Haien pausoek markatu zuten ohol bakoitza, larrain bakoitza eta kanal bakoitza. Eguzkia eta haizea irakurtzen ikasi zuten emakumeen ahotsez eta urratsez bete ziren mendeetan zehar Arabako gatzaga ospetsuak. Egunsentian, lanbroa oraindik larrainetara atxikita zegoenean, hantxe zeuden. Gonak jasota eta eskuen azala zaildurik, ur gazia zurezko kanaletatik gidatzen zuten, tanta bakoitzak bere bidea jarrai zezan. Presarik ez zegoen, baina atsedenik ere ez: gatzak ez ditu deskuiduak onartzen. Eguzkiak astiro egiten zuen lan, eta gazkinek bazekiten noiz kristal berriak astindu eta noiz utzi naturari lana egiten.
Irene Arauko, Gloria Iturralde, Asuncion Iturralde, Arantza Mardonez, Mari Gor, Agripina Perez, Saturnina Garcia eta Natividad Berge dira gaur arte iraun duen lanbidearen lekukoetako batzuk. "Oso txikiak ginenean jaisten ginen larrainetara, eskolatik ateratzen ginenean etortzen ginen, eta ondoren 14 urterekin gure kabuz hasi ginen gatza ateratzen; hogei bidaia egiten genituen egunero astean ehun pezeta irabazteko". Gatzak batzen zituen, mahai baten bueltan batzen garen bezala, eta lan kolektiboak komunitatea ehundu zuen.