Bero bakarra, elkartasunarena

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 20a

Duela 50 urte Aljeriak Mendebaldeko Saharako errefuxiatuei bost kanpaleku laga zizkien basamorturik idorrenean. Argazkia: © GUSTAVO BRAVO

'Oporrak bakean' ekimenari esker, denbora batez hemengo familiek haur sahararrak hartzen dituzte. Sandra Remon kazetariak gertutik ezagutu du ekimena, etxean bertan zein Aljeriako kanpalekuetan.

Mendebaldeko Saharako 170.000 errefuxiatu inguru bizi dira Tindufeko (Aljeria) bost kanpalekuetan, muturreko baldintza klimatikoetan. Jakina denez, 1975ean piztu zen egoera hori, Espainiak lurraldea utzi zuenean, eta Marokok okupazioa hasi zuenean. Egoera latz horretan dauden bertako haurrei arnas bat eman eta denbora batez beren bizitzak arindu nahian Afanis elkarteak Oporrak bakean ekimena antolatzen du urtero, haur horiek hemengo familietan artatzeko. Iaz Arabara 21 haur etorri ziren, eta horietako laurentzat lehen aldia izan zen. Aurten, gutxienez 30 izatea lortu nahi dute.

Sandra Remon kazetariak iazko urtearen hasieran izan zuen Saharako haurrak oporretan hartzeko kanpainaren berri, irratian gaiaren bueltan mintzatu zirenean. Elkartera jo zuen, informazio bila, eta modu horretan Aya neska sahararra ezagutu zuen.

Kalean disfrutatu

"Hemen egotean, haur sahararrek aukera dute kalera atera eta disfrutatzeko, eta, adibidez, aurrenekoz igerileku batean bainua hartu ahal izateko", aipatu du Remonek. "Pentsa bertan 50°C-ra arteko tenperaturak daudela, eta denbora gehienean ezin dira kalera atera". Modu berean, hemen daudenean elikadura orekatua jasotzen dute, beren jatorrizko tokian ez baitago elikagai egokirik.

"50°c-ra arteko tenperaturekin, gehienetan ezin dira kalera atera" Sandra Remon

Besteak beste, medikuarenera edo dentistarenera joateko aukera izaten dute, Osakidetzak haur horiek tratatzeko programa bat daukalako. Remonek azaldu duenez, sahararrek arazo larriak izan ohi dituzte hortzetan, eta hemen bederen hori bideratzeko oinarrizko tratamendu bat ematen diete.

Araba eta Saharako basamortuaren artean dagoen aldea ikaragarria da. Abendu honetan egindako elkartasun bidaia batean, Remonek lehen eskutik ezagutu du hango egoera, eta —biak argazkilariak izanik—, Gustavo Bravo bikotearekin batera bertako zenbait irudi ere jaso dituzte.

Hango baldintza klimatikoei egoera politikoa gehitu behar zaio. Izan ere, sahararrak bost kanpalekutan bananduta daude, eta beste kanpaleku batean dagoen familia bisitatzeko ere Protokolo deitzen den udaletxe batera joan behar dute, bertan egunero berritu behar den baimen baten bila.

Kanpalekuetan, segurtasuna oso zorrotza da, eta, eta, egoera horren ondorioz, ume sahararrak ia-ia ez dira herritik ateratzen.

Remon, Ayaren familiarekin, errefuxiatuentzako kanpalekuan. Argazkia: © GUSTAVO BRAVO

Ura, putzuetan

"Ez dute botikarik, hemendik eramaten zaizkienak ez badira. Gainera, nazioarteko elkartasunetik orain gutxiago jasotzen dute, munduan horrenbeste gatazka eta migrazio krisi egonda".

Ura ere arazo iturri da. "Ez dute ur korronterik. Algeriak ur putzu handiak betetzen dizkie, baina ura gehiegi fluoratuta dagoenez, hortzetako esmaltea berehala galtzen dute". Bertako bizi baldintzak beren gorputzetan islatzen direla azaldu du Remonek. "Heldu guztiek direna baino askoz zaharragoak dirudite, hango bizitza latzaren ondorioz". Jaterakoan, gehienetan arroza, pasta eta azukre asko duten teak baino ez dituzte hartzen. "Horregatik, haurrak hemen daudenean jasotzen duten elikadurak urte osoan aurrera egiten laguntzen die", nabarmendu du kazetariak.

Askotan, harrera familiaren eta Saharako familiaren artean lotura bat sortzen da.

Bertan bi etxebizitza mota izaten dituzte. Udan erabiltzen dituztenak haima tradizionalak dira, horiek direlako, hain justu, beren jaioterrira bueltatzeko erresistentziaren adierazlea. "Bertan uda osoa ematen dute, eta ia ez dira ateratzen. Hortaz, egunak amaigabeak egiten zaizkie".

Gauean, hotz

Baina denboraren poderioz solairu bakarreko etxebizitzak ere eraiki dituzte, beren kabuz, beti ere, oso baldintza kaskarretan, eta hor ematen dute negua. Egunez izugarrizko beroa egiten duen modu berean, gauez basamortuan hotz handia egiten du, eta, berokuntzarik ez dutenez, mantekin ematen dute gaua. Halere, egoera latza izan arren, Ayaren familian behintzat zoriontsuak direla dio Remonek. "Hau ez da guztien kasua, noski, arazo larriak dituzten familiak daudelako. Dibortzio eta abandonatze asko daude, adibidez. Eta, halakoetan, medikurik ez duten bezala, laguntza psikiatrikorik ere ez daukate".

Hango muturreko baldintza klimatikoei egoera politikoa gehitu behar zaie.

Ez da arazo bakarra, inondik inora. Kasurako, desgaitasun fisikoa dutenen kasuan, hara aurki gurpildun batzuk eraman dituzte, baina horiek etxe barruan baino ezin dituzte erabili, kalean harearekin ezinezkoa baita gurpildun aulkietan ibiltzea.

Kultura kontrastea handia da. Kasurako, bertan emakumeak direna baino lodiagoak daudela iradoki nahi dute. "Horretaz konturatu ginen Gustavo eta biok haien argazki erretratuak egiten ibili ginenean". Argazki horiekin Jardin Remotoko kideak erakusketa bat prestatzen ari dira.

Oporretatik harago

Sarri, harrera familia eta bertako familiaren artean mezularitza bitartez harreman bat mantentzen da urtean zehar. "Gauza asko ez dituzten arren, gaur egun bertan guztiek dute sakelako telefonoa, eta horrek komunikazioa errazten du". Harreman hori, askotan, gauza xumeekin mantentzen da. "Salburuan hegazti saldo bat grabatu, Ayari bidali, eta, hurrengo egunean, beste bideo bat bueltatzen dizu hegaztiekin, txantxetan esanez animalia horiek dagoeneko iritsi direla Afrikara".

Norabide horretan, haurrekin bizitako esperientziek eragin dute familia askok sahararrekiko elkartasuna indartzea. "Gasteiztarrak oso solidarioak dira. Adibidez, Presentación de María ikastetxean ehunka sudadera eman dizkidate, eta auzoko farmazialariak ere botikak eman dizkit, hara eramateko. Modu berean, arropa jasotzeko egin dudan beste ekimen txiki batean ehunka beroki eta bota jaso ditut".

"Jendea animatu behar da haur hauek oporretan hartzera", dio Remonek. Adin txikikoak izanik, logikoa denez, baldintza bakarra da sexu delituen aurrekaririk ez izateko agiri bat aurkeztea; afanis.org webgunera jotzea baino ez da behar informazioa jasotzeko, eta, animatuz gero, elkartearekin kontaktuan jarri eta ume horietako batekin momentuak partekatzeko. "Gainera, kontziliazioa errazteko, koloniak edo bestelako aukerak daude, eta elkarteak horiek finantzatzen ditu. Funtsean, etxean leku bat ematea da, eta mahaian plater bat gehiago jartzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago