Zuluetaren iragan esklabista salatzeko plaka izango du Arte Ederren museoak

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 28a

Esklabotzatik lortutako diruz finantzatu zen egun Arte Ederren museoa dena. Argazkia: Irekia

Elkarrekin Podemosek Arabako Foru Gobernuarekin lorturiko akordioan jaso dute neurria. Abuztuaren 23an jarriko dute plaka, Esklaboen Salerosketaren eta Haren Abolizioaren Nazioarteko Egunean.

Arabako Arte Ederren Museoaren sarreran plaka oroigarri bat jarriko da abuztuaren 23an, Esklaboen Salerosketaren eta Haren Abolizioaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Elkarrekin Podemos IUk bultzatutako ekimenari esker, Zulueta familiaren iragan koloniala eta esklaboen salerosketarekin lotutako aberastasun metaketa azalduko ditu plakak. Neurria indarrean jartzea bermatuta zegoen koalizioak PSE eta EAJrekin sinatutako aurrekontu akordioan jasota zegoelako, eta hala, Arabako Batzar Nagusiek onartu dute esklabotzaren ondorio historikoak herritarren memorian txertatzeko urrats hau.

Gaur egun Arte Ederren Museoa hartzen duen Zulueta jauregia Elvira Zuluetak eta Ricardo Augustinek eraiki zuten, Elvirak bere aita Julian de Zuluetaren herentziatik jasotako kapitalari esker, hein handi batean. Julian de Zulueta XIX. mendean Kuban esklaboen trafikoan aberastu zen, eta Habanako alkate izatera iritsi zen, garai hartan uharteko pertsonarik aberatsena bihurtuta, nahiz eta esklabotzaren jarduera legeak debekatua zegoen jada ordurako. Antzeko zerbait egin zuen Elviraren anaiak, Alfredo Zuluetak, familiaren ondare kolonialetik eratorritako funtsak erabiliz egun Olentzero hartzen duen jauregia eraikitzeko.

Injustiziari aitortza

Onartutako testuaren arabera plakan honako mezua agertuko da: "Gaur egungo Arabako Arte Ederren Museoa eraikitzeko erabili zen kapitala Julian de Zuluetak utzitako herentziatik dator, esklaboen salerosketarekin eta XIX. mendean Kuban egindako ustiapenaren bidez dirutza eta aberastasun handiak metatzetik. Oroitzapen plaka hau esklabotza desagerrarazteko eta maila globalean esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren aurka borrokatzeko erabiltzen da".

Elkarrekin Podemos IUko bozeramaile David Rodriguezek azaldu duenez, "beharrezkoa da errealitate historiko hori Arabako Arte Ederren museoaren sarreran ikusaraztea, esklaboen merkataritzaren tragedia Arabako herriaren memorian inskribatzen laguntzeko". Rodriguezek gogorarazi du esklaboen trata "gizateriaren historiako pasarterik tragiko eta lazgarrienetako bat" dela. "Bizitzak, familiak, herrialde osoak suntsitu zituen. Sufrimendu hori imajinaezina da, eta are gehiago pentsatzea zenbat pertsonek egin zuten negozioa min horrekin guztiarekin".

Plaka abuztuaren 23an jarriko da, nazioarteko oroitzapen eguna baliatuz, eta koalizioaren arabera, "tragedia hori Arabako herriaren memorian modu iraunkorrean inskribatzeko" balioko du, baita gaur egun ere munduan zehar pertsonen esplotazioaren eta salerosketaren aurka borrokatzeko beharra azpimarratzeko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago