Mauro Entrialgo

"Ultraeskuina ez da punk berria"

Ruben Sanchez 2025eko azaroaren 24a

Mauro Entrialgo marrazkilaria. Argazkia: CRISTINA CANDEL

Ignacio Aldekoa liburutegian aurkeztu du Mauro Entrialgok 'Malismo' bere azken liburua. Saiakera honen asmoa da erakustea nola azken garaiotan, politikariek, enpresek, telebista-saioek eta abarrek gaiztoak direla erakusten duten, ulertu dutelako onura ekonomikoak, bozetakoak, audientzia... sortzen dizkiela.

Gaztaroko fanzineetatik egungo fenomeno politiko eta kulturalen analisira egindako bideaz aritu gara Mauro Entrialgorekin (Gasteiz, 1965), Malismo lanaren aurkezpenaren ostean. Bere zale zaharrenentzat berri txar bat. Indarrean dugun malismo honek, milaka giza bizitzaz gain, nahi ez den beste biktima bat ere izan du: Herminio Bolaextra, TMEOn huts egin ez duen pertsonaia.    

Madrilen bizitzen urte asko daramazun arren, ausartuko nintzateke esatera, Gasteizek, modu batera edo bestera, zure obran oso presente jarraitzen duela...

Baliteke. Denok gara bizi izan duguna, eta nik asko bizi izan nuen Gasteiz. Eta, gainera, bizi izan nuen gutxiago lan egin eta kalean egoteko eta formatzeko denbora gehiago duzun urteetan. Hala ere, egia da, hara joatean, egungo Gasteizen ez dudala lehengo Gasteiz hura gehiegi antzematen. Baina, egia esan, joan den mendeko Madril ere ez dut gehiegi antzematen oraingoan.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa Gasteizen?

Defentsa mekanismo gisa, gure burmuinak joera izaten du beti bizipen txarrenak ahaztu edo aienatzeko, eta onak hobeto gogoratzeko. Agian horregatik, zoritxar eta ezbehar desatseginagoak gorabehera, uste dut primeran pasatu nuela, eta familia bat eta lagun batzuk izan nituela, oro har, oso ondo tratatu nindutenak. Malismo liburuan sartu dudan nerabezaroko pasadizoren bat alde batera utzita, Gasteizko nire haurtzaroaz hitz egiten dudan liburu autobiografikoa Los Domingos da.

"Sareek ikusi dute arreta lortzen dutela eduki 'malistekin'. Arreta dirua da"

Noiz hasi zinen marrazten?

Ez dut gogoratzen. Ia pertsona guztiak hasten gara marrazten, baita arrazoimena erabili aurretik ere. Gertatzen dena da jende gehienak uzten diola egiteari. Utzi gabe jarraitzen dugunoi marrazkilari deitzen digute. Irakurtzen ikasi baino askoz lehenago hasi nintzen komikietako binetak begiratzen eta kopiatzen. Eta pentsa hiru urterekin ikasi nuela irakurtzen. Eskura nituen helduei eskatzen nien TBO, Popeye, Capitán Trueno edo Pumbyren testuak irakurtzeko. Komikigile izan nahi nuela noiz erabaki nuen ere ez naiz gogoratzen. Gogoratzen dudan heinean, beti nahi izan dut.

Nola pasatu zinen bakarrik marraztetik komiki, fanzine, kolektiboen... mundura sartzera?

Hamalau urterekin Punkomix fanzinea autoeditatzen hasi nintzen, lagun eta senideen artean saltzen nuena. Estatu osoko beste marrazkilari hasiberri batzuekin ere harremanak egin nituen posta bidez gure istorioen fotokopiak trukatzeko. Resbaladeron bazegoen nik maiz bisitatzen nuen Totem izeneko komiki denda bat, eta bertako jabe Guaje-ri esker. Gasteizko beste komikigile batzuk ezagutu nituen. Hain zuzen ere, Copyright fanzinea argitaratzen zutenak: Kini, Landazabal, Juan Luis Diaz de Corcuera, Jose Angel Benito... 1982. urtea zen. Hortik aurrera, uharka etorri zen dena, eta laster beste fanzine askotan kolaboratzen hasi nintzen, eta mundu horretako jende gehiago ezagutzen. Berehala, Ernesto Murillori esker, euskal komikigileen erakusketa batean parte hartu nuen Arabako Arte Ederren Museoan. Gero, artean adin txikikoa nintzela, Makokin hasi nintzen profesionalki argitaratzen, tirak egin nituen Egineko Bat, bi, hiru-rako, Gaceta del Norterako, Diario Vascoko Devórame gehigarrirako... Udaletxeko kartel lehiaketa bat ere irabazi nuen, eta eman zizkidaten 20.000 pezetekin Solo quiero tus ojos izeneko tebeo txiki bat autoeditatu nuen. Hamabost bat egunetan mila ale saldu nituen, Alde Zaharreko taberna batzuetan baino ez banaturik. Oraindik ere Gasteizen bizi nintzen gurasoen etxean, eta tebeo horrekin berarekin, beste lehiaketa bat irabazi nuen Radio 3 irratian; horri esker, La luna de Madrid eta El Víbora-n hasi nintzen argitaratzen, besteak beste.

'Malismo' da aurkeztu duzun azken liburua. Definizio bat eman dezakezu?

Niretzat oso antiituitiboa den komunikazio estrategia bat da, tradizionalki gaitzesgarriak izan diren ekintzak edo nahiak publikoki erakustea, onura sozial, elektoral edo komertziala lortzeko helburuarekin.

Orduan, 'malismoa' goitik beherakoa da. Nola deitzen diogu behetik gora gaiztoak izateari?

Ez nahitaez. Eskola garaian Galerias Preciadosen diskoak lapurtzeagatik harrotzen ginenean, malismo mota bat ere bazen, zirkulu jakin batera mugatutako bat, inork ez baitzien halakorik aitortzen institutuko ikasketa-buruari edo gurasoei. Baina, jakina, boteretsua zarenean, txungo bat izateagatik txalotuz gero, zure gaiztakeriak jendaurrean erakutsi ditzakezu. Behetik gorakoari dagokionez, argi izan behar dugu ultraeskuina EZ dela punk berria. Punk batek lege jakin batzuei kontra egin diezaieke egoera bidegabe bat salatzeko. Hesiak mugitu eta Vuelta-ren ibilbidea inbaditu genuenean, legezkoa ez izan arren, han gertatzen ari zen genozidioaren apologia salatu genuen. Hori ekintza punk bat da. Zure langileak izorratzeko lan-legedia ez betetzeak, barre artean aitortu arren, ez zaitu punk bihurtzen, zapaltzaile baizik.

Gasteizko Plaza Berrian, 1985ean. Argazkia: M. ENTRIALGO

Gaztetan, Gasteizen, txano eta makarra bandak, elkar jotzen zuten tribu urbanoak, punk antisistemak, bortizkeria sozio-politikoa... zeuden.

Bai, etengabea zen, baina eguneroko kontua zenez, ez zitzaigun batere arraroa iruditzen. Urriaren 12ak Gasteizen harrapatu ninduen. Falangistak bazterrak nahastera etorri ziren, eta gogoratu nuen 80. hamarkadan nola etortzen ziren faxistak (haietako asko, polizien eta militarren semeak) kalean harrapatzen zuten orori burdinazko barrekin jipoi indiskriminatuak ematera.

Liburua hainbat sektoretako 'malismo' moten bilduma bat da. Kezkagarria dena da langileria ('se entera o no se entera', Potatotakoek kantatzen zuten moduan) nagusiari diskurtso hori "erosteraino" nola artaburutu den, ezta? Zer gertatu da?

Gauza asko gertatu dira. Gai honi dagokionez, garrantzia du komunikabide eta sare sozial gehienek oligarka gutxi batzuen talde handien eskuetan amaitu izanak; beraz, ez da harritzekoa errealitateari buruz duten ikuspegia gizartean zabaltzea, langileek osatutako zati horretan barne. Baina ez pentsa erabat erosten dudanik langile gehienak ultraeskuindarrak direla dioen diskurtso hori. Hedabide horietatik datorren diskurtsoa da. Baina, jakina, hori egia izatea kezkagarria da  hutsaren hurrengoa ez den edozein ehunekotan.

Esan daiteke 'malismoa' mendebalde osoan hedatutako fenomenoa dela... Ezagutzen duzu gaiari buruzko beste ikerketa edo saiakeraren bat?

Soilik malismoari buruz estrategia gisa, ez. Nire saiakeraz gero egiaztatu dut, hori bai, bertako politikari eta tertuliakide askok tesia zuzenean jaso dutela edo aldaketaren bat sartu dutela, nire liburuaren existentzia aipatuz edo ez. Azken urte honetan atera dira krudelkeriaren erabilera politikoa jorratzen duten liburu batzuk, oso antzekoa dena eta kasu batzuetan nik malismoa deitzen diodanarekin uztartzen dena.

"Masa kritiko 'malista' zabal bat denean, gaiztoa izatea ez da horren guaia izango"

'Malismoa' pasatuko dela uste duzu?

Ikusteko modu baikorra da modatzat hartzea. Moda ororen oinarria da modara doanak horren berri duen elite esklusibo bateko kide dela uste izatea. Horregatik da hain ohikoa malisten podcastak, Youtubeko kanalak edo malote-programak ustezko esklusibotasun hori nabarmentzen duten formulekin etiketatzea: ez-dakit-zeren leinua, disidenteak, librepentsalariak... Masa kritiko malista bat behar bezain zabala denean, gaiztoa izatea ez da hain guaia izango, ez baita disruptiboa izango, mainstream baizik. Zentzu horretan, badago seinaleren bat publikoa nekatua dagoela hainbeste malismoz. Adibidez: fikzio komertzialetan, superheroi gero eta ilunagoen hamarkada bat baino gehiagoren ondoren, Supermanen azken filmean James Gunnek mendekuzalea eta gaiztoa ez den heroia proposatzen du. Beste seinale bat: honezkero, hasi da taberna malisten izenen gainean katxondeoa: El Canalla, El Bandido, El Villano, La Intransigente edo La Sinvergüenza izenak entzutean pijo-casposoen biltokitzat hartzen ditugu gehiago azken modako taberna gisa baino. Ikusteko modu ezkorra da seinale horiek anekdotikoak direla, eta funtsezkoena dela planetako herrialde kriminalenetako agintariek ikusi dutela ez dituztela zuritu behar beren inbasioak, hilketak, bahiketak eta genozidioak barkamen erretorikoarekin, eta nazioarteko zuzenbidea suntsitzen ari direla oligarkekin lankidetzan. Geroz eta gehiago nahi dutena egiten dute, eta argi eta aho bilorik gabe onartzen dute.

2008an 100 ale argitaratu zituztela ospatu zuten TMEOko lagunek; 182 ditu dagoeneko. Argazkia: TMEO

X bezalako kanalek (Twitter zaharra, liburuan ere aipatzen duzuna) 'malismoak' arrakasta izan dezan sortuak dirudite, zer egingo dugu haiekin?

Sare sozialetako algoritmoek ez diete garrantzi handiagoa ematen eduki malistei gaiztakeria hutsagatik: egiaztatu dute modu horretan arreta handiagoa lortzen dutela. Eta arreta dirua da. Publikoak gaizkia ospatzeari uzten dionean (hori gertatzen bada), algoritmoek bola gehiago emango diete munta handiena lortzen duten edukiei, nolanahikoak direla ere. Hori bai, jakina, algoritmo bat, ezerk axola gabe, ahalik eta diru gehien lortzeko sortua izatea nahiko gaiztoa da.

Herminio Bolaextra azkenetan dago...

Bai, Malismo liburuaren epilogoan zehatz-mehatz azaltzen ditut erabaki horren arrazoiak. Datorren urtearen hasieran, oraindik liburuan jaso gabe zeuden pertsonaiaren istoriotxo guztiak biltzen dituen liburuki bat agertuko da, eta pertsonaiak TMEO-n agertzeari utziko dio. Amaiera gisa, 2027an, Astiberri argitaletxeak La muerte de Herminio argitaratuko du, formatu franko-belgikarreko albuma, behin betiko amaiera ekarriko duena. Nire komikiak ez dira Marvel unibertsokoak, beraz, ez da sekula inoiz berpiztuko.

Zer gertatu zen Dato kaleko horma-irudiarekin?

Hamarkadak daramatzat horma irudiak egiten. Marrazkilari gisa irabazi nuen lehen dirua punky baten mural bat margotzen izan zen Perez tabernan, Anorbin kantoiaren eta Errementari kalearen arteko izkinan. Kalean ere asko egin ditut, baimenik gabe, baita horri arte urbanoa deitzen hasi aurretik ere. Badakit arte-praktika iragankorra dela, eta ez du merezi haiengatik negar egitea. Inoiz ez da jakiten zenbat iraungo duten, eta hor dago haien xarmaren zati handi bat. Baina ez nuen espero Dato eta Foruen kantoiko lokal bateko lau erakusleihoetan egin nuen azken hau hain azkar bandalizatzea. Astebete ere ez zuen iraun. Eta ez ziren grafitigileak edo beste kale-elementu batzuk izan. Lokalerako sarbidea zuen higiezinen agentzia batek suntsitu zuen, euren kartelak jartzeko. Higiezinak dira bandalo berriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago