LANBIDE TRADIZIONALAK

Txalupariak, zubi lana

Erredakzioa 2026ko otsailaren 1a

Irudia: LANDER VARONA

Gutxienez XVI. mendetik ezagutzen dira Lapuebla de Labarcako txalupa zerbitzua arautzen zuten kontratuak, eta, horiei esker, jakin badakigu urtean behin txalupariaren postua enkantera ateratzen zela.

Horrek esan nahi du ondo baloratutako ogibidea zela. Kontratu horietan argi geratzen zen txalupariak bere zerbitzua eskatzen zuten guztiak artatu behar zituela, eta bidaiaren prezioa ezberdina zela lan egun edo jai eguna baldin bazen. Igandeetan ateratzen zen diruaren zati bat, gainera, herriko elizara zihoan. Ogibide hori bertan behera geratu zen XIX. mendearen erdialdera, 1864an eraiki baitzen Fuenmayorrekin lotzen zuen lehen zubia. Lapuebla de Labarcaren txalupa herriko izenean txertatuta egoteagatik gaurdaino iritsi bada ere, ez zen horrelakorik zuen herri bakarra. Gatzaga Buradonen, kasurako, horrelako batez baliatzen ziren gatzagetara joateko. 

Larrazubirena da beste kasu nabarmen bat. Kasu horretan, txaluparen jabetza elkarte batena zen, eta txalupariak egunero hartu behar zuen txaluparen giltza erregidorearen etxean. Herriko biztanleek egunero bost bidaia doan egiteko eskubidea zeukaten, eta gainerako zerbitzuek oso araudi zorrotza zuten. Gehienez 100 pezetako soldataz gain, txalupariak etxe bat izateko eskubidea zuen, baina baita txalupa 24 orduz zaintzeko beharra ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago