Omecillo ibaian gaude, Espejon, eta gure gaurko gonbidatua martin arrantzalea (Alcedo atthis) da, gure ibaietako hegazti ezagunenetako bat. Oso deigarria da kolore urdin eta laranjengatik. Ez da txolarre bat baino handiagoa, baina buru handia du, eta moko luzea, arrantzatzeko erabiltzen duena.
Egun on, Martin! Azalduko diguzu nor zaren?
Erreketako arrantzalerik onena naiz, herri bozketaren arabera, horregatik "arrantzalea". Baina oraindik ez dakit nondik datorkidan Martin izena... Antza denez, antzinako frantsesean, azaroaren 11 inguruan (San Martin eguna) iristen ziren hegazti migratzaileentzat erabiltzen zuten Martinet-pêcheur izen galiarra, eta gero niri eman zidaten. Gehiago ikertu beharko dut.
Nola ezagutu zaitzakegu?
"Izpi urdina" bezala ezaguna naiz, ibaien ertzetan dabiltzanak ustekabean harrapatzen ditudalako abiada bizian hegan pasatzen naizenean, tximistaren distira dirudien nire lumaje urdin elektrikoarekin. Hanka gorri oso txikiak ere baditut, eta atzapar fusionatuak. Koloretan ahaide urrun batzuk bakarrik lehiatu daitezke nirekin, karrakak (Coracias garrulus) eta erle txoriak (Merops apiaster), baina udaberrira arte Afrikara joaten direnez, neguan kolorearen erregea naiz! Beraz, hilabete hotzenetan txori urdin ikusgarri bat ikusten baduzu, litekeena da ni izatea.
"Ispiluko hegaztia" ere deitzen dizutela entzun dugu.
Bai. Nire mokoak ura ukitzen duenean nire gorputz osoa ur azalean islatzen da, ispilu baten kontra talka egingo balu bezala. Tira, ikusgarria izan behar da.
Non bizi zara Martin?
Ia egun osoa ur gainean, adarren batean ematen dut, arraintxoren bat eskueran noiz jarriko zain. Orduan, ziztu bizian abiatzen naiz, uretan pulunpatzen naiz, eta gehienetan janaria arazorik gabe harrapatzea lortzen dut. Uretatik urrun ikusten banauzu, bidaian nago.
Zein leku dituzu gustuko? Urte osoa ematen duzu Araban?
Araban bizi naiz, baina batzuetan, nire ibaia lehortzen bada, lekuz aldatu behar izaten dut, eta beste ibai edo hezegune bat bilatu, arrantzatu ahal izateko. Inoiz urrutira ere bidaiatu behar izan dut ura zikindu egin delako eta arrain guztiak hil direlako. A zer zoritxarra! Neguan ez da hainbesteko arazoa txitak ez ditugulako hazi behar eta beste ibai batzuetara joan gaitezkeelako, baina udaberrian eta udan alde egin behar badugu ez dago txitak elikatuko dituen inor.
"Egun osoa adarren batean ematen dut, arraintxoren bat eskueran noiz jarriko zain"
Zein da zure dieta? Zein duzu menurik gogokoena, Martin?
Gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko nik neuk harrapatzen dudana jaten dut. Asko gustatzen zaizkit arraintxoak, uretan pulunpatzen naiz abiadura handian eta harrapatzen ditut. Uretan bizi diren intsektu edo krustazeo txikiak ere gustatzen zaizkit. Horregatik osasuntsu dauden ibai edo hezeguneetatik hurbil bakarrik bizi naiteke, barruan bizitza oparoa duten inguruetan. Oso arraroa da ni ur-ertzetatik urrun ikustea.
Nolakoa da egun normal bat zure bizitzan?
Udazkenean eta neguan lasai bizi gara, ibaian gora eta behera arrantzan. Hotz handia egiten badu eta ura izoztu egiten bada, maletak egin eta hegoalderago joaten gara, arraintxoen bila. Araban ez da horrelakorik gertatzen, baina Europako iparraldean bai; orduan hango gure anai-arrebek maletak egin behar dituzte eta ez da harritzekoa hemen agertzea erdi gosez hilda. Orduan nola edo hala egin behar dugu, eta janaria beraiekin partekatu. Negu garaian nahiko lasaiak gara, baina beroa hurbiltzen denean lurralde sena sartzen zaigu, eta izaera txarra; eta nahiago dugu bakarrik egon, beraz, atzerritarrak botatzen saiatzen gara eta beren ibaietara gogoz kontra itzultzera behartzen ditugu.
"Japonian gure mokoaren forma hidrodinamikoan inspiratu dira bala trena diseinatzeko"
Hitz egin dezagun familiaz. Nola hazten dituzue zuen txitak?
Udaberrian eta udan txitak nire bikotekidearekin batera haztea gustatzen zait. Troglodita moduan hazten ditugu: ertz batean ezponda bertikal bat topatzen badugu zulo horizontal bat egiten dugu, eta atzealdean ganbera txiki bat egiten dugu, sei edo zazpi arrautza txitatzeko. Txitak jaiotzen direnean gogor lan egin behar da elikatzeko: "arrain handiegia eman didazu eta ezin dut irentsi", "anaiari burruntzien larbak ekarri dizkiozu eta nik oraindik ez ditut probatu", "txikia oso astuna da eta denok zapaltzen gaitu"... Tira, zer kontatuko dizut! Dena ondo bidean, eta akituta ez bagaude, prozesua errepikatuko dugu eta urtean bi txita talde aterako ditugu aurrera. Izan ere, seme-alaba asko izan behar ditugu, hamar txitatik hiru bakarrik iristen baitira heldu izatera.
Familiaren zaintza partekatzen duzue?
Nahiko ondo banatzen dugu lana bion artean, eta oso arduratsuak gara gure seme-alabekin, ez kuku hori bezala, besteei arrautzak sartzen dizkiena eta jaten emateari eta heziketari muzin egiten diona... Galdetu, galdetu, hortik ea zer esaten dizuten… Ezagutzen dut txinbo bikote bat auzoan bizi dena, hemen gure habiaz harago dauden bi zuhaixketan; azken bi urteetan kukuak bere habian arrautza bat sartu du. Arraioa! Kontu handiz ibili behar da gaur egun.
"Nire bizkarreko urdin elektrikoa trikimailu bat da; nire lumak marroiak dira"
Zer arriskuri aurre egin behar diozu egunerokoan?
Ibai eta erreken inguru hurbilean bakarrik bizi naitekeenez, ur osasuntsuak eta landaredia duten ibaiertzak behar ditut. Ura zikina dagoenean, desbideratzen dutenean, pilatzen dutenean, edo euririk egiten ez duenean gosez hil naiteke. Neguan beste leku batzuetara joan naiteke bizi baldintzak okertzen badira, baina udaberrian eta udan etxeko egonkortasuna behar dugu txitak hazteko, gose baitaude beti. Gainera, ibaien ertzak kanalizatzen edo degradatzen direnean habia jartzeko tunela egiteko tokirik gabe geratzen gara, eta habiarik gabe ez da ispiluko hegaztien hurrengo belaunaldirik.
Beste animalien erasoak ere jasaten dituzula entzun dugu, Martin. Zeintzuk dira horiek?
Basoko mamuak ere badaude, deskuidatzen zarenean gainera etortzen zaizkizu eta munduari agur esan diezaiokezu. Okerrena gabiraia da, zein trebea den morroia! Ez duzu ikusten etortzen, itzal bat bezalakoa da, adarren artean hegan egiten du zaratarik egin gabe, iaz gutxigatik libratu nintzen! Aztorea ere arriskutsua da, baina zorionez nahiago du birigarroak, zozoak eta beste kide handiagoen atzetik joatea, txitxi gehiagorekin. Ni mokadu txikia naiz horrentzat. Denetarako jendea dago...
Behin ibai ertzetik nindoala, armiarma sare moduko batean jausi nintzen, ezin irten, di-da batean harrapatu egin ninduten, ahosabaia ere begiratu zidaten, eskumuturreko distiratsu bat jarri eta askatu egin ninduten. Gero jakin dut badirela gure osasunaz eta ongizateaz arduratzen diren gizakiak, hurbiletik aztertzen gaituztenak eta eraztun horiek zenbakiekin eta guzti jartzen dizkigutenak, "eraztunketa zientifikoa" esaten diote. Tira, onerako bada, dena zientziagatik, ea zerbaitetarako balio duen eta denok elkarrekin bizitzea lortzen dugun!
Kontatu sekreturen bat, Martin, ALEAko irakurleentzat.
Nire bizkarreko urdin elektrikoa trikimailu bat da. Nire lumak marroiak dira, ezer apartekorik ez, baina miniaturazko egitura batzuk ditut argia sakabanatzen uzten dutenak, eta zerua baino urdinagoa naizela dirudi. Niri magikoa iruditzen zait eta asko gustatzen zait! Bide batez, zeruak nire trikimailu bera erabiltzen du urdin sorta osoa erakusteko; Tyndall efektua deitzen diote, nik ez dut Google erabiltzen, baina zuek bilatu dezakezue eta ikusiko duzue zein harrigarria den. Ezezaguna den beste bitxikeria bat kontatuko dizut: gure espezieko emeek oso moko ederra dugu. Arrek moko polita dute, beltza eta sendoa, baina emeek are ederrago dugu, beheko masailezurra laranja delako. A! Eta hortik kontatzen dute Japonian, urrun dago Japonia gero, gure mokoaren forma hidrodinamikoan inspiratu direla bala tren ospetsua diseinatzeko.