Pazientzia eta mimoa opari Gabonetan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 18a

Probintzia plazan Lan ta Lan hemengo eta hango artisauen postuak paratu dituzte. Argazkia: PHOT.OK

Gasteizko Urrezko Zeledonen plaza, Probintzia plaza eta Florida parkea bilakatuko dira urtarrilaren 6ra arte artisauen eta tokiko ekoizleen lanaren erakusleihoa. Gasteiz izaten da merkatu eskaintza osoena duena, baina gainerako udalerrietan ere azoka xumeagoak antolatzen dituzte, Laudion eta Amurrion kasu.

Herrialdeko herri nagusiek hurbileko merkataritza bultzatzen dute urteko une garrantzitsu honetan, zero kilometroko produktuak sustatuz eta herritarrak lanbide tradizionaletara hurbilduz. Horrela, Gabonetako merkatuak tokiko merkataritza, tradizioa eta jai giroa uztartzen diren espazioak bilakatu dira, eta bertakoentzako zein bisitarientzako topalekuak sortzeko gune bihurtu dira.

Arabako hiriburuak probintziako merkatu eskaintza osoena zabaldu du dagoeneko. Ehuneko ehunean artisaua da Lan ta Lan Artisautza Azoka, Arabako Artisau Elkarteak Probintzia plazan abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra arte antolatzen duena. Eskuz egindako produktuen erakusketa zabala eskaintzen du, zeramikazko piezetatik hasi eta bitxigintza eta kosmetika tradizionaleraino. "Asko dira pazientziaz eta maitasunez lan egiten duten eskuak azoka hau kalitatezko erakusleihoa bihurtzeko", azpimarratu dute.

Halaber, abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra, Florida parkeko Aenkomer elkarteko Gabonetako merkatua ezinbesteko hitzordu bihurtu da bertako produktuen bila dabiltzanentzat. Elikagaien eskaintza zabalaz gain, osagarriak, literatura eta Arabako produktu sorta zabala eskaintzen dituzten etxolak kokatu ditu merkatarien elkarteak izotz pistaren aurrean.

Gainera, abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra bitartean, Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan beste azoka handi bat dago, aurten tokiko eskulangintzako 35 postu biltzen dituena. Gasteizko Udalak antolatzen du eta opari bereziak erosteko aukera ematen du: arropa eta osagarriak, kosmetika naturala edo egurrezko tresnak, adibidez.

Proposamen iragankorragoak ere ez dira falta hiriburuan, hala nola Vital Fundazioak abenduaren 18an antolatutako Gabonetako Nekazaritza Azoka, lurraldeko elikagaietan oinarritua, eta abenduaren 19tik 21era Montehermoso jauregian egingo den Mazoka X. Marrazki Azoka.

Merkatuak Arabako udalerrietan

Gasteizek jarduera zabalena biltzen duen arren, Arabako beste udalerri batzuek badute Gabonetako eskaintza propioa ere. Proposamen txikiagoak izan arren, tokiko xarma berezia dute gehienek.

Amurriok abenduaren 19an ospatzen du Gabonetako Azoka, eta bertako produktuak, artisautza eta gastronomia eskaintzen dituzte. Juan de Urrutia plazan 50 lagunen postuak izango dira. Laudion, berriz, lehen sektoreari bultzada emateko helburuz, abenduaren 24an eta 31n baserritar eta artisauen merkatua izango da Aldai plazan, eta Gabonetako etxolak egongo dira, baita ere, Herriko Plazan, abenduaren 22tik 24ra arte, eta 26tik 31ra arte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago