Atzoko mobilizazioaren ondoren, Arabako lehen sektoreak bigarren jardunaldia izan du gaur Gasteizen. Goizean goizetik, dozenaka traktore eta manifestarik hartu dute Gasteiz erdigunea, Eusko Jaurlaritzatik Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara bidean. Mercosur itunari uko egitea exijitu dute han, eta ez dadila itunaren aplikaziorik onartu Europako Justizia Auzitegiak epaia eman arte.
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariari helarazi dizkioten aldarrikapenen artean, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko ituna indargabetzea galdegin dute, eta zuzenean Espainiako Ministerioari Bruselan itunaren aurka bozkatzeko eskatu diote. Haien esanetan, akordio honek "kalte konponezina" ekarriko lioke sektoreari eta elikadura subiranotasunari.
Abeltzaintzaren egoera ere hizpide izan dute, bereziki gaixotasunen kudeaketari dagokionez. Sektoreak kezka handia agertu du "hutsune sanitarioak" gerta litezkeelako mendi komunaletan, eta horrek ekarriko lukeen kolpe ekonomikoagatik. Hala, muga kontrol zorrotzagoak eta behi azienda guztiarentzako txertoa exijitu dute, Araba Frantziatik datorren animalia garraiorako igarobide nagusia dela gogoraraziz.
Mahatsaren eta ardoaren sektorean ere neurriak eskatu dituzte; zehazki, mahasti berriak landatzeko laguntzak beharrean, borondatez kentzeko eskubidea lehenestea. Horrez gain, burokrazia gutxitzea eta Europako funtsak bakoitzaren beharren arabera kudeatzeko autonomia handiagoa aldarrikatu dute. "Ezin dugu ordenagailu aurrean soroan baino denbora gehiago pasatu", adierazi dute oharrean.
Nekazariek kalitatezko elikaduraren aldeko apustua eta landa eremuaren biziraupena bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Ohartarazi dutenez, Nekazaritza Politika Bateratu (PAC) berriaren murrizketekin eta Europako aurrekontuen egungo norabidearekin, ezinezkoa izango da belaunaldi arteko erreleboa sustatzea eta herrien despopulazioari aurre egitea. Ekoizpenari balioa emango dion "ordainsari duina eta lurraldeari lotutako produktuen defentsa" izan dira gaurko azken aldarriak.
