ere eman digula. Ikusteko, baita ere, nola indusketa batean nolabait suntsitu behar duzun gainazalean dagoena azpikoa aurkitzeko; etengabeko aurkikuntza suntsigarri bat da, eta hori da gure pertsonaiekin ere planteatzen duguna, pertsonaiek bizi dituzten istorioekin.

Nola joan zineten osatzen pertsonaia horiek?

Ekipo guztia elkartu ginenerako, iazko urtarrilean, bazegoen testuaren zirriborro oso landu bat, testua ia osorik. Lauzpabost irakurraldi egin genituen urtarriletik maiatzera bitarte, eta hor hainbat gauza fintzen joan ginen; behin eta berriz taldean irakurriz testua. Bertan ziren Harkaitz eta Ximun, soinua daraman Xabier Erkizia, argiztapenarekin dabilen David Bernues... Eta denok hasieratik egin ditugu testuaren gainean ekarpenak, ikuspegi desberdinak, eta horren arabera joan gara ehuntzen eta moldatzen hasierako testua. Pertsonaiei dagokienez, aktore gisa beti eramaten duzu zuk nolabaiteko ideia bat, baina gero hori erabat moldatzen da zure beste lankideek duten ikuspegiarekin; azkenean hor osatzen dira pertsonaiak, ez da zuk duzun ideia, baizik eta besteak ere zutaz daukatena, elkarrizketan sortzen dena, soinua sartu denean, jantziak sartu direnean... eta geruza guzti horiek joan dira pertsonaia fintzen. Zuzendaritzaren ikuspegi zorrotzarekin; Ximunek horretarako badu, nire ustez, dohain oso on bat, bera ere aktorea da, eta lan egiteko oso ikuspegi zuzena, zorrotza eta aberasgarria du.

Zer esanahi dauka zuretzat Axut! eta Artedramarekin aritzeak?

Handia da Artedrama eta Axutekin proiektuetan parte hartzea, Euskal Herrian oso gutxitan dugulako aktoreok aukera horrelako proiektu handietan parte hartzeko, non zazpi aktore oholtzan gauden eta hogei lagun baino gehiago ekoizpenean. Hori oso konplikatua da gure sektorean. Beraz, alde profesionaletik kristoren plazera da; oso ongi zaindua sentitzen zara, eta gozamena da halako proiektu batean parte hartzea. Eta alde sortzailetik badakizu Artedramak eta Axutek elkarrekin egiten dituzten proposamenetan beti aukera izanen duzula dena emateko; sortze ikuspegi batetik, beti eskaintzen dizu aukera oso gozamenez sortze prozesu batean sartzeko eta dena emateko. Niretzat beti plazer bat da.

Larunbatean, 20:00etan, izango da 'Nor naizen baneki' Amurrio Antzokian. Argazkia: ARTEDRAMA/AXUT

Zein da Artedrama eta Axuten zigilua? Zein da bereizgarria?

Uste dut antzerki konprometitua dela, herrigintzaz asko duen antzerkia. Gure ofizioa da, gure lana da, baina erdigunean gure komunitatea eta gure herria dago, eta ikuspegi hori oso inportantea da egiteko maneran, antzezlana pentsatu, ekoiztu eta zabaltzeko maneran, eta baita edukietan eta kontatzen diren gauzetan ere. Gure herriaz mintzo gara, gure hizkuntzaz, gure komunitateaz, eta guzti hori egiten dugu gogoetak pausatzeko, eta nolabait trinkotze hori aberasteko; gure hizkuntzak eta herriak behar duen zabaltze eta trinkotze hori aberasteko. Uste dut horiek direla zigilua: konpromisoa, herrigintza, euskara... Eta, nola ez, poesia eta estetika ikuspegi sortzaile eta artistiko interesgarri batetik planteatzea.

Kantuak zer garrantzia du obran?

Euskal Herriko historian duen garrantziaren isla da. Gure herriko kondairak, istorioak eta penak kantuaren bidez transmititu dira, eta oso inportantea zen kontakizun epiko honetan, harri bat altxatu eta bi mila urteko historia agertzen den kontakizun honetan, kantuak presentzia bat izatea, antzinako trobadoreek bezala ia-ia, edo Grezia klasikoko obretan bezala kantuak betetzen duela ikustear dagoenaren iragarpen bat. Kantu guzti hauek joaten dira kontakizunean beste geruza bat gehitzen, eta osatzen ikusi berri dugun eszena hori... Horretarako oso aberasgarria izan da Garazi Navasekin egin dugun lana. Berak lagundu digu kantak nolabait eszenan eta ekintzan kontatzen dugunaren alde jartzen, ahotsarekin esperimentatuz, kanta ez dadin izan parentesi edo petatxu bat.

Euskal antzerkian indusketa bat egin behar bazenu hemendik eta urte batzuetara, zer topatuko zenuke? Nolako erradiografia?

Aurkituko nuke erradiografia bat non ikusten den proposamen oso sendoak egiten zirela, espazio fisiko handiekin antzerkia eskaintzeko, eta agian erabileran ikusiko genuke besaulki guztiak ez daudela horrenbeste urratuak... Jendea joaten zen, baina agian ez behar zuen guztia eta aukera zuen horietan guztietan. Ia hori aldatzen ahal dugun etorkizunari begira, eta ia hemendik 1.000 urtetara gure antzokiak induskatzen dituztenean besaulkiak erabat urratuak dauden, bertan bizipenak, emozioak, ispiluak eta galderak pausatuak izateko plazerez joan delako jendea.

"Euskal Herrian oso gutxitan dugu aktoreok aukera halako proiektu handietan parte hartzeko"

'Nor naizen baneki' egin aurretik, besteak beste, 'Eresia' egin zenuen ia hiru urtez. Zure lanik pertsonalena izan da?

Bihotzean eramaten den lan horietako bat da. Oso proposamen pertsonala, berezia, intimoa izan zen, eta publikoarekin partekatzea oso ariketa zintzoa izan zela uste dut, ikusi zuen orok hala sentitu zuela. Doluaz mintzo ginen, bereziki amaren heriotzaz, eta uste dut gertuko norbaiten heriotza bizi duen edonork identifikazio oso zuzena sentitzen zuela. Non geratzen zaigun dolu hori, nola daramagun, nola eta noraino ukitu eta eraldatzen gaituen bizitza osorako jada... Harrera hori oso polita izan zen, nolabait tabua eta intimoa den gauza batekin halako komunio txiki bat edo osatze kolektibo bat ematen zelako emanaldi bakoitzeko.

Eta, honen ostean, zer etorriko da?

Beti daude gauzak. Sortzailetzat dut nire burua, eta beraz nire proiektuak egiten ditut, eta tartean beste lagun eta kide batzuekin. Antzezlan txiki bat sortu nahi dugu; Apoloren genealogia jarri diogu momentuz izena. LGTBIAQ+ kolektiboari ukatu zaigu memoria gordetzeko, izateko eta transmititzeko eskubidea, eta urratuak izan zaizkigu gure bizitzak, bizipenak, desioak, espektatibak, ametsak... horiek fabulatzeko eta fikzionatzeko artefaktu eszeniko bat sortu nahi dugu. Ikerketa fasean nago, Maialen Diaz dramaturga bikainarekin batera. Zer gertatuko litzateke gaur egun halako pertsonaiaren benetako desirak, orientazioak gordeko bagenitu eta memorian presente egongo balira?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago