Aisialdia ere aterpe izan dadin

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 30a

Azken urteetan askotariko ekimenak egin dituzte batera zein banaka Kukulaisi osatzen duten elkarteek. Argazkia: KUKULAISI

Euskararen alorrean eta "balore hezigarrietan" lan egiten duten hemezortzi elkarte biltzen ditu Kukulaisik, hezkuntzatik kanpo euskaraz egindako aisialdia bermatzeko. lehiaketa bat martxan dute.

Duela lau urte sortu zuten Kukulaisi proiektua euskara eta "aisialdi hezigarria" lantzeko Euskaltzaleen Topagunearen egitasmo bat bezala, baina dagoeneko martxa propioa hartu du, orain gaiaren inguruan aritzen diren hemezortzi elkarte bere gain hartzen dituelarik. Horiek guztiak "balore hezitzaileetan lan egiten duten elkarteak dira, euskara ardatz duten ekintzak antolatzen dituztenak", hain zuzen ere, Iñaki Aristondo Kukulaisiko zuzendariak gogora ekarri duenez.

Aisialdian eremu "euskaldun eta seguruak" ziurtatu nahi dituzte

Lanaren garrantzia azpimarratu du. Batetik, eskolak bakarrik ziurtatu ezin duen zereginean laguntzea. "Euskararen ezagutza EAEn ia unibertsalizatuta dagoela esan daiteke, baina erabilera datuek ez dute proportzioan gora egin. Bada, haur eta gazteek eskolatik kanpo pasatzen duten denbora hori antolatua den heinean, eremu euskaldun eta seguruak eskaintzea haur eta gazteei erabileran lagungarria gerta dakieke".

Elkartearen lana bitan banatu daitekeela azaldu du. "Batetik, elkarren arteko saretzea eta proiektu komunak bultzatzea —izan ditzaketen kezkak argitzea, edo laguntzea, edo udaletarako protokolo komunak lantzeko adibidez—". Baina, horrez gain, Kukulaisik proiektu konkretuak sortzen ditu, elkarteen federazioak berak aurrera eramaten dituenak, edo elkarteen esku uzten dituenak. "Besteak beste, gazteen parte hartzearen inguruko proiektuak, kirola euskalduntzeko proiektuak, aisialdi digitala edota jolasak". Ez da kontu hutsala. Izan ere, Kukulaisiren jarduna ia gehienetan elkarteen bidez egiten da. "Adibidez, kirolaren egitasmoan bai guraso, entrenatzaile edo epaileei formazioa eman behar badiegu, saiatzen gara hori herriko elkarteen bidez izan dadila. Elkarteen laguntza behar-beharrezkoa dugu horretarako", esan du Aristondok. Arabaren kasuan, elkarteko kide dira Laudioko Kirikiño atseden elkartea eta Gasteizko GEU. "Batez ere zabalkundean laguntzen digute, partaideak bilatzen, jendea animatzen eta, lehiaketaren kasuan, galderen eraketan ere GEUk lagundu du".

'Egin Ttap!'

Lehiaketa hori Egin Ttap! da, eta hilaren 30era arte zabalik dute, zazpi egun, zazpi galdera, zazpi minutu formatuan. "Haurrak eta helduak elkarrekin aisialdi digitalean aritzeko egitasmoa da. Helburuetako bat da haurrek eta helduek elkarrekin jolasteko espazioa izatea. Izen ematea beti helduen bidez egiten da, beraiek arduradun moduan egonda —gurasoak, irakasleak edo aisialdiko taldekoak— , eta horrela bermatzen da elkarrekin espazio hori konpartitzea".

Orain martxan den lehiaketa globala izanik ere, herrietan egiteko moduko lehiaketa zehatzagoak zabaldu nahi dituzte etorkizunean. "Aurten Bidasoaldean hasi gara, —Irun, Hondarribia eta Hendaian—, eta ikastetxeen bidez jolastu izan da, oso emaitza onak izanik. Bada, horretan nazio mailako galderak daude ere, baina tokian tokiko galderak eginez pertenentziak ere bultzatu nahi ditugu", azaldu du Aristondok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago