Euskaltzaindiak 'Cantabria' izendapena onartu du

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 16a

Euskarazko testuetan 'Cantabria mendilerroa' erabiltzea zilegi izango da aurrerantzean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Erakundeak gaur ezagutzera eman duen 201. arauaren barruan, arauzko aldaera gisa jaso du izendapena.

Euskaltzaindiak Cantabria mendilerroa izendapena onartu du ofizialki, gaur ezagutzera eman duen 201. arauaren barruan berariaz hala jasota geratu baita. Hala, hemendik aurrera, Mendialdea eta Arabako Errioxa bereizten dituen mendilerroa izendatzeko Toloñoko mendilerroa, Toloño mendilerroa, edo Cantabria mendilerroa erabiltzea zilegi izango da Euskaltzaindiaren araberako izendapena erabiltzen duten hedabide, argitalpen eta bestelako erakundeen artean. 

Dagoeneko ofiziala zen nahieran izendatu ahal zela mendilerroa IGN Institutu Geografiko Nazionalak uztailean egindako ebazpenean oinarrituta, baina orain arte Euskaltzaindiak Toloño baino ez du onartu. Orain, Cantabria izendapena ere jaso du arau ofizialean. Bestetik, fitxa onomastikoan alonimo gisa jasota dagoen terminoa idazterakoan C hizkiaren alde egin du Euskaltzaindiak.

Cantabria Mendilerroaren aldeko plataformak beti eskatu du mendilerroaren bi egitura geomorfologiko nagusiak bereiztea, beren kokapenaren arabera. Hots, Toloño izendapena erabiltzea Conchas de Haro eta Rivas de Tereso (Errioxa) mendatearen arteko segmenturako eta Cantabria Rivas de Teresoko mendatearen eta Lapoblación (Nafarroa) haitzaren arteko mendilerroaren zatirako.

Halere, instituzioetan egin diren aurrerapausoekin pozik azaldu da plataforma orain arte egin dituen adierazpen publikoetan —besteak beste, Arabako Batzar Nagusiek eta Jaurlaritzak eskatu dute toponimoa berreskuratzeko—, sinetsita daudelako  "mendilerroaren bi aldeetan bizi diren milaka pertsonen kultura ondarearen parte den toponimo bat ofizialki" aitortu beharra dagoela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago