Saretzen

Lurraldea, berdintasunik ezak zeharkatuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 6a

Arabako errenta banaketa aztertu du ALEAk. Argazkia: ALEA

Arabako Errioxakoak dira errenta baxuenak dituzten udalerriak Araban. Errentaren rankinaren goikaldean, berriz, Gorbeialdeko eta Lautadako zenbait udalerri daude. Arratzua-Ubarrundiak, kasu, Navaridasen errenta bikoizten du.

Saretzen egitasmoaren barruan, Hego Euskal Herriko herritarren eta familien errenta aztertu berri dute Tokikomek eta EITB taldeko hedabideek, modu bateratuan. Saretzen datu kazetaritza lantzea helburu duen lankidetza proiektuaren zortzigarren saiakera honen harira, Arabako aberastasuna nola banatzen den aztertu du ALEAk, udalerriz udalerri, eta Gasteizko auzoak ere kontuan hartuta. Herrialdea zeharkatzen dituzten era guztietako desberdintasunak oso agerikoak dira datuei erreparatuta.

Lurraldeari dagokionez, Arabako Errioxan edo Gorbeialdean bizitzeak izugarrizko aldea dakarrela antzeman daiteke. Arratzua-Ubarrundia da batez besteko errenta pertsonal handiena duen probintziako udalerria (22.503 euro), eta aldiz Navaridas da kapital txikiena duena bizilagun bakoitzeko (11.111 euro).

Hala jaso du Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) 2023. urteari buruz egindako azken txostenean. 

Araban errentaren rankinaren lehen hamar postuetan dauden udalerriak hauek dira: Arratzua-Ubarrundia, Zigoitia, Zuia, Iruraiz-Gauna, Aramaio, Zalduondo, Burgu, Urizaharra, Añana eta Erriberagoitia. Txanponaren beste aldean, biztanleko aberastasun gutxien duten udalerriak Navaridas, Lantziego, Mañueta, Lapuebla de Labarca, Villabuena, Samaniego, Kripan, Elvillar, Oion eta Ekora dira. Guztiak Arabako Errioxakoak.

EHUko Lan Harremanetako Fakultateko ekonomia aplikatuko irakasle Jon Bernat Zubiriren hitzetan, Hego Euskal Herrian errenta altuko udalerri ugari daude, baina, bere ustez, kasu batzuetan "bizitoki efektuak" sortutako errentak dira, eta ez dute herri horren garapen ekonomikoa islatzen. "Gutxi batzuen errenta oso altuen ondorioz, batez besteko errenta pertsonala rankinaren buruan kokatzen da". 

"Europara begiratu behar dugu eta zentzu horretan ez gaude batere ondo"
Jon Bernat Zubiri, EHUko irakaslea

Bigarren faktore bat industrializazioa da, eta ikuspuntu horretatik Arabako Barne Produktu Gordinean (BPG) lanpostu industrialen pisu handiena duena Gasteiz hiriburua da, eta maila apalagoan Laudio, Amurrio eta Legutio. Halere, hiru udalerri horiek eta hiriburuak 17.000 eta 18.000 euro arteko batez besteko errenta pertsonala dute, eta rankinaren erdialdean kokatzen dira. 

Zer erakusten du errentak?

Baina, zer da zehazki errenta pertsonala, eta zer erakusten du? Pertsonek edo familiek dituzten errenta guztien batuketaren batez bestekoa da, hau da, urte osoan zehar jasotako soldata, etekin eta interesen batuketa. "Batez bestekoa den heinean, goiko errentek asko igotzen dute errenta pertsonala, eta ez du bereizten klase disparekotasuna, bereziki langile eta enpresarien artekoa", azaldu du Zubirik.

Araba osoan, batez besteko errenta pertsonala 17.806 eurokoa da, Hego Euskal Herriko bigarren baxuena (Nafarroan 16.423 eurokoa da, Gipuzkoan 19.616 eurokoa eta Bizkaian 18.738 eurokoa).

"Euskal Herriak Espainiak baino errenta pertsonal altuagoa du, baina Europan dagoen batez bestekoa baino baxuagoa. Espainiarekin alderatu beharrean, Europara begiratu behar dugu, eta zentzu horretan ez gaude batere ondo, batez ere urtez urte gure abantaila erlatiboak gutxitzen diren heinean (nazioarteko lehiakortasun industrialaren beherakada, energia eta garraio sektorearen berrikuntza falta...)", esan du irakasleak.

"Gutxieneko errenta behar da, baina batez ere lanpostu onak eta soldata onak behar dira" Jon Bernat Zubiri

Hiriburuei dagokienez, aurreko aldeak areagotu egiten dira; izan ere, Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta (22.330 euro) EAEko batez bestekoa baino handiagoa da, alde dezentez, Bilbon (19.478 euro), Iruñean (17.247 euro) eta Gasteizen (17.982 euro) bizi direnen aldean, EAEko batez bestekotik gertuago dauden errentak 18.145 euroan baitaude.

Gizarte bazterketa

Bestalde, pobrezia edo gizarte bazterketa jasateko arrisku tasa %15,7 da Araban, estatuko batez bestekoa baino dezente txikiagoa (%25,8). Eta baita Europakoaren azpitik ere (%21). Hala adierazten dute INEk emandako datuek. Bestalde, lana duten biztanleen pobrezia arriskuaren tasa %7,6 da, eta DBEren (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) hartzaileak 10.185 izan ziren Araban 2024an, Arabako Foru Aldundiaren arabera.

Zubiriren esanetan, DBEren ezarpenari esker hobeto dago Euskal Autonomia Erkidegoa beste komunitate batzuekin alderatuta. Hala ere, diru sarrerak bermatzeko errenta bultzatzeko eta igotzeko beharra ikusten du Zubirik. "Ez gara kontentatu behar, oraindik pobrezia altua dago Euskal Herriko hainbat udalerritan, eta benetan pobreziari epe luzeko irtenbidea eman nahi baldin bazaio, gutxieneko errenta behar da, baina batez ere lanpostu onak eta soldata onak behar dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago