Aldundiak atzera egin du, eta ez da murrizketarik egongo CARME zerbitzuan

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 2a

Zazpi langile zeuden kaleratzeko arriskuan aldundiaren aurreko eskaintzan. Argazkia: ALEA

Sei hilabeteko protesten ostean, eta murrizketen mehatxua gaindituta, CARME zerbitzurako plegu berria aurkeztu du aldundiak. Handitu egingo dira indarkeria matxistaren biktimen harrerara bideratutako baliabideak.

Amaitu da CARMEko langileen borroka. Sei hilabetez protestan aritu ostean, kontratu eskaintza berria argitaratu du aldundiko Gizarte Politiken sailak, eta honetan ez ditu mantendu aurrekoan proposatutako murrizketak indarkeria matxistaren biktimen harrera zentrorako. Urte amaierara arte izango dute enpresek beren proposamenak aurkezteko, baina espero dute, aurrekoan ez bezala, orain arte CARME zentroa kudeatu duen enpresa bera aurkeztea.

Aurreko eskaintzara ez zen enpresarik aurkeztu, eta hutsik gelditu zenez plegu berria atera behar izan du aldundiak. Aurreko kontratuan zazpi langile kaleratzea aurreikusten zen (plantillaren %38a), eta gainera, 2025eko aurrekontuetarako adostuta zegoen dirua baino gutxiago erabiltzea proposatu zuten, %30 edo 375.000 euro gutxiago. Langileek ohartarazi zuten baldintza hauetan ezin zietela kalitatezko arreta eskaini artatzen dituzten emakume eta adingabeei, eta protesta zikloa abiatu zuten.

Presioen eraginez, edo bidean iritzia aldatu dutelako, baina langileen aldarrikapen gehienak jaso ditu aldundiaren plegu berriak. Bi plaza gehiago izango dira CARMEren egoitza berrian, zortzi emakume artatu ahal izango dituzte guztira, haien ardurapeko pertsonekin batera. Eta hobekuntza handiak ekarri ditu eskaintza berriak, aurrekoaren aldean, langile kopuruari dagokionez ere. 15.488 lan ordu sartu zituzten aurreko pleguan, integratzaile eta hezitzaileen artean, aipatutako langileen kaleratzea barne, eta oraingoan 24.711 lan ordu eskaini ditu aldundiak. 

Integratzaile baten lanpostua galduko da aldaketan, ziurrenik, orain arte gauez integratzaile bana egoten baitzen CARMEren bi zentroetan, eta orain bakarrak zainduko du gaueko txanda emakume guztiak batera egongo diren zentro berri handiagoan. Hala ere, langileek ontzat eman dute eskaintza berria, gainerako murrizketak bertan behera gelditu direlako, eta diru sorta handiagoa eskainiko zaiolako zerbitzuari. 1.509.625,38 € gastatzeko asmoa zuten lehen, eta eskaintza berrian 2.179.176,46 € bideratuko dira zerbitzua mantentzera.

Gainera, kontratu berrian ere jaso dute emakumeei jarraipena egin ahal izatea CARMEtik atera ondoren ere. Langileen aspaldiko aldarrikapena zen hau ere, askotan gertatzen baitzen emakumea CARMEtik ateratzea, eta handik hilabete batzuetara aurre egin behar izatea erasotzailearen aurkako epaiketari, edo bestelako arazoren bati, eta orain langileen babesa jaso ahal izango du aurrerantzeko prozesuan ere.
 
Mobilizazioen garaipena

Kontratu berriak dakartzan aldaketak langileen garaipena izan dela aldarrikatu dute, bai langileek eta bai ESK sindikatuak ere. "Horrek erakusten du CARMEko langileek arrazoi zutela aldundiak eta GOFEk ezarri nahi zituzten murrizketak salatzean". Plegu berria ontzat eman badute ere, salatu dute sei hilabetez entzungor egin dietela Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuak eta zerbitzuaren zuzendariak, ez baitira langileekin bildu.

ESKk adierazi du eraginkorrak izan direla "salaketa publikoa, kaleetako mobilizazioa, mugimendu feministarekin egindako sareak eta aurrera eramandako ekintza sindikal eta juridikoak, aldundiak ezarri nahi zituen murrizketak atzera botatzeko".

Zentro berria ekainean

Aurrerantzean ere zentroa Xilema enpresak kudeatzea espero da. Haiek kudeatzen dute egun CARME zerbitzua, eta baita berehalako harrerako CAI zerbitzua ere. Obretan dago egoitza berria, eta aurreikuspenen arabera ekainean sartuko dira bertara langileak eta haien babespeko emakumeak.

Egoitza berriak zortzi familia unitate hartzeko gaitasuna izango du. 347,85  m²ko azalera izango du, zortzi logela, lau komun eta bestelako baliabideak ere izango ditu.

Erlazionatuak

Altxa osteko pausoak

Jon Hidalgo aza 26 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago