Diseinu erakargarriak eta lan handia biltzen dira Arantza Moyaren poltsa eta motxila postuan, Gaubeako azokan. Tapizatzaileen oihalak erabiltzen ditu oinarri bezala, eta paperean marrazten dituen akuarelak edo ordenadore bidezko diseinuak plastikozko botilekin egindako oihal batean inprimatzen dizkiote. Marrazki organikoak, biribilak, loreak eta marrak dituzten diseinuak biltzen dira lacaravanadelsurf markaren barruan.
Lan artisaua egiten du Moyak, marrazten du, kolore frogak egiten ditu, josi, krisketak ipini… "2014an hasi nintzen markarekin. Orduan surf taulentzako zorroak egiten nituen eta horregatik du izen hori". Surflarien zorroak alde batera utzi, Gasteizen ireki zuen denda, eta motxilak eta poltsak diseinatzera eta fabrikatzera igaro zen. "Denda ireki baino lehen urte oso bat egon nintzen materiala bilatzen Mediterraneoko fabriketan, tapizeroetan. Material berezia behar nuen, iragazgaitza izan behar zen Euskal Herrian gaudelako, troteroa, ez oso garestia eta ordenagailuan inprimagarria".
Egindako lana saritu diote bezeroek. "Webguneari esker lan piloa daukat. Astean zehar ez dut denda irekitzen, herri txiki batean bizi garelako, baina asteburuetan joaten naizenean ilara dago dendan zain. Esan didate laguntza hartzeko eta lan gehiago egiteko, baina nik ez dut gehiago nahi, herri txiki batean bizi naiz, eta helburua beti izan da denbora izatea niretzat eta nirekin daudenentzat".