Garretan erreko dute urtea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 29a

Gebaran, Larrean eta Judimendin Errepuierrea ospatzen dute oraindik. JULENE KINTANA, AKE, JUDIMENDIKOAK

Sanjuanetako suaren inguruan biltzeko ohituraren antzerako ospakizunak egiten zituzten garai batean Araban, "urteari ipurdia erretzeko", abenduaren 31n. Gutxi dira Errepuierrea ospatzen dutenak egun.

  🔥 Erre, erre, zure gaitzak erre.Erre, erre, urte zaharrekoa erre.Erre, erre, erre beti erre. 🎶 
Ohiturak jarraituz, aurten ere, urteari amaiera emateko, 2025eko gauza txar guztiak sutan erreko dituzte Agurainen, Okarizen, Ezkerekotxan, Uribarri Ganboan, Larrean, Marietan, Gebaran, Aspurun, Alanguan edo Hermuan. Errepuierrearen ohitura Araban orain dela asko zabalduta dago, eta Lautadako hainbat herritan ospatzen dute gaur egun.

Gasteizko Judimendi auzoan ere berreskuratu zuten tradizioa orain dela urte dezente, eta abenduaren 26an egingo dute aurten. Urtean ahaztu nahi dituztenak paperean idatzi eta sutara botako dituzte, eta desioen zuhaitzean urte berriari zer eskatzen dioten zintzilik jarriko dute. Kalejira, musika, txokolate beroa eta gaztainak izango dituzte girotzeko.

Errepuierre festak "erre ipurdia erre" esanetik hartzen du izena, amaitutako urteari ipurdia erretzen diotela adieraziz. Ohitura zaharrean, abenduaren 31n, suak egiten zituzten herrietan eta umeek zahagi zaharrak piztu, makila baten puntan jarri, eta herri osoan zehar paseatzen zituzten, herriaren arabera aldatzen den abesti bat errepikatuz: "Errepuierre, quémale el culo al año viejo" (Gazeon), "Errepuierre, a quemar el culo a Putierre" (Amaritan), "Errepuierre, a quemarle el culo a Garraye" (Badaiako herrietan), "Errepuierre, a quemarle el culo a las mujeres" (Pipaonen),  "Errepuierre, a quemar el culo a la liebre" (Okarizen), edo "Errepuierre, a quemar el culo al regidor viejo" (Donemiliagan).

Bikearen babesa

Haurrak korrika eta kantari zihoazen herrian zehar, makila luze batean sutan eramaten zuten larru zatiaren eta bikearen usain handia utziz. Gainera, bikearekin ateak zikintzen zituzten, pasatzen ziren etxeetatik marka bat egiten zuten, etxea gaiztakerietatik, izpiritu gaiztoetatik, sorginetatik, iratxoetatik eta ekaitzetatik babesteko.

Errepuierrea gauza zaharrak "garbitzearekin" lotutako tradizioa dela interpretatu izan da gehienbat, baina basapiztiak uxatzeko beharrarekin ere lotuta dago. Uribarri Nagusian, kasu, errepuierrea ospatzeko arrazoietako bat erbinudeak uxatzea zen. Erbinudea gaizkiaren pertsonifikazioa zen herri askotan, eta uxatzeko metodo bakarra larru zaharrak, zapatak, zahagiak edo gomazko trasteak erretzea zen, usain txarrak basapiztiak uxatzen ei zituelako.

Panpinak, sutara

Errepuierrearekin batera ere, hainbat herritan, amaitutako urtea irudikatzen duen panpin bat edo batzuk erretzen zituzten eta panpinak, herriaren arabera izen bat hartzen zuen: Galerre, Kalerre, Putierre, Silvestre….

Garaion, kasu, mutilek monigote batzuk egiten zituzten, urte zaharra irudikatzen omen zutenak, eta erre egiten zituzten, "errepuierre" esanez. Badaiako mendilerroko herrietan, berriz, urteko azken egunean, iluntzean, su bat egiten zuten plazan; zahagi zaharrak, botak, oinetako zaharrak eta traste zaharrak erretzen ziren, elorri-triska eta egurrarekin.  Herrian elkartu eta panpin bat botatzen zuten sutara, herrian pasatutako gauza txar guztiak irudikatzen zituena. Guztia erretzen zen bitartean, eskutik helduta, suaren inguruan dantzan aritzen ziren. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago