Herritar bakoitzeko batez besteko kapitala aldatu egiten da adinaren eta sexuaren arabera. Lehenengo alderdiari dagokionez, errentak gora egiten du pixkanaka adinean aurrera egin ahala, 55-59 urte bitarteko adin tartean goia jo arte. Tarte horretatik aurrera, behera egiten hasten da, biztanleria aktiboari lotutako adin tarteetatik urruntzen den heinean.
INEk ez ditu sexuaren arabera bereizitako datuak ematen udalerrika; beraz, Eustatek 2023. urteari buruz egindako txostenari begiratu diogu.
Sexuari erreparatzen badiogu, ohi bezala, aberastasunaren banaketa gizonen eta emakumeen artean oso desberdina da. Sexuen arteko alde absolutua 9.603 eurokoa da, gizonen alde. Araban bizi diren gizonek 29.886 euroko batez besteko errenta dute; emakumeek, berriz, 20.238 eurokoa.
Zuian edo Amurrion gizonen batez besteko errenta pertsonala emakumeena baino ia bi aldiz handiagoa da
Familia errentetan ere desberdintasunak daude hartzaile nagusiaren sexuaren arabera. Hartzaile nagusia gizonezkoa bada, familiek 58.314 euroko batez besteko diru sarrerak dituzte, eta gehienak tarteko errenta mailetan eta errenta maila altuetan kontzentratzen dira. Aldiz, emakumea bada familiaren buru, batez besteko familia errenta 45.381 eurokoa da, eta geruza baxuetan kontzentratzen da.
Datu horiek agerian uzten dute emakumeak buru dituzten familien batez besteko egoera ekonomikoa gizonena baino nabarmen baxuagoa dela, eta horrek pobrezia erlatiborako arrisku handiagoa eta baliabideak metatzeko gaitasun txikiagoa dakartzala.
"Emakume eta gizonen arteko errenta disparekotasuna altua eta egonkorra da Euskal Herrian" esan du Zubirik. "Soldata kaskarrak, jardunaldi partzialak eta, berez, errenta pertsonal baxuko biztanleak kontzentratzen ditu emakumeak, emakumea klase sozial gisa ulertuta, edo emakume kolektiboa, eta horrek errenta pertsonalean du eragina, baina baita beste arlo batzuetan ere; arazo larria da, adibidez, familiak osatzeko, bikoteak sendotzeko eta gizonen eta emakumeen arteko harreman berdinzaleak sustatzeko".
Udalerrien arabera, gizonen eta emakumeen arteko errentaren arrakala deigarria dago. Hala, Armiñonen, Arratzua-Ubarrundian, Zuian edo Amurrion gizonen batez besteko errenta pertsonala emakumeena baino ia bi aldiz handiagoa da, eta emakumeen errenta pertsonala gizonena baino handiagoa den udalerri bakarra Samaniego da.