ELAk handitasunez ospatu du Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan asteon sinatu duten Arabako erresidentzietako sektoreko lehen hitzarmen probintziala. Sektorearen ia %60 ordezkatzen duen sindikatuak azpimarratu du lau urteetarako akordioan jaso dela soldatak %32,5 igotzea, urteko lanaldia ehun ordu murriztea eta prekarietatearen aurkako hainbat neurri.
Alta, bakarrik sinatu du ELAk akordioa gainerako sindikatuek ez baitaude ados lehen hitzarmen probintzialean jaso diren hainbat aldarrikapenekin. LAB sindikatuak kasu langileen parte baten lan baldintzak okertuko direla kritikatu du, sinatu duten hitzarmenetik gora daudelako. "Borrokan egon diren langile askori kaltea egingo die hitzarmenak, eta hori onartezina da LABentzat. Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak galduko ditu berme juridikoak ez direlako onartu", esan du LABek.
Oinarrizko soldata
Gaineratu duenez, soldata igoerak ez ditu bermatzen hainbat kategorietan 1.500 eurora heltzea. "Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren aldeko borrokan 2026ko martxoaren 17an egingo duen greba orokorra iragarri eta hurrengo egunean, baldintza horietan sinatuko du ELAk akordioa, patronalen eta aldundiaren beharrei men eginez", salatu du LABek.
Herrialdeko lehen hitzarmenak hobekuntzak ekarriko dituela aitortu du LABek, "baina hau ez da sektoreko langileek egindako borroka eredugarriak merezi duen itxiera".