"Oparirik preziatuena jolasteko behar den denbora ematea da"

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 20a

Ainara Hernandez eta Ruth Larrañaga, Larrea ikastolan. Argazkia: LARREA IKASTOLA

Komeni da jostailuak oparitzea? Zer ezaugarri izan beharko lituzke jostailu batek hezitzailea dela esateko? Nola aukeratu adinaren arabera? Zein dira akats ohikoenak?

Ruth Larrañaga eta Ainara Hernandez Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrekin aritzen dira, hurrenez hurren, Aguraingo Lope de Larrea ikastolan. Gabonak datozela eta, oparitzeko jostailuei buruz dituzten gomendioak jaso nahi izan ditugu.

Nola deskribatuko zenukete opariak egiteko daukagun kultura?

Gabonak beti izan dira momentu aproposa opariak jasotzeko, baina gaur egun nabariagoa da kontsumismoarekin duten lotura zuzena. Marketin kanpainak gero eta luzeagoak eta eraginkorragoak dira; ikusten dugu normalean garrantzi handiagoa ematen zaiola jasotzen dugun opari kopuruari, kalitateari baino. Eta normalean gehiegi izaten dira; etxe askotan gauza gehiegi daude.

Zer eragin izan dezake jostailu bat edo beste erosteak?

Haurraren garapenean jolasa funtsezkoa da. Jolasean dabilela haurrak sormena, irudimena eta hizkuntza garatzen ditu, eta estrategiak bilatzen ditu sortzen zaizkion oztopoei aurre egiteko. Jostailuak bitartekariak dira, baina ez ezinbestekoak. Jolasa errazten duten arren, haurrek ez dute jostailurik behar jolasa aberatsa eta bizigarria izan dadin. Jostailu bat aukeratu baino lehen argi izan behar dugu nolakoa eta zertarako nahi dugun. Aukeratzen dugun jolasak galdera honi erantzun behar dio: Zer behar du nire haurrak?

Haurraren garapenean jolasa funtsezkoa dela gogoratu dute irakasleek. Argazkia: LARREA IKASTOLA

Zeren arabera aukeratzen dituzue jostailuak?

Umearen garapenaren eta gustuen araberakoa izango da. Ezinbestekoa da kontuan hartzea mugimendua, lengoaia, irudimena eta sormena bultzatzen dituztenak, oso garrantzitsuak dira hauek. Ipuin edo liburuak beharrezkoak dira, eta galtzen ari da umeei irakurtzeko ohitura. Garrantzitsua da haiek txoko bat izatea irakurtzeko, erlaxatzeko. Ipuin eta liburuen kasuan, gainera, ezinbestekoa da ama hizkuntzaren oinarri sendo bat garatzen laguntzea, izan urdua, arabiera edo alemana.

Jostailu hezitzaileak agian ez dira hain erakargarriak umeentzat, publizitate gehiago duten beste jostailu batzuen aldean?

Umeekin telebista edo katalogoak ikustean, irakurketa kritikoa egin behar dugu haiekin batera. Haiek sinistu egiten dute iragarkietan agertzen dena, jostailu horrek sua botako duela, eta guk hor egon behar dugu esateko ez dela egia, ez direla hain handiak, soinuak ez direla hain potenteak... haiek ez dira kapazak bereizteko. Marketin eta publizitateak horrekin jolasten du askotan. Baina ez dugu ahaztu behar jolasak ondo pasatzeko direla, gozatzeko. Jolasaren barruan sormena garatu beharko da. Berdin zait Action Man bat hartzea; gero horrekin istorio polit bat sortzen badu, ongi etorria da.

Jarraitzen dugu jostailu arrosak eta urdinak izaten. Zer egin horrekin?

Neskekin egin da bide gehiago. Falta da oraindik, baina gehiago garatu da nesken rolen eztabaida. Orain maskulinitate ereduei buruz hitz egiteko unea da, eta aitek daukate hor zeresana. Askotan testosterona maila altu batekin lotzen dira jolasak, indarkeriarekin. Gure seme-alabak kultura bortitzean hezten ari dira, animalia basatiz, super heroiz eta borroka jokoz inguratuta. Pentsatu behar dugu zein mutil eredu sortu nahi dugun. Guk argi daukagu erantzuna. Bide honetan ari gara lanean, eta irizpide nagusi hori presente dugu jostailu edo jolasen aukeraketan.

