Patronatoa, emakume "galduak" zuzentzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 16a

Gasteizko Oblatasen eskola 1962an. PHOTOARABA

Diktadorea hil eta hamar urte baino gehiagora, 1986ra arte, lanean jarraitu zuen frankismoak "eroritako" emakumeak berreskuratzeko sortu zuen erakundea.

1943ko maiatzaren hasieran, hamabost urteko neska batek etxetik ihes egiteko erabakia hartu zuen Madrilera bidean. Neskaren arrazoiak larriak ziren: "Hamabi urte zituenetik aitak abusuak egin zizkion, eta desohoratu egin zuen; izan ere, txikia zenez eta joko ote zuen beldur zenez, onartu egin du, harik eta banandu den arte". Hiru urteko sexu abusu jarraituen ondoren adingabearen egoera itogarria zen, "gaixotasun benereoa" ere kutsatu zion aitak eta "urte eta erdiko sendaketak" behar izan zituen sendatzeko. Behin Madrilen, jaun-andre batzuen etxean zerbitzatzen hasi zen. Egun gutxi batzuk geroago, "etxeko andreak komisarian salatu zuen neska, gertatutakoa kontatu zionean".

Lerrook Bilboko Adingabeen Tutoretza Auzitegiak gerraostean irekitako lehen prozesu judizialetako bati dagozkio. Bilboko Nesken Familia Etxean sartu ondoren, adingabeak zentrotik ihes egin zuen. Handik gutxira, beste udalerri batean aurkitu zuten, neskame gisa lan egiten. Poliziak atxilotu zuen, eta epaileak, orduan, Gasteizko Oblaten ikastetxean sartzea erabaki zuen, "bere baldintzetara egokiagoa den establezimendua".

Gasteizko Oblaten zentroa Bilboko Nesken Familia Etxea baino askoz gogorragoa zen

Carlos Alvarez Fernandezek Jóvenes en 'el lecho de Procusto'. Una aproximación a los ideales de género de posguerra artikuluan jaso duenez, berreziketa katolikoko Gasteizko Oblaten zentroa Bilboko Nesken Familia Etxea baino askoz gogorragoa zen, eta bere antzeko egoeretan zeuden "jokabide arazoak zituzten gazte errebeldeei laguntzen zien".

Oblatek, beste hamaika moja ordenarekin, 1941ean sortutako erakunde baten parte ziren, Emakumea Babesteko Patronatoa, "galdutako emakumeak" aldatzeko helburu zehatzarekin sortutako erakunde frankista.

Sortze dekretuaren arabera, bere eginkizuna "emakumearen duintasun morala gordetzea zen, batez ere emakume gazteena, esplotazioa eragozteko, biziotik aldentzeko eta Erlijio Katolikoaren irakaskuntzen arabera hezteko".

Diktadorea hil eta hamar urte baino gehiagora, 1986ra arte, erakunde horrek lanean jarraitu zuen. Izan ere, 1976ko azken Emakumearen Babeserako Patronatoaren informazio aldizkarian berresten da erakundearen helburua dela "erorita dauden eta duintasuna berreskuratu nahi duten emakume guztiak zaintzea".

Patronatoa "galdutako emakumeak" aldatzeko helburu zehatzarekin sortutako erakunde frankista zen

Andrea Momoitio kazetari bizkaitarrak sakon aztertu ditu  frankismoak genero "desbideratzeak" zuzentzeko eta zigortzeko sortu zuen egitura burokratikoa. "Frankismoak tresna eta erakunde desberdinak erabili zituen emakume txarrak bereizteko. Horietako bat patronatoa zen, baina ez bakarra: Falangearen Seccion Femenina, Auxilio Social, Accion Catolicaren emakumeen saila, edo Alferren eta Gaizkileen Legea genero errepresioaren makineriaren parte izan ziren". 

Momoitiok azaldu du patronatoan batzorde nazional bat zegoela, eta ohorezko presidentea Carmen Polo zela, Franco diktadorearen emaztea. Dozenaka kongregazio erlijioso patronatoaren babesean bizi eta finantzatu ziren: Gurutzada ebanjelikoak, Familia Santuko Tertziario Kaputxinoak, Pauleko San Bizente Karitatearen Alabak, Salbatzaile Santuaren Oblatak, Sakramentu Santuaren eta Karitatearen Esklabo Apaingarriak…

Datu bat: Arabako Emakumeen Babeserako Patronatoaren 1963ko txostenaren arabera, 90 neska zeuden erakundearen menpe. 51 adingabeak ziren –21 urte baino gutxiago–; 68 gurasoek eskatuta sartu zituzten, 14 herrialdeko adingabeen juntaren eskariz edo beste patronatoen eskariz, eta 8 gobernuaren aginduz. Horietatik 17 Gasteizko Oblatasetan sartu zituzten, 31 Tuterara eraman zituzten eta 29 Burgosera.

Oblatak Anbrosiak bezala ezagutzen ziren Gasteizen, eta 1950eko hamarkadara arte gaur egungo Babesgabetuen parrokia inguruan hedatzen zen lur eremu handi bat okupatu zuten. 1950eko hamarkadaren amaieran, Ibarra alkateak tratua egin zuen mojekin, eta Prado gainera joan ziren, eta komentua gaur egun Armentia ikastolak okupatzen duen lekuan jarri zuten.

Momoitiok argitu nahi izan du patronatoaren zentroak ohiko mojen eskolak zirela. "Irudipena daukat jende gehiena irudi bat eraikitzen ari dela hirietan halako kartzela ezkutu batzuk zeudela, zuhaitz artean ezkutatuta, non neskatoak eta emakumeak eramaten zituzten inork jakin gabe. Eta ez da hala, gure etxe azpian zegoen eskola zen. Beti ezagutu ditugun eta oraindik ere existitzen diren erreformatorioak eta mojen ikastetxeak dira. Eskola horietan, hain zuzen ere, neskato batzuk Estatuaren babespean zeuden".

Umezurtza zinelako, adibidez, sartu ahal zintuzten patronatoan, "zure gurasoak kartzelan zeudelako, adingabea zinelako eta lan sexualean aritzen zinelako, adingabea zinelako eta beste emakume batekin harreman lesbikoak zenituelako, dantzara asko joaten zinelako eta ulertzen zutelako zure familia ez zela zu kontrolatzeko gai. Askotan, beharrizan ekonomikoengatik edo halakoengatik beren alabak entregatzen zituzten familiak ziren", azaldu du kazetariak.

Zerbitzu sozialetan lanean jarraitzen dute patronatoa kudeatu zuten erakunde erlijioso berdinek

Patronatoaren menpe egon ziren emakumeek erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela berretsi du Momoitiok, eta azpimarratu du azken finean salatzen ari diren indarkeria guztiak exekutatu zituztenak ordena erlijiosoak izan zirela.

"Badirudi ikerketa batzorde bat sortzeko eskatzen ari dela gobernua, baina ez dakit zer gertatuko den". Erlijio ordenen kasuan, berriz, aitortu du harrigarria dela oraindik zerbitzu sozialetan lanean jarraitzea patronatoa kudeatu zuten erakunde erlijioso berdinek. "Harrigarria da gizarte zerbitzuetako gaietan lanean jarraitzea; eta, batez ere Oblatak, gaur egun agian erlijio ordena guztien artean irekienak direnak, ez dutela ezer egin erreparazioaren bidean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago