LANBIDE TRADIZIONALAK

Aramaioko karobi galduak

Erredakzioa 2026ko otsailaren 14a

Irudia: LANDER VARONA

Nekazariek lurra gozatzeko kare bizia erabili izan dute mendeetan zehar. 

Baso izandako lurrak laborantzarako prestatzeko karea botatzen zuten, baina beste hainbat gauzetarako ere erabili izan zuten: ganaduaren kortak desinfektatzeko, hildako animaliak lurperatzean infekzioak galarazteko, baserrietako hormak zuritzeko, porlana egiteko edo fruta arbolen gerrian jarrita zomorroei adarretarako bidea mozteko. Aramaion ohikoa zen baserri bakoitzak bere karobia izatea, kareharria erre eta kare bizia sortzeko labea. Gau eta egun piztuta mantendu behar izaten zen karobia, sei egunez jarraian batzuetan, gero hozten utzi eta kare bizia atera arte. Garai batean edonon baliatzen zen teknika hura galtzen joan zen baina.

Batetik, XX. mendearen hasieran artoa eta garia landatzeari utzi eta lurrak ganaduarentzako erabiltzen hasi zirelako baserritar gehienak. Baina, batez ere, harrobien esplotazio industrialak desagerrarazi zuen karegintza. Aramaioarrentzat errazagoa zen harrobitik gurdikada bat kare ekartzea, karobia betetzen eta pizten hastea baino. Atzean gelditu dira Aramaioko bailara karearen kez estaltzen ziren garaiak, baina karobien arrastoak nonahi topa daitezke eskualdean, eta baita toponimian ere: Karobiondo basoa, Karikolanda, Karesolo, Karetxe baserria...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago