Tauromakiaren legea uxatu dute

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 5a

Eusko Legebiltzarrean zezenen inguruan aurkeztutako lege proposamenak animalisten kritikak jaso ditu. Argazkia: JON HIDALGO / ALEA

Tauromakiari lotutako ekitaldietan adingabeen sarrera ahalbidetuko duen euskal legea kritikatu dute elkarte animalistek, eta ohartarazi dute indarkeriarekiko esposizioak "ondorio negatiboak" dakartzala.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte joan den igandean, 40 elkarte animalistak baino gehiagok deituta. Umeen tauromakiari ez leloak gidatu ditu protestak. Arabaren kasuan, Andre Mari Zuriaren plazan erakutsi dute Eusko Legebiltzarrean EAJ eta PSEk urgentziaz aurkeztu duten lege proposamen baten aurkako jarrera. Deitzaileek kritikatu dute Espainian "aitzindaria" den lege horrek ahalbidetuko duela zezen ikuskizunetan haurrek parte hartzeko aukera izatea, eta, modu berean, hemezortzi hilabetez beheragoko animaliak erabiltzea ere baimenduko duela.

Legearen edukia ez ezik, proposamena Legebiltzarrera era mateko forma ere kritikatu dute. Diotenez, presaz aurkeztu dute, eta, ondorioz "ez dute herritarrek parte hartzeko espaziorik" ahalbidetu.

Kontrako txostenak

Urriaren 31n erregistratu zuten ekimena, eta Eusko Legebiltzarrak azaroaren 18an eman zion babesa lege proposamenari. Denbora tarte horretan, neurriaren kontra dauden elkarteek Legebiltzarrean hainbat txosten aurkeztu dituzte, erabaki horren ondorioez ohartaraziz, bai hezkuntzaren, albaitaritzaren zein arlo juridikoaren inguruko irizpideak kontuan hartuz.

Animalistek diote lege proposamenak ez duela utzi "parte hartzeko espaziorik"

Deitzaileen irudikoz, onartu nahi duten lege hau ez dator bat animaliak babesteko indarrean den 9/2022 legearekin, bertan "berariaz" aipatzen baita halako ekitaldietan ez daitezkeela erabili animalia gazterik.

"Lege honek ez luke soilik babestuko adingabeak zein 18 hila betetik beherako zekorren erabilera. Are, antolatzaileak zein udalak blindatuko lituzkeen marko juridiko bat sortuko luke, bai animaliak zein haurtzaroa ere babes errealik gabe utzita", argudiatu dute animalistek. Are, uste dute lege berriak ekitaldi horiek egiteko diru laguntzak zein gastu publikoa handituko dituela, eta, beraz, herritar guztien diruarekin animalien sufrimendua sustatuko litzatekeela.

Haurrengan izango lituzkeen ondorioez ohartarazi dute animalistek. Diotenez, Jaurlaritzari "emandako ebidentzia zientifikoak" eta txosten profesionalek diote haurrak animalien aurkako indarkeriaren eraginpean jartzeak enpatia murrizten duela, "tratu txarrak" normalizatzen dituela eta "eragin negatiboa" duela haurren garapen emozionalean.

Indarkeriarik gabeko haurtzaroa

"Euskadiko haurrek merezi dute ingurune seguruetan, enpatikoetan eta indarkeriarik gabekoetan haztea", diote kontra daudenek.

Animalien tratu txarrei dagokienez, gogorarazi dute ikuskizun horiek "sufrimendu larria" eragiten dietela "egoera ulertzen ez duten, beldurtu egiten diren, muturreko estresa jasaten duten eta min har dezaketen" animalia heldugabeei. Salatu dutenez, legeak berak "ez ditu tratu txarrak behar bezala definitzen, ez du zehazten zer lesio hartu behar diren kontuan eta kalte psikologikoa alde batera uzten du. Horrek ia ezinezkoa egingo du abusuak salatzea", argudiatu dute.

Lege honek beste erkidegoetan antzeko bidea ireki dezakeela uste dute

Bestetik, animalistek diote lege hau EAEtik baino haragoko ondorioak izan ditzakeela, eta bere eragina beste erkidegoetan ikusi ahalko dela. "Estatuan haurren zezen ikuskizunak legeztatzen dituen lehen araua izango litzateke" Legebiltzarrean aurkeztutakoa.

Are, Espainian eta Europan "atzerapauso etiko bati" atea irekiko diola uste dute. Kontrara, elkarte animalistek aldarrikatu dute EAEk ez duela "indarkeriarik esportatu behar", eta, horren ordez, "kultura, ongizatea, paisaia, aniztasuna, zientzia eta bizikidetza" zabaldu beharko lituzkeela bere mugetatik harago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago