LANBIDE TRADIZIONALAK

Gauzainak, ordu txikietako zaindariak

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 25a

Irudia: LANDER VARONA

1830eko otsailaren 3an argitaratu zuten Gasteizko udaltzainen artean gauzainen lanpostuak betetzeko lehendabiziko iragarkia.

Zaindari nagusi bat eta zortzi sereno behar zituzten, eta eguneko zazpi eta bost errealeko soldata izango zuten, hurrenez hurren. Hiria zortzi barrutitan banatu zuten, gauez ere "lasaitasuna eta segurtasuna" bermatzeko prest ziren zaindariekin; Jose Oro, Hipolito Junguitu, Nemesio Urioz, Valentin Uralde, Juan de Osaba, Urbano Iturralde, Blas de Villaoz eta Vicente Perezek hartu zuten ardura, Santiago Nestares buru. Larruzko txapela jantzita, txilibitua zintzilik eta oliozko faroltxoa eskuan, gaueko kalekumeak etxeratzeko lana zuten, egungo guraso zorrotzenen pare. 

Ez zuten lan makala. Larrialdi kasuetan apaizari abisu eman, suteak eta borrokak autoritateei jakinarazi, eta tabernak ixtean bazterretan geratzen ziren mozkorrak etxera laguntzen zituzten, besteak beste; garaiko egunkariek Chimbos kuadrilla aipatzen dute behin eta berriz, eta ez, hain justu, etxeratzen lehenak zirelako. Mende bat baino gehiago iraun zuen gauzainen lanak, eta, bitxikeria moduan, berriz ere saiakera bat egin zuten 2006an, orduan enpresa pribatu batek kudeatuta. Arrakasta gutxi izan zuen, ordea, ez baitzuen babes ekonomiko nahikorik izan; urtebetean amaitu zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago