Europako Legebiltzarrak Mercosur akordioa gelditu arren, kalera irten dira gaur Arabako nekazariak eta abeltzainak, UAGA eta Ataca elkarteek deituta. Ostegunean, 10:30ean aterako dira traktoreak Eusko Jaurlaritzatik, eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaraino joango dira –Frai Francisco pasealekuan–. 12:00etan egingo dute agerraldia eta bitartean traktoreak Mendizabalan aparkatuta geratuko dira.
Mercosurreko akordioa behin betiko deuseztatzeko aldarriarekin batera, Solariak iragarri berri duen beste 19 parke fotovoltaikoen aurkako jarrera argi utzi nahi dute Arabako nekazari eta abeltzainek. "Solariak gure lurra berenganatu nahi du bere negozioetarako eta bitartean, administrazioek alfonbra gorria jartzen diete hori lortzeko", salatu du UAGAk. "Konpainia energetiko guzti hauek lehen sektorea gutxietsi egiten dute eta gu guztion bideragarritasuna arriskuan jartzen dute", gaineratu du sindikatuak.
Abeltzaintza kolpatzen ari diren gaitzen aurrean administrazioaren kudeaketak ere lehen sektorearen haserrea piztu du. Hala, dermatosi nodular kutsakorrarekin zenbait administrazioren "kudeaketa txarraren erruz", abeltzaintzako baserrien etorkizuna kolokan jarri dutela esan du UAGAk.