LANBIDE TRADIZIONALAK

Mandazainak, bideari eutsiz

Erredakzioa 2026ko martxoaren 1a

Irudia: LANDER VARONA

Mando eta bestelako abereen bitartez produktuak garraiatzeaz arduratzen ziren mandazainek garrantzi handia izan dute herrietako ekonomian, haien esku izan baita merkataritzaren zati bat, bereziki gurdien pasabidea ezinezkoa egiten zuten bideak erabil behar zirenean.

Bi eskualde banatzen dituzten mendilerroen kasuan, beren jarduna bereziki zabala izan zen. Kasurako, Toloño eta Kantabria mendilerroak zeharkatzeko 22 mendate txiki identifikatuta daude. Horietan zehar, mandazainek ikatza, arraina, olioa, karea edo ardoa garraiatzen zuten. Gaur egunera arte mandazain horien oroimena bizirik mantendu dute, urtean behin egiten baitute Logroñotik Villafriaraionoko bidea; Lagrango biztanleek, baita ere, Guardiarainoko ibilbidea egiten dute. Hogei urte baino gehiagoz mantendu den oroitzapen tradizio honetan, lagrandarrek patatak eta ikatza ekartzen dituzte, eta guardiarrek saski bat oparitzen diete bueltan.

Batzar Nagusietan 1511n jaso zuten Logroñoko agintarien aldetik Villafriako mendatea atontzeko eskaera. Modu horretan, Nafarroako Erresumaren esku zeuden La Aldea eta Lapoblación mendateak saihestea lortu zuten, nafarrentzako zerga horiek ekidinez. 1792an diseinatu zuten Herrerako mendatearekin, Villafriako bidea ahaztuta geratu zen, inguruetako herrientzat ezik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago