Eusko Jaurlaritzak 2032ra arteko osasun azpiegitura eta ekipamenduen programa aurkeztu du gaur, Gasteizko Txagorritxu ospitalean egindako ekitaldi batean. Guztira, 1.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du erkidego osorako. Osakidetzako plantilla 2.000 lanpostu berrirekin handituko da.
Arabako ospitale arretari dagokionez, proiektu nagusia Txagorritxu-AUO ospitalea handitzea eta berritzea da. Zehazki, uda honetan amaituko da D hegaleko lehen fasea, eta berehala ekingo zaio bigarrenari. Guztira, 110,9 milioi euro bideratuko dira zentro honetara, arreta espezializatua modernizatzeko eta instalazioak hobetzeko. Hain zuzen, Jaurlaritzak Txagorritxu ospitaleko eredua zabaldu nahi du beste ospitaleetan, kontsultetara joaten diren herritarrak eta ospitaleratutako pazienteak bereizita.
Lehen Mailako Arretan ere inbertsio esanguratsuak egingo dira lurraldean. Araban, hiru osasun zentro berri eraikitzea aurreikusten dute: Gasteizko Alde Zaharra eta Olarizu auzoetan, eta Iruña Okan. Era berean, dagoeneko martxan dauden proiektuak azpimarratu dituzte, hala nola Laudioko osasun zentro berria (anbulatorio zerbitzua ere izango duena), Oionen amaitu berri duten zentroa eta Guardiako proiektuaren lizitazioa, 2026rako aurreikusita dagoena.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, teknologiari dagokionez, Arabako osasun zentro eta ospitaleek ekipamendu abangoardista jasoko dute diagnostikoak hobetzeko. Programa orokorrak 192,6 milioi euro gordetzen ditu erkidego osorako gailu berriak erosteko, tartean 16 OTA (tomografoak), 8 erresonantzia magnetiko eta 26 mamografo. Ekipo horien zati bat Arabako sarean banatuko da, minbiziaren eta gaixotasun kardiobaskularren detekzio goiztiarra bermatzeko.