"Pantailak goizegi jartzen dizkiegu haurrei, eta isolaturik geratzen dira logelan"

Zer gomendio emango zenituzkete jostailuak aukeratzeko?

Lehenengo, umearen gustukoa izan behar dela. Hori kontuan edukita, ekidingo genituzke sexuen banaketa duten jolasak, eta ipuinak edo liburuak kontuan hartu. Gabonak heldu aurretik, aproposa izaten da haurrekin batera etxeko jostailuen aukeraketa bat egitea. Erabiltzen ez dituzten jostailuak sailkatu eta hauekin zer egin adostu. Kontsumismoari buruz hausnartzeko aukera emango digu honek. Jostailuen kantitatea murriztea komeni da, ulertuta kantitateak ez dituela haurraren beharrak asetzen. Horretarako familia osoaren inplikazioa garrantzitsua izaten da.

Zer egin jostailu teknologikoekin?

Hamar urtetik gorakoekin, nagusitxoagoekin hasten gara jolas teknologikoekin, eta kontuan izan behar dugu jolasak ahalbidetu behar duela beste norbaitekin jolastea, ez isolatzea. Kaskoak, audioak, Nintendoak, horrelakoekin batzuetan isolaturik gelditzen gara gure logelan. Jokuak izan beharko lirateke beste batekin egin ahal izatekoak, ahal bada, eta aukeran kanpoan egin daitezkeenak.

Zein akats ikusi izan dituzue?

Pantailak goizegi jartzen dizkiegula. Eskolan ikusten dugu, haur batzuk lengoaia aldetik ez daude hain garatuta, duela zortzi urterekin konparatuta, geroz eta gehiago kostatzen da hizkuntza garatzea. Ikusten da nola aldatzen ari den jolasa. Lehen Legoekin jolasten zuten umeek, baina iloba batek atera zuen Nintendoa, eta orain elkartzen garenean umeak jada ez dira jolastera joaten, makinatxoa ateratzen dute. Hori kenduz gero hasten dira jolasten, sormena barruan dute, baina gailu teknologikoekin moztu egiten da.

Zer arrisku ekarri ditzake gailu teknologikoak oparitzeak?

Jarrera pasiboago batean jartzen dira umeak. Ikerketek ondorioztatu dutenez, pantailen erabilerak lengoaiaren eta arretaren garapenak oztopatzen ditu. Tresna hauek mugatzaileak dira, ez dituztelako sormena eta irudimena bultzatzen. Hamar urteak arte pantailak eta gailu elektronikoak ekidin beharko genituzke, eta mugimenduari eta jolasari bidea eman.

Adinaren arabera nola aldatzen da umeei komeni zaiena?

1 eta 3 urte artean motrizitatea eta hizkuntza bultzatzen dituztenak lehenestea komeni da, eraikuntza blokeak, perkusiozko musika tresnak, liburu interaktiboak, ipuinak, trizikloak, plastilina, oihalezko panpinak, ezkutatzeko egiturak... 4-6 urte artean, berriz, sormena, irudimena eta gizarte trebetasunak bultzatzen dituztenak: artea eta eskulanak, jolas sinbolikoa bultzatzen duten jostailuak, mozorroak, liburuak, ipuinak, puzzleak, ahozkotasuna errazten duten jostailuak, patinak... 7 eta 9 urte arteko haurretan lehenetsiko genituzke taldeko ikaskuntza, estrategia eta kooperazioa sustatzen dutenak, mahai jokoak, zientzia edo eskulan jokoak edo eraikuntza jolas aurreratuak, adibidez. Azkenik, 10-12 urteetarako logika eta estrategiarekin lotutakoak, eta gustu pertsonalak bultzatzen dituztenak, pintura kitak...

Jostailuren bat gomendatuko zenukete bereziki?

Oparirik preziatuena da umeari jolasteko behar duen denbora ematea. Gurasoekin edo gabe. Hainbeste kanpoko ekintza, etxerako lan, hainbeste exijentzia... eta jolasak denbora eskatzen du, arauak adosteko, eztabaidateko, arauak apurtzeko eta beste batzuk jartzeko... Hori guztia beste batzuekin batera egin behar da, eta denborarekin. Izan daiteke jolastokian, parkean... baina bakoitzak bere logelan ezin du. Haurtzaroa geroz eta motzagoa da, berehala hasten gara esaten pre-nerabea, gero nerabea... eta ematen du hamar urteko haur bat jada ez dela haurra. Haurra da, eta jolasa behar du, mundua esploratu, esperimentatu eta deskubritzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago