Hegoa Ibazeta

"Erretaularen salerosketa berez legez kanpokoa izan zen"

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 23a

Hegoa Ibazeta arte historialariak Kexaako erretaularen erosketa ikertu du. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

1913an moja domingotarrek 12.900 pezetatan saldu zuten Kexaako erretaularen salerosketak nuntzioaren baimena izan zuen arren, berez egoitza Santuaren baimena beharko zuela ondorioztatu du ikertzaileak

Revista Española de Derecho Canónico aldizkarian La legalidad en torno a la enajenación del retablo y frontal de la Virgen del Cabello izeneko ikerketa artikulua argitaratu du Hegoa Ibazeta (Gernika, 1997) arte historialariak. Kexaako erretaularen salerosketa legez kanpokoa izan zela ondorioztatu du bertan.

Nola hurbildu zinen ikerketa honetara?

EHUn Artearen Historia ikasi ondoren, kulturaren zuzenbideari buruzko master bat ikasi dut UNED eta Carlos III.a unibertsitateetan. Bada, lan hau masterreko ikasgai bezala jaio da. Baina, aldi berean, aprobetxatu dut lan hori publikatzeko eta dibulgatzeko.

Nondik datorkizu gaiarekiko interesa?

Artearen Historiaren gradua egin nuenean, Euskal Herriko arteari buruzko ikasgai batean izan nuen erretaula honen egoeraren berri. Ameriketako Estatu Batuetan dagoela ikasi nuen, Chicagoko Arte Institutuan. Justizia eza handia iruditu zitzaidan horrelako artelan bat Arabatik kanpo egotea, eta handik aurrera beti izan dut kuriositatea jakiteko ea benetan salerosketa legala izan ote zen, edo formularen bat egongo ote zen hori ez gertatu ez zedin.

Chicagon dago erretaula, eta gurean kopia bat baino ez dago. Argazkia: CHICAGOKO ARTE INSTITUTUA

Zer nolako garrantzia du erretaula honek?

Historikoki oso artelan garrantzitsua da. XIV. mendearen amaieran kokatuta dago, Aiarako lurretan. Fernan Perez de Ayala kantzillerrak bertan monasterio bat sortu zuen. Aiarako Foruaren eta euskal zuzenbide zibilaren aitzindarietako bat izan zen. Ea, oso leku garrantzitsu bat izan zen. Bestetik, artearen ikuspuntutik, oso lan monumentala da. Uste da ez dela kanpotik ekarritako artelana, kaperan bertan sortutakoa baizik, tokiko artistek egina. Gotikoaren adierazgarri ederra da. Beraz, bai testuinguruagatik zein artelanaren beraren balio artistikoagatik, oso artelan garrantzitsua da.

"Erretaularen salerosketa oso arin gertatu zen 1908ko maiatzaren 17tik 23ra"

Horren garrantzitsua izanik, zergatik ez dago hemen?

Hori ulertzeko XIX. mendearen amaierara arte joan behar dugu. Une horretan monasterioan moja domingotarrak bizi ziren, baina, antza, Independentzia Gerran Frantziako tropak monasterioan sartu ziren. Testigantzetan jaso zen monasterioa abandonatuta eta erretaula ezkutatuta geratu zela. Bueltatu zirenean, mojek erabaki zuten erretaula saltzea. Haiek zioten behar ekonomikoagatik egin zutela. Baina saldu baino lehen, Albako dukesari baimena eskatu zioten. Kontua da Ayala familiak enkargatu zuela erretaula: kantzilerrak eta haren emazte Leonor de Guzmanek eskatu zuten, eta suposatzen da leinu hori Alba familiaraino iritsi dela. Familiarena zen patronatua, eta horregatik mojek haiei galdetu zioten erretaula saldu ahal zuten ala ez. Egun gutxitara, dukesak ezetz erantzun zien, ez zuela saldu nahi. Dena dela, 1904an dukesa hil egin zen, eta 1908an mojek erabaki zuten berriro salerosketa abiatzea. Baina orduan ez zioten galdetu Alba familiari. Gasteizko Gotzaindegiari zuzenean galdetu zioten, eta honek baiezkoa eman zuen. Baiezko erabaki hori nuntziatura bidali zuten —Egoitza Santuaren enbaxadaren modukoak dira nuntziaturak—, eta honek ere baiezkoa eman zuen. Hau guztia oso arin gertatu zen, 1908ko maiatzaren 17tik 23ra. Behin horiek izanda, handik bost urtera, 1913ko ekainean, mojek 12.900 pezetaren truke saldu zuten. Hortik aurrera erretaulak zer bidaia egin zuen ez dago oso argi, baina adituak bat datoz esatean Londresen egon zela, Lionel Harris-en Spanish Art Galleryn, eta gero Chicagoko Arte Institutura iritsi zen. Bertako webguneak berak aitortzen du galeria horretako pieza garrantzitsuenetakoa dela erretaula.

Zuk argudiatzen duzu salerosketa ez zela legezkoa izan. Zertan oinarritzen zara horretarako?

Jakin badakigu mojek baimena eskatu ziotela Alba familiari, eta uste dut horrek denok despistatu gaituela. Nire ustez, artelan hori ez zen patronatuaren jabetzakoa, hau da, ez zen Alba familiarena. Jabetza zibila beharrean, Elizaren jabetzakoa zela uste dut. Eliza entitate baten patronatua izateak ez zintuen egiten automatikoki ondarearen jabea. Gainera, patronatuak erantzukizun bat zuen monasterio hori ondarez hornitzeko eta zaintzeko. Berez ez daukagu jatorrizko dokumentaziorik, baina esango nuke Ayala familiak egin zuen dohaintza bat izan zela, eta seguruenera salerosketaren hasieratik eliza ondarea izan zela. Mojek erabiltzeko eskubidea zuten, usufruktua; baina ez jabegoa. Elizarena da, pertsonalitate juridiko bezala ulertuta. Horregatik mojek gotzainari galdetu zioten, eta honek nuntziaturari. Badakigu nuntziatura izan zela salerosketa hori babestu zuen goreneko eliz kargua. Nire galdera da ea hori zuzenbide kanonikoaren arabera ondo egin zen, eta hor dago nire ikerketaren koska. Nik uste dut mojek errespetua adierazteagatik galdetu ziotela Alba familiari, baina ez zuten egin benetan baimena eskatu behar zutela uste izanagatik. Ostera, eta konpromisozko eskaera bat bezala egin zutelakoan nago.

Gaur egungo legeen arabera, aukera egongo litzateke erretaula berreskuratzeko?

Nik ez dut hori ikertu; hortaz, nahiago dut horren inguruan ezer ez esatea. Gainera, ehun bat urte pasa dira, eta Espainiako Gobernua ez zen horren jabea. Gauza asko baloratu beharko lirateke, baina oso zaila ikusten dut. Baina, berriro diot, ez dut kontua ikertu.

"12.900 pezetako salerosketa batek Egoitza Santuaren baieztapena behar zuen halabeharrez"

Garai latza izan zen hemengo artearentzat… Antzeko egoeran dauden beste artelanik al dago?

Arpilatze asko egon zen, baina hurbilena monasterioan egon zen eskultura txiki bat izan zen: San Pedro eta dragoia. Badago ere beste erretaula bat, hori non dagoen ez dakiguna. San Pedrorena AEBetako beste museo batean dago, baina ez dut ikertu horren salerosketa legez kanpokoa izan ote zen. Hori jakiteko, ezagutu behar da, hain zuzen ere, zer preziotan saldu zen. Zergatik jakin behar da ba salerosketaren prezioa? Elizan baimena eman zuen kargu gorena nuntzioa izan zen. Baina zuzenbide kanonikoaren arabera, Egoitza Santuaren aldizkari ofizialean —Acta Apostolicae Sedis— jasota dagoen moduan, 10.000 lira baino gehiago balio duten salerosketek Egoitza Santuaren eta Aita Santuaren baieztapena behar zuten. Gero badago ere Lamberto de Echeverria gasteiztar kanonistaren agiria, prezio horiek kalkulatu zituena. Garai horretan lirek eta pezetek balore berdina zuten, bai urrean zein balore nominalean. Hortaz, 12.900 pezetako salerosketa batek Egoitza Santuaren baieztapena behar zuen halabeharrez. Nik egiten dudan galdera da ea nuntzioa Egoitza Santuaren parte ote zen garai horretan. Ondorioztatzen dut ezetz. Kexaako erretaula denboran bat dator Erromako kuriaren bi erreformarekin —Immensa aeterni Dei eta Sapienti consiclio— eta bietan nuntziatura Egoitza Santuaren kanpo geratzen da. Horrek esan nahi du nuntzioa ez dela egoitzaren parte, eta ezin zuela baimendu erosketa hori Egoitza Santuaren baieztapenik gabe. Salerosketa osoa sei eguneko tarte batean gertatu zela gogoratu behar dugu, gainera Beraz, aukera oso gutxi daude egun gutxi horietan gotzainengandik nuntziorengana iritsi, honek Egoitza Santura bidali, bertan eztabaidatu eta mezuak kontrako norabidea egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago