LANBIDE TRADIZIONALAK

Ogibide tradizionalen memoria berreskuratuz

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 24a

Irudia: LANDER VARONA

Mendeetan zehar, eta behar eta garaien arabera, askotariko ogibideak egon dira Araban. Sarri, biziraupenerako jardun osagarriak ziren, ogibide nagusia baino. 

Itsasotik urrun egon arren, ibai eta putzuetan arrantza jarduera garrantzitsua izan zen familia askorentzat. Zadorra ibaiak barboak, aingirak edota karramarroak eskaintzen zituen, eta arrantzaleak sareez, kanaberez eta trebeziaz baliatzen ziren uretatik ahal zutena eskuratzeko. Mendialdean, goseak bultzatuta, furtiboek ehiza isilpean egiten zuten; aisialdi modura ez zuten egiten, noski, eta basoko langiletzat har genitzake egun, bizirauteko galeperrak edo pagausoak harrapatuz.

Emaginek ere aztarna sakona utzi zuten: Antonia de Zestaun bezalako emakumeek ehunka jaiotza lagundu zituzten, nahiz eta lanbidearen prestigioa pixkanaka galdu eta kirurgiaren eskuetara igaro. Zaintzaren historian, inudeek rol garrantzitsua izan zuten: Arabako emakumeek errege printzeei bularra eman zieten, Espainiako gortean bereziki estimatuak izanik. Gauzainak, berriz, Gasteizko kaleetan segurtasuna bermatzen zuten, faroltxoa eta txilibitua eskuan, mozkorrak etxeratzen eta suteak gertatzekotan abisua ematen. Landa eremura bueltatuz, nekazariek kare bizia erabili zuten lurra lantzeko eta baserria garbitzeko, eta hori lortzeko karobiak piztuta mantentzen zituzten sei egunez jarraian. Mendialdeko emakume ikazkinek, bestalde, astoak eta saskiak lagun, Errioxarako bide luzeak egiten zituzten ikatza saltzeko. Mandazainek, berriz, mendateetan zehar ikatza, ardoa eta olioa garraiatzen zituzten, garaiko merkataritza bizirik mantenduz.

Otarregileek zumitzezko saski sendoak sortzen zituzten Agurainen, eta txalupariek Ebroko urak zeharkatzen zituzten herriak lotzeko, zubiak eraiki ziren arte. Lanbide hauek ez dira soilik iraganeko irudiak: gure historiaren parte dira, gure herrien nortasuna eraiki dutenak. Egutegi honek oroitzapen horiek berreskuratu nahi ditu, belaunaldi berriek jakin dezaten nola bizi eta lan egin zuten gure arbasoek, beharrez eta ausardiaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago