Unai Fernandez de Betoño

"Egungo eskemarekin, kolokan dugu etxebizitza eskubidea"

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 7a

Unai Fernandez de Betoño, Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: A. AMENABAR / ALEA

Etxebizitzaren mataza askatzeko, hainbat proposamen egin ditu Unai Fernandez de Betoño EHUko Hirigintza irakasle eta EH Bilduko politikari ohiak. Gaur egungo eskema apurtu behar dela uste du, eta, besteak beste, alokairu sozialeko parke publikoa sustatzeko egitasmoa abian jarri beharra nabarmendu du.

Exebizitzarako sarbidea estutzeak gero eta gizarte arrakala handiagoa dakar, eta, berandu baino lehen, arrisku hori areagotu ez dadin, neurriak galdegin ditu Unai Fernandez de Betoño (Gasteiz, 1977) arkitekto doktore eta EHUko Hirigintza irakasleak.  Mahai gainean 30 gako jarri ditu, aldi berean aplikatu beharreko proposamen sorta, Etxearen korapiloa nola askatu liburuan.

Etxebizitza krisi sakon baten erdian gaude?

Lehen begiratu batean, bai. Baina krisi hori nortzuk pairatzen ari diren ikusita, ezberdintasun handiak daude. Etxe bat dugunon artean krisia ez da horren handia, eta poztu ere egiten gara, neurri batean, etxebizitzaren prezioak gora egiten badu. Aldiz, alokairuan bizi direnak ari dira bereziki krisia sakon pairatzen, eta azken urteetan nabarmen; azken zazpi urteetan %27 igo dira alokairuak EAEn, eta soldatak %17 bakarrik, beraz, gutxienez %10 pobretu dira maizterrak. Lehen aldiz etxe bat erosi edo alokatu behar dutenek nabaritzen dute, batez ere, eta gero eta pertsona gehiagok dituzte zailtasunak. Beraz, krisian gaude, baina oso krisi desorekatua dela esango nuke.

Herritarren kezka nagusiena da, Soziometroaren arabera.

Bere garaian pisu bat erostera iritsi ginenok, hipoteka baten bidez, ez dugu hainbesteko arazorik, baina gure seme-alabek zailtasun handiak dituzte. Klase ertainekoak zirenen seme-alabak ere krisi horrek harrapatu ditu, eta bat-batean kezka zabaldu da. Jaurlaritzak ikusi du Etxebideren zerrendan daudenen kopurua %46 igo dela azken urte eta erdian, eta hor alarmak piztu dira. Aspaldi behar lukete piztuta, baina orain piztu dira. Batik bat, azken hamar urteetan kaskartu da egoera.

Egin duzun ikerlana, pedagogikoa izateaz gainera, ideologikoa ere badela azpimarratu nahi izan duzu hasieratik.

Jakina. Pedagogikoa izaten saiatzen naiz, igual defektuz irakasle naizelako, egoera honetan zergatik gauden azaltzen saiatzen naiz, baina ideologikoa ere bada, egoera honetara ekarri gaituzten politiken moduan. Alegia, oraintxe bertan dirutza bat desgrabatzen jarraitzen dugu etxe bat erostearen truke, eta hori badirudi naturala dela, neutrala dela. Desgrabatzeak esan nahi du honaino ekarri gaituen ereduarekin jarraitzea. Eta uste dut horri buelta eman behar zaiola. EAE da etxebizitza erosteagatik laguntza fiskala mantentzen duen erkidego bakarra estatuan. Erabaki honengatik, urtean 340 milioi biltzeari uzten diogu, eta hori da, gutxi gorabehera etxebizitza programaren aurrekontua. Ikusi beharko litzateke ea diru hori beste modu batera ez ote genukeen bideratu behar krisi honetatik ateratzeko.

"Desgrabatzeak esan nahi du honaino ekarri gaituen ereduarekin jarraitzea"

Krisitik ateratzeko 30 proposamen egiten dituzu. Errezeta magikorik ez dago, ezta?

Errezeta magiko batzuk daude, ez dago bat eta bakarra. Soluzioak eta neurriak daude, eta ez dira xistera batetik ateratakoak, aspaldi ezagunak dira, beste herrialde batzuetan aplikatzen ari direnak. Nik Austria, Danimarka eta Herbehereak aipatzen ditut eredu izan daitezkeelako. Etxebizitza pixkat merkeagoa dute, bereziki alokairukoa, eta soldatak dezente altuagoak dituzte. Horrek esan nahi du etxe duin batean bizitzeko egin behar den esfortzu ekonomikoa hemengoa baino baxuagoa dela. Proposamen politiko, sozial eta ekonomikoak egiten ditut liburuan, ia aldi berean abian jarriko beharrekoak, izan ere, gerta daiteke, osasunean bezala, min baten kontrako pilula batek urdailean ultzera bat egitea... Kasu honetan, prezioa mugatzen baduzu, eta eskaintzari dagozkion zenbait neurri hartzen ez badituzu, kalterako ere izan daitezke neurriak. Aldi berean eta epe luze batean hartu beharreko neurriak dira. Viena eredu moduan aipatzen dugunean esaten digute han ehun urte daramatzatela etxebizitza politikak egiten, eta egia da, baina hemen Jaurlaritzak 44 urte daramatza, ia Vienakoaren erdia, eta ez dugu lortu parke publikoaren %5a ere. Uste dut espabilatu behar dugula.

Alokairu soziala da proposamenen arteko gako nagusietako bat, baina nolako ezaugarriak lituzke?

Etxe merke eta iraunkor bat behar da. Jabegokoa nahiz alokairukoa izan daiteke. Gaur gaurkoz, hori da nire ustez alokairu soziala, batez ere. Alokairu sozialak esan nahi du maizter batek ez duela bideratu behar bere soldataren %30a baino gehiago etxe bat eta etxeko gastu orokorrak ordaintzera. Nahiko kontsentsu zabala dago kopuru horretan. Eta uste dut gure helburua izan beharko litzatekeela denok gutxienez bermatuta izatea eskubide hori; gero, dirua duzulako etxe libre bat erosi nahi baduzu, oso ondo, unifamiliar bat... Etxe bat zeinetara ez dudan bideratuko nire soldataren %30a. Lehen aipatu hiru herrialdeetan alokairu sozialaren kopurua %20tik gorakoa da, eta Vienara joanez gero, are handiagoa, %40 ingurukoa. EAEn %2,5 inguru da, eta Nafarroan %2,1, beraz, behar handia dugu. Eta horrek esan nahi du hemen gazte batek ezin duela askatasunez aukeratu zer egin, dagoen eskaintzak etxe bat erostera bideratuko duelako; 800 euro badira hipoteka ordaintzen edo alokairua ordaintzen, noski, erosi egingo dut. Lortu beharko genuke alokairu sozialaren eskaintza askoz ere zabalagoa izatea, parke osoaren %11 inguru, hain zuzen ere, Ipar Euskal Herrian dutena. Hango gazteek Hego Euskal Herriko gazteek baino bospasei urte lehenago alde egiten dute gurasoen etxetik, eta arrazoietako bat da alokairu soziala han lauzpabost aldiz handiagoa dela.

Egungo helburu bakarra etxea birbaloritzea dela uste du Betoñok, eta "eskema aldaketa" galdegin du. Argazkia: A. AMENABAR / ALEA

Viena moduko hirietan, espekulazioarekin amaitu dute?

Espekulazioa leku guztietan dago, baina ez neurri berean. Eta alokairu sozial gehiago egotea izan daiteke espekulazioaren kontrako neurri garrantzitsu bat. Horrek merkatua hoztu egiten du. Promotore pribatuek, alegia espekulatzen dutenek, ez guztiek noski, ikusten badute badagoela produktu bat merkatuan askoz ere merkeagoa dena, prezioak jaitsi beharko dituzte. Oraintxe bertan EAEn alokairu sozialaren batez besteko prezioa hilean 260 euro dira, baina hori eskaintzaren %2,5 bakarrik da, promotora pribatu bati bost axola, ez dauka lehiarik. Igoko bagenu %11ra, gauzak aldatzen hasiko lirateke. Espekulazioaren beste adarretako bat prezioen mugatze sistema da, alokairua kontrolatzeko modua. Jaurlaritzak bi urte eta erdi behar izan du Espainiako legea aplikatzeko, eta oraintxe bertan bakarrik Gipuzkoan daude mugatuta, urritik. Araban, antza, 2026ko urrian izango da, hainbat aitzakia tarteko. Krisi larrian gaudela esaten da, baina gero ez dira neurriak hartu nahi.

Tentsio handiko eremu izendatu dute urrian Gasteiz. Erangikorra izango al da?

Uste dut zeozer egin behar zela. Hau bide bat da alokairua mugatzeko, eta ikusi behar da nolako emaitzak ematen dituen. Katalunian ondo funtzionatzen ari da, gutxienez prezioari dagokionez, %5 inguru jaitsi dira, eta Bartzelonan gehiago. Baina arazo bat inspekzio falta da. Hainbat neurri hartu behar dira aldi berean: mugatzen baduzu prezioa, baina gero ez baduzu jartzen inspekzio sistema indartsu bat, alokairu asko aldi baterako mozorroarekin sartuko zaizkizu, eta ez die eragingo alokairuaren mugak. Gasteiz eremu tentsionatu izendatu dute, baina oraindik ez dute martxan jarri prezioak mugatzeko erreferentziazko indizea. Hori atzeratzen ari dira. Eta, gainera, ikusten ari gara udalez udal egiten ari direla; aukerak bazeuden EAE osoan aplikatzeko, Jaurlaritzak berak onartzen duelako EAEko maizterrek haien diru sarreren %30 baino gehiago bideratu behar dutela. Adibidez, Bilbo mugatuta dago, Barakaldo ere, baina Getxo ez. Gasteiz hirigunea bai, baina Lasarte eta herri txikiak ez. Hor desoreka eta egoera nahiko bitxiak sortzen ari dira. Udalerriz udalerri antolatutako sistema honek zuloak ditu, arazoak dakartza.

"Oraintxe helburu bakarra etxea birbalorizatzea da; desmerkantilizatu behar dugu"

Pisu turistikoak momentuz ez dira arazo bat lurraldean...

Egia da ez dugula Donostiako egoera, baina Gasteizko Alde Zaharrean zenbait kasu kezkagarri daude. Alokairu sozialerako agian zerbait eraiki beharko da, baina ez lehen bezala kanpoaldera, baizik eta barrura ahalik eta gehien, birdentsifikatuz behar den lekuetan. Alokairu sozialerako bideratu behar diren etxebizitza asko jada eraikita daude, egon badaude. Kontua da oraintxe bertan batzuk pisu turistikoetara bideratzen direla eta beste batzuk hutsik daudela; eta honetan Gasteizen arazo bat dago, EAEn 45.000 etxe inguru daude hutsik; 2.300 Gasteizen. Hau da, aukera sorta bat dago zenbait neurrirekin jada eraikita dauden etxeak alokairu sozialera bideratzeko. Turistikoei dagokienez, duela bost urte turismofobotzat joko luketen neurri bat hartuko du Jaurlaritzak, eta tentsiodun guneetan ez dira emango lizentzia gehiago pisu turistikoak irekitzeko. Aurrerapauso interesgarria iruditzen zait, baina, noski, Donostia moduko hiri batean zer egiten dugu jadanik daudenekin? Horiek geldituko dira. Nire ustez, beste paradigma batera jo behar dugu, eta pisu turistikoak urbanistikoki arautu behar dira, hotelak arautzen diren bezala. Horrela lortuko genuke orain martxan dauden pisuak berreskuratzea ohiko etxebizitza izateko.

2008ko krisi ekonomikotik ikasgai baliagarririk atera al dugu?

Gauza batzuk ikasi ditugu. Garrantzitsuena, nire ustez, kolektiboki borrokatu behar dela alor honetan ere. Kaleratze oldea ikusi genuen gure begien aurrean, telebistan; 600.000 kaleratze izan ziren Espainiako Estatuan 2015era bitarte, oraindik ere jarraitzen duten arren... Izugarrizko oldea ikusi genuen, eta horren aurrean Kaleratzeak Stop edo hipotekak kaltetutakoen plataforma desberdinek egindako lan ikaragarria. Borrokatu zitekeela ikusi genuen, eta zenbait egoera oso injustu argitu zituztela; esaterako, gehiegizko klausulak ezagutu genituen plataforma horiei esker, edota IRPH indizeak legezkoak ez zirela ezagutu dugu... Orain arazoak alokairuaren merkatuan ditugu batez ere, eta hor ere kolektiboki borrokatu behar da. Horregatik agertu dira zenbait etxebizitza sindikatu. Eta mezua argia da: ez ezazu zure bizkarrean hartu zuk bakarrik arazoa, beste guztiok ere arazo bera dugu eta. Elkartu gaitezen eta borrokatu dezagun. Esaterako, alokairuan egon arren Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzea eskatzen dizuten etxejabeen kontra, erabat injustua baita, eta Gasteizen bertan Vitalquilerrek orain gutxi arte egin du. Badira ikasi genituen gauzak, beraz, eta ikasi ez genituenak ere, putre funtsei eta inbertsoreei ateak ireki zaizkielako etxeak merke merke erosteko. Oraindik egitekoak ditugu, besteak beste, fiskalki zigortu etxeak pilatzen dituzten horiek.

UEUk eta Ipar Hegoa fundazioak babestu dute lana. Argazkia: UEU

Politika ondo ezagutzen duzu barrutik, baina egingarriak al dira proposatutakoak? Egungo indar korrelazioarekin?

Erabat egingarriak dira. Ez dut ezer iraultzailerik proposatu. Ezkerretik askotan esan da etxeak doan izan behar direla guztientzat edota kapitalismoa desegiten ez den bitartean ez dugula etxebizitzaren arazoa konponduko... tira, ni ez nago posizio horietan liburuan. Uste dut etxebizitza desmerkantilizatu behar dela, eta horretarako zenbait neurri har daitezke. Gaur egungo indar korrelazioarekin uste dut egingarriak direla, ezkerreko alderdiak elkartuko balira; agian beste aliantza batzuk lortu beharko lirateke, zergatik ez. Jaurlaritzan dagoen alderdi bat ez dago oso urrun hemen proposatzen diren neurrietatik, baina koalizioan doa eta gauza asko irentsi behar ditu. Etxebizitzaren arazoaz gehiago arduratuko balitz, hemen proposatzen ditudan neurri guztiak aurrera eramango lituzke.

"Neurri hauek egingarriak lirateke orain, ezkerreko alderdiak elkartuko balira"

Hamar urtean betetzeko proposamenak dira aurkeztu dituzunak.

Uste dut denbora horretan Europako batez bestekora heldu gaitezkeela. Ez dut esaten Vienako datuetara heltzea, Bidasoaren beste aldean alokairu sozialean duten kopuruetara baizik. Baina Jaurlaritza, ordea, zertan dabil orain? Jarraitzen dugu etxe bat erostearen truke desgrabazioak egiten, eta orain abal lerro berri bat atera dute 40 urtetik beherakoei laguntzeko etxe bat erosten: 340.000 euroko etxe bat. Gasteizen, 240.000 eurokoa da batez bestekoa. Lehen agian gurasoek abala ematen ziguten moduan, orain denon artean abalatzen dugu Jaurlaritzaren 144 milioi euroko lerroari esker. Beraz, jarraitzen du berdina egiten, eta baita ere prestazioen sistema egiturazkoa bihurtzen. Zer egin ez dakitenez, gero eta prestazio gehiago ateratzen dituzte. PSE-EEk ateratzen du Gaztelagun eta EAJk Emantzipa, bi programa helburu berarekin, beraz, gainjarrita. Uste dut prestazioen sistema berrantolatu beharko litzatekeela. Desgrabazioetan 340 milioi joaten zaizkigu, abal publikoen lerroan 144 eta etxebizitza prestazioetan 210. Guztira, 700 milioi urtean. Dirua egon badago, arazoa da ez dela ondo bideratzen.

Etxebizitzarako prestazioak kentzea proposatzen duzu, beraz?

Ez dut esan nahi prestazioak egun batetik bestera kendu daitezkeenik, batzuk beharrezkoak dira, baina neurtu behar dira. Izan ere, oraintxe Jaurlaritzak Bizum bat bidaltzen dio beharra daukanari, eta horrek Bizum bat egiten dio etxearen jabeari; alegia, ari gara diru publikoarekin puzten alokairuaren burbuila. Hori esan behar da, aztertu behar da, eta plan bat egin behar da murrizteko ahalik eta gehien. Nire ustez, orain dagoen eskema aldatu behar da, eta etxebizitza duin, merke eta iraunkorra eskainiko duen sistema baterantz jo behar dugu, non nahi duenak bizi ahal izango duen horretan. Alokairu soziala hori da; nahiz eta zuk 3000 euro kobratu, ez baldin baduzu zure bizitza hipotekatu nahi 30 urtetarako. Vienan klase ertaineko batzuek alokairuan bizitzea aukeratu dute, ikusten dute bizitza osoa eman dezaketela hor, ez dute hipotekatu behar eta diru gehiago dute beste gauza batzuk egiteko. Horregatik diot neurri egingarriak direla, baina ikusi behar da non dagoen iparra, nora joan nahi dugun, eta jarraitu nahi ote dugun gaur egun bezala. Oraintxe helburu bakarra etxea birbalorizatzea da, eta zalantzan jarri behar dugu hori, kolokan dagoelako etxebizitza eskubidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago