Abenduaren 7an Araba astindu zuen lurrikararen kausa Goiurin dauden kareharrietan gertatutako harri-lauza erraldoi baten kolapsoa izan dela ondorioztatu du Oviedoko Unibertsitateko geodinamika taldeak, Eusko Jaurlaritzaren geofono sistema aztertu ondoren. Luis Egiluz EHUko geologoak azaldu duenez, berretsi dute igandean jazotako lurrikara 1,6 kilometroko sakoneran gertatu zela eta 3,6ko magnitudekoa izan zela. Bide batez, Egiluzek baztertu du Langraiz Okako harrobiaren jarduerak zerikusia duenik mugimendu sismikoarekin.

Nola jakin dute lurrikararen kausa harri lauza baten kolapsoa izan dela?
Lurrikararen mekanismo fokala aurkitu dute. Lurrikara beti da bi bloke harritsuren arteko desplazamendua, eta mekanismo fokalak esaten digu desplazamendua egin den planoaren orientazioa eta desplazamendua nolakoa izan den. Hori ondo zehaztuta dagoenean, argi eta garbi esan daiteke zein den arrazoia. Baina horretarako lurrikara hori inguruko estazio sismiko guztietan erregistratzeko eskatu behar da, herrialde osoan: Alacanten, Toledon, Madrilen… baita Europako beste estazio batzuetan ere.
Oviedoko Unibertsitateak zer datu hartu ditu lurrikararen mekanismo fokala aurkitzeko?
Hemen tokiko sismikotasuna kontrolatzeko geofono sistema bat dago. Sistema hori Eusko Jaurlaritzarena da, eta Oviedoko Unibertsitateko geodinamika taldeak kudeatzen du. Gainbegiratu dutena da mekanismo fokala, intentsitate erreala, sakontasun erreala, hori guztia. Hasieran lurrikarak bost kilometroko sakonera zuela esaten hasi zen, ondoren 0 eta 0,4, baina sismograma asko hartu behar dira kontuan eta ondo aztertu. Azkenean ondorioztatu dutena da lurrikarak 3,6ko magnitudea izan duela eta 1,6 kilometroko sakoneran eman dela. Goiuriko karreharriekin zerikusia du mugimendu sismikoak eta ziurrenik azaleran ez da ezer nabarituko.
Berriro gerta daiteke horrelako magnitudeko lurrikara bat Araban?
Ez. Oso zaila da. Agian 40 edo 50 urte barru.
Zeintzuk dira Araban horrelako lurrikara baten atzean egon daitezkeen fenomeno geologikoak?
Esan dezakegu bi aukera daudela. Gatzaren mugimenduarekin, diapiroekin zerikusia izan dezakete, edo hemengo mendilerroetako kareharriekin lotuta egon daitezke.
Zer motako ingurunea da lurrikara jazo den tokia?
Eremu oso kaltzifikatuta da, kobazulo asko daude eta 400 metrora bolumen handiko galeriak egon daitezke. Tamaina oso handia duen harlauza bat erortzen bada toki horretan, horrek 4 eta 5 arteko lurrikara bat sortzeko adinako danbada bat sortu dezake. Horrelako hondoratzeak eremu karstiko guztietan gertatzen dira, kareharria dagoen lekuetan: Gorbeian, Arkamun, Gibillon, Gorobel mendilerroan, Urbasan, Valderejon. Arroka disolbatzen eta erortzen den zulo edo gune bat dagoenean.
"Oso zaila da lurrikara bat berriro gertatzea,
agian 40 edo 50 urte barru"
Epizentroa Iruña Okan izan da; non zehazki?
Epizentroa Iruña Veleian egon da. Hor buztinak dituzten kareharriak daude, eta goiko zatia oso arrokatsua da. Ziurrenik, azken ehunka mila urteetan eremu horretan hustubide karstiko bat egon da. Faila txiki batzuk daude, gorabehera geologiko txiki batzuk, eta disoluzioak gertatu daitezke, ura sartzen da eta kareharriak biguntzen ditu. Sakonean kobazulo handi bat egon daiteke eta behar adinako bolumena duen harlauza handi bat erortzen bada Gasteizen eta Errioxan ere sentitu daiteke danbada.
Gatzaren mugimenduak ere eragin dezake lurrikara?
Bai. Beste aukera da lurrikarak gatzaren mugimenduarekin zerikusia izatea. Gu ez gara konturatzen gatza abiadura geologikoan mugitzen delako, alegia urtean milimetroak mugitzen delako, baina sedimentuen artean nahasturik gatz-masak aurkitzen ditugu, eremu jakin batzuetan gatza atera dela eta ateratzen jarraitzen duela adierazten dutenak. Orduan, edozer dela ere, gatz hori mugitzen bada, hutsune bat utz dezake, eta, orduan egitura kolapsatu egiten da. Eta horrek lurrikara eragin dezake. Kasu horretan, faila normala izango litzateke, desplazamendu sakona, eta adieraziko luke gatzaren desplazamenduak hutsune bat utzi duela eta egitura hondoratu egin dela.
Harrigarria litzateke gatzaren mugimenduak eragindako lurrikara?
Ez. Gesaltza Añanan ura ateratzen ari da, Santa Engraziko iturburutik ura ateratzen ari da eta gatza darama. Gatz hori nonbait disolbatzen ari da. Gatza disolbatu den tokian, hutsunea geratzen da. Eta horrek azkenean kolapsatu egiten du. Jakina, sakonera handiko akuiferoetako ur-fluxuak ez dira errazak zehazten, eta ez daude ondo aztertuta.
"Ergelkeria bat da esatea Langraiz Okako harrobiak lurrikararekin zerikusi duela"
Non gertatzen da gure inguruan jarduera sismiko handiena?
Villasana de Mena eta Balmaseda artean. Hor ikusten dira gehien, eta hori gatzaren mugimenduekin lotuta dagoela dirudi. Zergatik mugitzen da gatza? Gatza ez da gainean duen arroka bezain trinkoa, eta, gainera, askoz plastikoagoa da; beraz, asko mugitzen da. Eskala geologikoan hortzetako orea bezala funtzionatzen du gatzak. Baina noski, eskala geologikoan milioika urte behar dira.
Araba eremu sismikoa ez izateak ez du esan nahi lurrikararik ez dagoenik.
Ez, ez, ez. Lurrikarak egon daitezke arrazoi gehiagorengatik. Beti daude lurrikarak. Egunero ez bada, astero dago lurrikararen bat, baina txikitxoa. Lurrikara edozein gauza delako, bloke bat kobazulo batean erortzen delako gerta daiteke adibidez, baina lurrikara txikiak dira. 3ko magnitudea baino altuagoak ez badira, ez dira nabaritzen. Hemen lurrikara gutxi eta oso intentsitate txikikoak daude.
Harrobiaren jarduerak lurrikararekin lotura duela espekulatu da.
Hori ergelkeria bat da. Galeria bat moztu dezakezu eta ura atera, baina Subillako akuiferoaren ur-mailan ez du eraginik. Subillako akuiferoak 100 edo 120 hektometro kubikoko erreserbak izan ditzake, urtegiek dutenaren bikoitza baino gehiago. Inguruko kobazulo guztiak ibiltzeko modukoak dira, ura azpitik dago. Astakeria asko egiteko gai gara, baina oraingoz ez dugu lurrikararik eragiten... bonba atomikoekin izan ezik. Lurrikara askatutako energia kantitatea da, eta horrek transmititzen duena. Autobian leherketa handiak egiten dituztenean, horiek isla bat eman dezakete, leherketa handiak, 100 kilo edo 200 kilorekin nabaritu daitezke, baina ez dute 3 edo 4 ematen. Energia gehiago behar da.