Iruña Okako udalbatzak aho batez onartu du EH Bilduk aurkeztutako mozioa Eusko Jaurlaritzari eskatuz udalerriko osasun zentro berria lehenbailehen eraikitzen hasteko. Gogoratu dutenez orain dela urte batzuk lurzoru bat eskaini zion udalak Jaurlaritzari bertan osasun etxe berria egiteko, baina proiektuak ez du aurrera egin.
"Gabezia larriak" ditu gaurko osasun zentroak, udalaren irudikoz: "Berokuntza sistema eskasa, ohatiletarako irisgarritasun falta, egonkortze gela falta, altzari zaharkituak eta pribatutasun eta ergonomia baldintza egokirik gabeko administrazio eremua". Gaurko egoera horrek zuzenean eragiten die pazientearen segurtasunari, zerbitzuaren kalitateari eta osasun langileen ongizateari, udalak azpimarratu duenez. Halaber, osasun mentaleko eta komunitarioko zerbitzuen beharra indartzeko beharra dagoela esan du.
Bestalde, udalak berak eta Langraiz Okako errefuxiatuen zentroa kudeatzen duen CEAR elkarteak egindako azterlanen arabera aurreikusten da biztanleria asko handituko dela epe laburrean udalerrian, eta eskaera horri aurre egiteko behar bezala hornitutako osasun zentroa beharko da.
Hortaz, proiektua ahalik eta lasterren martxan jartzeko "borondate osoa" erakutsi du udalak. "Udala prest dago Osakidetzari lurzati berri bat eskaintzeko erdigunean, osasun zentro berria hartzeko eta tokiko gizarte eta osasun zerbitzuak zentralizatzeko eta optimizatzeko egokia".