Donostiako Merkataritza Auzitegiak ondorioztatu du Elkar argitaletxeak Hertzainak taldearen grabazioak baimenik gabe zabaldu zituela hainbat plataforma digitaletan. Hala ere, ustiapena gertatu zen aldiaren zati handi bat preskribatuta dagoela iritzita, auzitegiak partzialki baino ez du onartu taldeko hiru kidek jarritako demanda. Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkeztu dezake Elkarrek Gipuzkoako Auzitegian.
Ebazpenak 21.473,05 euroko kalte ordaina aitortu die taldeko kideei, kalte ekonomikoengatik zein estres emozionalagatik. Auzitegiak baztertu egin du Mundu berria daramagu bihotzean lanari lotutako erreklamazioa, argudiatuta musikariek Batzorde Internazionalisten esku utzi zituztela disko haren eskubideak. Aldiz, Denboraren orratzak diskoaren eskubide fisikoak eta digitalak barne hartu ditu ebazpenak.
Hertzainakeko hiru kidek salatu zuten Elkarren jarduna ez zetorrela bat 1992an Oihuka disketxearekin sinatutako kontratuarekin. Garai hartan ez zegoen ustiapen digitalik aurreikusita kontratuan, eta gerora egin duten zabalpen digitala baimenik gabekoa izan dela salatu zuten. Auzitegiak argudio hori ontzat eman du, kontratuak soilik euskarri fisikoen fabrikazioa eta salmenta jasotzen dituela iritzita. Ebazpenak nabarmendu du ustiapen modu bakoitzak berariazko baimena behar duela eta ezin direla onartu eskubideen lagapen inplizituak.
Hala ere, auzitegiak preskribatutzat jo ditu 2018ko irailaren 6a baino lehen sortutako erreklamazioak. Ondorioz, 2018ko irailaren 7tik 2025era bitartean eragindako kalteak baino ez ditu onartu. Epailearen iritziz, musikariek ezin dute "ezjakintasun barkagarria" alegatu preskribapena saihesteko; batetik, musikari profesionalak direlako, eta bestalde, 2008tik streaminga delako musika ustiapenaren kanal nagusia, eta ordutik ez dutelako erreklamaziorik egin.
Kalte ordainaz gain, epaitegiak agindu dio Elkarri berehala gelditzeko baimenik gabeko ustiapen digital oro eta etorkizunean ere ez errepikatzeko eskubideen titularren baimenik gabe.