Miriam Moreno Mexikotik etorri berria da Euskal Herrira, eta beiragile maisua da duela 25 urte. Mexikoko Arte Ederretako Institutuan eta Segoviako (Espainia) Granjako Kristalen Errege Fabrikan ikasi zuen lanbidea.
Beirak eta beirateak lantzeko Mexiko Hirian zuen lantegiaren makineria tokiz aldatzen ari da oraindik. "Orain dela bi hilabete erosi genuen etxea Villanañen senarrak eta biok, eta pixkanaka ari naiz lantegia berriro antolatzen", azaldu du.
Gaubeako tokiko ekoizleen merkatuan aurkeztu ditu lehen aldiz pieza batzuk. "Mexikon beirate handiagoak egiten nituen, Tiffany teknikarekin, beruneztatzea eta mosaikoarekin. Horretan aritu naiz gehienbat. Enkarguz egiten nituen beirate handiak, horma irudiak. Orain salmentarako piezak egiten ari naiz, hala nola eguzkiloreak koloretako beira zatiekin, eta lauburuak".
Euskal kulturari keinua egiten dioten beirez aparte, Q izeneko pieza bakarra ere aurkeztu du Gaubean mexikarrak. Labean egiten du eta hainbat mineral biltzen ditu, besteak beste, zilarra, kobrea eta kobaltoa. "Kristalaren barruan mineral horiek guztiak 800 gradutan urtzen ditut, nahasten den energia kontzentratzen da kristalean eta norbera babesteko balio duen apaingarri txiki bat lortzen da, gainean eraman dezakezuna, poltsan eraman dezakezuna…".
Gaubeako hilabeteko merkatuan parte hartzeaz gainera, helduei beira eskolak emateko proposamena ere jaso du Morenok.