Gaur goizean berretsiko dute Arabako zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek ELA sindikatuak ostegun arratsaldean iragarri zuen akordioa. Sei urteko greba, lanuzte eta mobilizazioen ondoren etorri da erresidentzietako lehen hitzarmena, "eta horrela lan baldintzak prekarizatzen zituen estatalizazioarekin amaituko da", esan du ELAk. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 16an sinatuko dute Gasteizko LHKn.
Lan hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du (2025-2028) eta %32,5eko soldata igoerak aurreikusten ditu, hau da, 2028an hilean 1.500 euroko soldata izango da. Beraz, orduko prezioa %40,5 igoko da.
Era berean, lau urtean ehun orduko lanaldi murrizketa eta norberaren aukerako lau egunei eusten zaie, eta asteburuetan atsedenaldiak ugaritzeko aukera izango dute langileek. Ordu osagarriak finkatzeko klausula aurreikusten du akordioak; hitzarmena blindatzea (ultraaktibitatea eta inaplikazioa); azterketa psikosozialak egiteko betebeharra; eta berdintasun neurriak.
Gizartearen inplikazioa
Gatazka konpontzeko "gakoetako bat" gizartearen inplikazioa izan dela azpimarratu du ELAk. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie "sei urteetan langileen borroka lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei", eta EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen inplikazioa nabarmendu du, "gatazkaren konponbidea agenda politikoetan sartu dutelako".
Jarritako "aletxoa" gogoratu du EH Bilduk
Akordio honen bidez, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek lan baldintzak hobetu ahal izango dituztela nabarmendu du EH Bilduk. "Sindikatuek aurrera eramandako sei urteko borrokaren ondoren, pozik gaude langileek azkenean baldintza eta soldata duinak izango dituztelako".
EH Bildutik bere "aletxoa" jarri dutela gogoratu du Eva Lopez de Arroiabe bozeramaileak, "batzar nagusietan ekimenen bitartez eta 2025eko aurrekontu akordioan egindako ekarpenen bidez, aldundiak negoziazio honetan bere ardura erabakigarria bere gain har zezan". Ildo horretan, iazko abenduan, EH Bilduk sei milioi euro mobilizatzea lortu zuela azpimarratu du Lopez de Arroiabek, 2025eko aurrekontu akordioan, hitzarmen hori sinatzeko. "Horrek bide bat irekitzea ekarri du, eta badirudi orain, urte amaieran, gauzatu egingo dela".
Lopez de Arroiabek esan du "ziklo berri bat" irekiko dela egoitzetako langile guztientzat eta "lurraldeko kalitatezko zaintzetarako".
Elkarrekinek osoko zuzenketa erretiratu du
Bere aldetik Elkarrekin-Podemos-ek foru aurrekontu proiektuari jarritako osoko zuzenketa erretiratu duela iragarri du, "egoitzetako akordioa desblokeatzea lortu ondoren", eta "kontuak hobetuko dituen negoziazioa" irekitzeko asmoarekin.
Koalizioa pozik agertu da langileen eta erabiltzaileen alde lortutako akordioagatik, eta aurrekontuak negoziatzeko prest agertu da hainbat arloetan: etxebizitza, zaintza, gizarte eta lurralde kohesioa, etxegabetasunaren aurkako borroka, garraio publikoa, ingurumena, nazioarteko lankidetza, osasun mentala eta indarkeria matxisten aurkako borroka, besteak beste.