LANBIDE TRADIZIONALAK

Otarregileak Lautadan

Erredakzioa 2026ko otsailaren 21a

Irudia: LANDER VARONA

Supermerkatuetan plastikozko poltsak kobratzen hasi aurretik, edo supermerkatuak eta plastikozko poltsak existitu aurretik, otarreak izaten ziren gauzak garraiatzeko tresna.

Etxeko lanetarako oso erabilgarriak izateaz gain, ereiteko orduan hazia purraka botatzeko erabiltzen ziren otarreak, edo karramarroak arrantzatzeko, perretxikoak biltzeko… Arabako Lautadan, Agurainen bereziki egon zen otarregile ugari. Bertako gazteleran zuma euskal izena mantendu da gaztelerazko mimbreari esateko. Zumitzezko otarreak aspaldidanik egiten baziren ere, 1922an Zumarragako industrial batzuek fabrika bat ezarri zuten Agurainen, eta 40 bat lagun aritzen ziren bertan, inguruko herritarrentzako otarreak sortzen. 

Inguruko zonalde erdi-zingiratsuetan biltzen zuten beharrezko ihi eta zumitza, Legutioko plantazioetan gehienbat, eta Gazeotik gertu. Molde batzuk eredu gisa hartuta, eta mailuz, puntzoiz, zerraz, artazi eta tenazaz lagunduta osatzen zituzten otarreak. Zumitza pare bat orduz uretan busti ostean, nahikoa biguntzen zen landu ahal izateko. Aguraingo karmeldar oinutsetako mojek ere sortzen zituzten otarreak, enkarguz, komentuaren barruan. 1974an itxi zen Aguraingo fabrika, baina hainbatek jarraitu zuten artisau lanetan hurrengo hamarkadetan ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago