Arabako Errioxako Kuadrilla da biztanleko Barne Produktu Gordin altuena duen Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdea, baina Arabako errenta pertsonal baxuena duena, herrialdeko batez bestekoaren oso azpitik. Guardiako BPGak markak hausten ditu erkidegoan zein Europan: 119.869 euro per capita, Arabako BPGaren ia hirukoitza; ondoren, Samaniegon 79.589 euro, Villabuenan 79.476 euro...
Alta, Villabuena eta Samaniego errenta pertsonalaren bosgarren eta seigarren posizioan daude atzetik hasita.
Legutiok biztanleko BPGren Arabako lehen posizioa okupatzen du
Arabako Errioxak balio handia sortzen du, baina horren zati gehiena ez da aberastasun bihurtzen, ez da Arabako Errioxako familien poltsikoetara iristen. Batetik, upategi handiek eskualdean sortzen duten balio erantsia ez delako bizilagunen poltsikoetan geratzen. Bestetik balio erantsi handiko upategi handi horiek BPGa handitu dezakete baina tokiko eskulan gutxi erabiltzen dute eta etekinaren zati bat kanpoko jabeei ordaintzen diete. Gainera, gero eta upeltegi gehiagoren jabe badira eskualdetik kanpoko enpresa handiak, eta irabaziak ez dira tokiko errenta pertsonal bihurtzen.
Ardogintzaz beste industriak herrialdean duen pisu nabarmena islatzen da ere hainbat udalerritako barne produktuan eta ez horrenbeste biztanleen eta familien errentan.
Legutiok biztanleko BPGren Arabako lehen posizioa okupatzen du, 158.600 eurorekin, Goiainen dauden siderurgiako produktuen fabrika handiei esker. Berantevilla bigarrena da, 127.217 eurorekin, industria aeroespazial eta manufaktura handiak daudelako; horien ekoizpen balioa udalerriaren tamainarekiko oso handia da; eta horrek asko igotzen du bere BPG. Antzeko kasuan dago Bernedo, produkzio handia duten enpresak dituelako.