Frankismoa

"Frankismoa zer zen etxekoen ahotik jasotzea inportantea da"

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 20a

Gasteizko Ekialdea ikastetxean Historia irakaslea da Iñaki Ziarsolo. Argazkia: ALEA

DBHko laugarren maila amaituta, ikasleek frankismoari buruzko azaleko jakintza bat dutela azaldu du Iñaki Ziarsolo irakasleak, baina familietan egiten den lanketa eskolan egiten dena bezain garrantzitsua dela dio.

Gazteen sare sozialetan eskuin muturraren eguneroko mezuak abiada bizian zabaltzen diren bitartean, hezkuntza sistema atzetik doa ikasgaiekin. Frankismoa, esate baterako, ikasturteko azken asteetan lantzen dute, eta behar bezala sakontzeko aukerarik gabe, Iñaki Ziarsolo (Ermua, Bizkaia, 1978) Historia irakasleak azaldu duenez. Gasteizko Ekialdea ikastetxeko DBHko laugarren mailan aritu da azken urteotan.

Frankismoaren inguruan zenbateko oinarriarekin heltzen dira ikasleak zure klasera?

Askok ez dakite ezer. Beste batzuk zerbait bai, etxetik dakartelako. Eta gero badira badakitenak, baina sare sozialetan aurkitzen dutenaren arabera; batzuetan hiruzpalau klitxe dakizkite, eta gero ikasterakoan konturatzen dira zer zen benetan frankismoa.

Gezurrak kontatzen dizkiete sare sozialetan?

Bai. Are gehiago, azkenaldian badago joera bat frankismoa goraipatzekoa, garai on bat izan balitz bezala. Badago ikasle profil bat, sare sozialen eraginez, ideia kontserbadore eta matxistak dituena, nolabait mami politiko gutxirekin, baina Esto con Franco no pasaba moduko lau esaldi errepikatzen dituena. Batzuen artean eragina du, dudarik gabe. Eta hori desmuntatzea zaila da, askotan entzun nahi ez duenak ez duelako entzungo. Guk hiru astetan ematen dugu frankismoa, baina haiek egunero daude beste input batzuk jasotzen, kontrolik gabe. Badaude kontzientzia dutenak ere, batez ere etxetik jaso dutelako. Eta hori inportantea da. Jendeak pentsatzen badu ikastetxeetan bermatuko dela frankismoaren kontrako jarrera bat, oker dabiltzala uste dut. Ikastetxean landuko dugu, eta saiatuko gara, baina etxean ere landu beharrekoa da.

"Guk hiru astez jorratzen dugu, baina eurek egunero jasotzen dituzte bestelako mezuak"

Sare sozialak dira euren iturri nagusia?

Bai, oso erakargarriak dira askorentzat TikTok eta Instagram modukoak. Eta Espainia mailan jarraitzaile gehien dituzten youtuberrek lau ideia behin eta berriz errepikatzen dituzte: immigrazioaren kontrakoak, feminismoaren kontrakoak, ultranazionalistak, super kontsumistak, neoliberalak... Ni ez naiz aditua honetan, baina klaseetan igartzen dira halako mezu batzuk. Aldiz, beste aldea ere badago, eta sumatu dut aurrerapausoren bat ere. LGTBIQ+ gaiarekin, esaterako, ni ikasle nintzen garaian baino dexente aurreratuago daude, eta nabari da gauza batzuekin apurtzen ari direla. Alde horretatik, internetarako sarbidea izateak eta sare sozialek ahalbidetu dute lehen aurki ezin zitekeen informazio bat eskuratzea eta normalizatzea, duela 25 urte tabu bat zena.

Nola lantzen da frankismoa eskolan?

Frankismoa ikasturte bukaeran ematen da, kronologikoki horrela dagokiolako. Eta askotan presaka eta korrika ibiltzen gara eman ahal izateko. Frantziako Iraultza eta beste gertakizun batzuk lasaitasun handiagoarekin lantzen dira, baina frankismoa sakontasunez emateko denbora gutxi dugu, egia da. Aurretik ondo ikasten ditugu aro garaikideko sistema politikoak, eta frankismora heltzen garenerako badute faxismoaren berri edo nazismoaren berri. Baina, noski, beti denbora falta. Alemanian izan zen irakasle truke horietako batean Historia irakasle batek kontatu zigun, oker ez banago, han ikasturte osoa ematen zutela nazismoa ikasten; guk hemen bi edo hiru aste izaten ditugu, bederatzi ordu. Ikasturtea amaitzen dutenean, oso azaletik bada ere, badakite zer den diktadura bat, zer den askatasunik ez izatea, zer izan daitekeen errepresioa... Zertzelada batzuk behintzat badituzte, eta batxilergoan sakontasun handiagoarekin landu ahal izango dute.

Urrun geratzen zaie faxismoa ikasleei? Nola piztu interesa?

Historia iragana da beraientzat, besterik gabe. Eta berdin zaie duela 50 urte ala 200. Egia da frankismoarekin momentuz badagoela lotura erraz bat egiteko aukera, besteak beste, beraien aitona-amonekin; horrekin errazagoa da interesa piztea. Eta eskoletan ere horrela landu dugu. Aitona-amonei historia elkarrizketa bat egitea eskatzen diet, eta askotan etxe barrutik ezagutzen dute gertatu zena, agian klasean eman ez duguna. Ariketa polita izaten da, eta ikasleei ere gustatzen zaie. "Gogoratzen dut herriko hura hil zutela, eta beste horrek ihes egin zuela...", kontatzen diete normaltasun osoz, eta ikasleak harrituta geratzen dira, agian familian garrantzirik ez diotelako eman edo hitz egin ez dutelako. Gauza asko, goseaz hitz egitea esaterako, zientzia-fikzioa da beraientzat, familiakoen ahotik entzun arte. Zuhaitz genealogikoa egin eta familiaren biografia ikastea ere polita izaten da, zer gertatu zen gertuko iturriekin ikusteko.

Martxoaren 3ko gertakariek, esaterako, badute lekurik eskoletan?    

Martxoak 3 elkarteari esker, orain arte txangoa antolatu izan dugu. Kasu honetan ere, familia batzuetan badakite zer gertatu zen, eta beste askotan ez, familia asko ez direlako bertakoak. Iaz hasi ginen Komunitaterako proiektuetan lanketa bat egiten Martxoaren 3ko gertakarien inguruan, eta oso lagungarria da elkarteak prestatutako unitatea ere. Historia ikasgaian larri gabiltzanez, Komunitatean landu dugu hau. Gazteen artean sumatzen da interesa honekin.

Nola hobetu daiteke transmisioa?

Inportantea da eskola, eta agian garrantzia gehiago behar du gaiak curriculumean; beste modu batean landuz edo ordu gehiago eskainiz. Baina etxean lantzea ere inportantea dela iruditzen zait. Agian, ezin diegu integralekin lagundu matematiketan, baina frankismoaz heldu guztiok hitz egin dezakegu. Egun hauek aitzakia ona izan daitezke horretarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago