euskararen eguna

'Gobiatar' euskaltzale gaubearra argituz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 1a

1968ko 'Avance' aldizkarian argitaraturiko Diaz de Tuestaren ilustrazioa. Irudia: AVANCE

Gesaltza Añana deitura Angel Diaz de Tuesta 'Gobiatar' euskaltzaleari zor zaio. Arabako euskal toponimiari buruzko ikerkuntza eta euskararekiko interesa bateragarri egin zituen Espainiako kontsul lanarekin.

Gaztelaniazko Salinas de Añanari Gesaltza Añana izena eman zion gaubear euskaltzale ezezagun batekin topo egin du ALEAk tupustean, aldizkari zaharretan arakatzen. Angel Diaz de Tuesta Ibañez de Sendadiano Gobiatar du izena. 1966. urtean, Estibaliz izeneko aldizkarian, gatzaren hiruburuari euskarazko izen hori ematea proposatu zuen ikertzaile euskaldunak.

"Ez nintzateke ausartuko ziurtatzera, baina nik uste dut Salinas de Añanaren jatorrizko izena ez dela hori, Gersalzaha baizik". Donemiliagako Goldearen Gersalzaha izena Salinasekin identifikatu zuen orduan Diaz de Tuestak.

Proposamenak polemika sortu zuen bere garaian, eta "asmakizun" bezala deitoratu zuten sektore batzuetako politikariek eta zenbait ikertzailek. Euskaltzaindiak, berriz, 1996an argitu zuen Diaz de Tuestaren ustea ustela zela, eta Gersalzaha Gasteiz inguruko beste eremu bati zegokion deitura zela.

"Menara oinez amona ikustera zihoala, euskarazko gramatika ikasten joaten omen zen"

Jakina, ordurako Gesaltza Añanaren erabilera arras zabalduta zegoen herritarren artean, eta, gainera, Euskaltzaindiak argitu zuenez, Arabako euskal hiztunek erabilitako Salinasen itzulpen zehatza da Gesaltza; Gesal "ur gaziko" euskal forma da, "oso dokumentatua". Gesaltzakoaz beste, Añana inguruko toponimia sakon aztertu zuen Diaz de Tuestak, eta euskal onomastikari buruz zabal idatzi zuen herrialdeko hainbat aldizkaritan.

Gurendesko familia

El Avancen, kasu, honako hau idatzi zuen Gaubeari buruz: "Euskara aspaldi galdu zen han, eta toponimo askok beren euskal fisonomia bere horretan mantentzen duten arren –Zorroca, Zurrutiaga, Ibarra, Bizkarra, Bizkarreta, Achuri, Zulueta, Arteaga, Larrate eta beste ehundaka–, beste batzuk mendeetan zehar metamorfizatu egin dira, eta gaur egun ezin dira deszifratu".

Artikulu sorta horiek Gobiatar ezizenez idatzi zituen. Izan ere, Diaz de Tuestaren familia Gaubeako Gurendes herrikoa zen, nahiz eta bera Cuencako Torrubia del Campo herrian jaio, aita botikaria bertara lekualdatu zelako. Denbora gutxi bizi izan ziren Cuencan, aita hil eta gero Arabara itzuli baitzen familia, eta hil arte bere bizitzako azken urteak Iruñean eman zituen euskaltzale arabarrak.

Nafarroako hiriburuan, hain zuzen, 1965eko azaroan, euskararen inguruan egin zuen ekarpena saritzeko Euskal Herriaren Adiskideen Elkartean, Euskal Ikasgaien Akademian onartu zuten. Sarrerako diskurtsoan Arabako euskalduntasuna defendatu ez ezik, Trebiñuko, Pancorboko eta Errioxako hainbat herriren toponimia euskalduna nabarmendu zuen ikertzaileak. Euskarak merezi zuen babesa bermatzeko "penintsulako hizkuntz espainolena" zela argudiatu zuen, frankismo betean beste hainbat pentsalarik egin zuten moduan.

Eusebio Osa idazleak 1971ko martxoaren 30ean idatzitako panegirikoan gaubearrak euskarari emandako hauspoa azpimarratu zuen: "Diaz de Tuesta jauna hil berri da. Arabarra genuen burutik orporaino. Hogei eta gehiago abizen doble eta Arabako zituen gainean. Haren euskal alderdia aipatu nahi dut hemen. Burgosko mugan bertan bizi arren, ederki ikasi zuen euskera. Egunotan anekdota bat kontatu didate berari buruz. Haren amona Burgosko Mena herrian bizi omen zen. Mutiko zelarik, Gurendiztik Menara oinez bere amona ikustera zihoala, bidean euskarazko gramatika ikasten joaten omen zen beti".

Espainiako ordezkaria

Euskaltzale bezala egin zuen ibilbide oparoarekin batera, karrera politiko luzea ere egin zuen Espainiako gobernuen interesen defentsan atzerrian, goi mailako diplomazialari bezala.
Gasteizko institutuan ikasi ondoren, Deustuko unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen Diaz de Tuestak, eta kontsul karguarekin ibili zen 25 urte bete zituenetik Kuban, Danimarkan, Suitzan, Marokon, Ingalaterran, Alemanian eta Frantzian. Are gehiago, Ministro Guztiahaldunaren kargua ere eraman zuen, Europako Bigarren Mundu Gerran. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago