Frankismoa

Industriaren atzetik etorri ziren lagunen bidaia

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 15a

Goher Fundiciones enpresako langileak. Argazkia: Photo Araba

Diktadura frankistaren azken hogei urteek goitik behera aldatu zuten Arabako gizartea. Herriak hiriburura hustu, eta Estatuko milaka migratzaile hartu zituen lurraldeak, egungo errealitatea sortuz.

1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera, nazioarteko eta Estatuko garapen industrialak isla izan zuen Araban, eta milaka bizilagun berri etorri ziren lurraldera. Eragin sozial, ekonomiko eta kultural nabarmena izan zuen. Aitor Gonzalez de Langarika, Alberto Garcia Duarte eta Antonio Riverak Industrializazioa eta immigrazioa liburua argitaratu dute Aldundiaren eskutik, eta fenomeno hori aztertu dute.

Gasteiz pixkanaka hazten joana zen. Mende hasieran 30.000 biztanle zituen, Gerra Zibilaren amaieran 40.000, eta 50eko hamarkadan 50.000 inguru. "Hazkunde ia begetatiboa", Riveraren esanetan, "eta inguruko herrietatik etorria batez ere". Hortik aurrera, baina, 25 urte eskasean, hirukoiztu baino gehiago egin zen biztanleria, 170.000 pertsonatik gora izateraino 1975. urtean. Europako hiri ertainen artean hazkunde handiena izan zuen Gasteizek, "batez ere hain epe laburrean", dio Garciak.

Europan hiri ertainen artean hazkunde handiena izan zuen Gasteizek epe motzenean

Laudio ere ikaragarri hazi zen urte horietan. II. Errepublika baino lehen 3.000 biztanle inguru zituen herria 20.000 biztanle izatera heldu zen 60ko hamarkadan, herri bat izatetik hiri ertain izatera igaro zen urte gutxian.

Gasteizen lehendik ere baziren fabrikak, Ajuria, Aranzabal edo Fournier, kasu. Baina, Riverak dioenez, "fabrikak zituen hiri bat zen, ez hiri industriala". 1958tik aurrera hasi zen industrial bilakatzen. Horrek immigrazioa zekarren, produktibitatearen hazkundea probesteko. "Lehenik, inguruko herritarrek lanbidea aldatu zuten, eta industriako langile bilakatu. Gasteizek Araba hustu zuen".

Migrazioaren jatorriak

Egun, Arabako biztanleriaren hiru laurden baino gehiago bizi da hiriburuan. Garai hartan areagotu zen Arabaren makrozefalia. Aiaraldean izan ezik, bere erakarpen indar propioa zuelako, lurraldeko beste herri gehienek galdu zuten biztanleria. Herri gehienetan, bertan jaiotakoetatik jende gehiago bizi zen Gasteizen, herrian bertan baino.

138 etxebizitza berrirentzako lehen harria jartzen, Zaramagan. Argazkia: Photo Araba

Beste lurraldeetatik ere jaso zuen migrazioa Arabak, iparralde zein hegoaldetik. Bizkaitik Arratiako bailaratik etorri zen jendea batez ere, eta Gipuzkoaren kasuan, Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Eskoriatza... Iparraldetik zetozenak langile kualifikatuagoak izan ohi ziren. “Ez ingeniariak”, dio Riverak, baina bai esperientzia gehiago zutenak industrian. Bizkaia eta Gipuzkoa lehendik ere industrializatuak zeuden, eta berrindustrializazio prozesu honekin gainezka egin zuen. Enpresek Gasteizen topatu zuten espazioa hazten jarraitzeko.

Gipuzkoatik enpresa osoak etorri ziren: Esmaltaciones, BH, Gabilondo... "Fabrikak datoz, enpresaria dator, langileak, eskaeren kartera, askotan makina guztiak ere ekartzen zituzten, eta bertan ezarri", dio Riverak.

Bizkaiko kapitala, aldiz, anonimoagoa zen. Kopuru absolutuetan gehiago inbertitu zuten Bizkaiko enpresariek Araban, baina haien izenak ez ziren ezagun egin. Aitor Gonzalez de Langarikaren hitzetan, "enpresa hemen zuten komeni zitzaielako, baina bizkaitarrek jarraitzen zuten bizitzen Getxon, Algortan". Laudioren kasuan ere industria asko Bizkaitik sustatu ziren, Vidrieras edo Aceros de Llodio, kasu.

Iparraldekoez gain, hegoaldetik ere dozenaka mila lagun etorri ziren Gasteiza. Burgos eta Errioxatik lehenik, eta ondoren gertu samar zeuden lekuetatik, Zamora, Palentzia, Leon... Urrunagotik ere bai, Caceresetik batez ere. Andaluzak etorri zirela esan ohi da, baina Caceresetik jende gehiago etorri zen Andaluzia osotik baino. Aiaraldean, bai, andaluz gehiago dago proportzioan, Gasteizen baino. Landa eremutik zetozen gehienak, bizitza hobearen bila, eta bati ondo joanez gero familia eta ingurukoak ekartzen zituen. Ohikoa omen da ikustea herri honetakoak denak Gasteiza joan zirela, eta ondoko herrikoak denak Kataluniara, adibidez.

Arabako prozesu autonomoa

Arabaren industrializazioa ez zen frankismoko agintari gorenen planen artean sartzen. Baina diputazioko eta Gasteizko Udaleko agintariek bultzatu zuten, enpresak hartu ahal izateko aukerak sortuz, aurreikuspen handiz, adituek diotenez. Enpresa handi bat etortzea lortzeko lurra eta azpiegiturak eskaini behar ziren, kaleak, elektrizitatea, eta prezio onean. 1956. urtetik aurrera hasi zen udala halakoak egiten, Gamarra-BetoÒuko poligonoa lehenik.

60ko hamarkadan Michelin enpresa etortzean, antzeko jarrera izango dute instituzioek, Arriagako poligonoa eskainiz. Ondo konektatutako lurrak, ondo komunikatuak, eta gainera, udalaren etxebizitza enpresa publikoarekin, etxebizitza eskaini zien langileentzat.

Gasteiz Michelin fabrika eraikitzen ari zen garaian, 1965ean. Argazkia: Photo Araba

Gonzalez de Langarikak dioenez, "Gasteizek lapurtu egin zuen Michelin". "Frankismoaren estabilizazio planean ez zegoen, baina bere inertzia propioz eginda arrakasta gehiago dauka gobernuak ofizialki sustatutako lekuek baino". Hiriaren garapen industrialak migrazioa erakartzen jarraitu zuen, 1958tik 1975a arte, eta orduan moztu zen jarioa, 73ko krisiaren ondorioak sumatzen hastean.

Gizartearen antolakuntza

Eztanda egin zuen biztanleriak, eta subjektu berri bat agertu zen Araban: langile migratua. Riveraren hitzetan, "desproportzioa hain zen handia, ia arraroagoa zela autoktonoa izatea kanpotarra izatea baino". "VTVen (Vitoriano de Toda la Vida) Gasteiz hiri anonimoago bilakatzen da", dio Riverak. Hala ere, ezberdina izan da migratzaileek eta "autoktonoek" hirian izandako pisua. Riverak nabarmendu du nola Gasteizeko alkate eta Arabako ahaldun nagusi gehienak migrazio uholde honen aurreko familietakoak izan diren, gaur egun arte ere, "Etxebarria, Buesa, Cuerda, Agirre... hiri zaharretik zetozen familiak ziren".

Etxebizitzarekin arazoak ere sortu ziren, noski, biztanleriaren hazkunde azkarrak eraginda. Baina, beste hiri batzuen aldean, nahiko ondo kudeatu zela dio Gonzalez de Langarikak. "Obsesioa izan zuten bertako agintariek, ez zedin hemen errepikatu beste hirietan gertatutakoa, txabolez osatutako herrixkak pilatzea". Horri izkin egin nahian, langileentzako auzoak proiektatzen hasi ziren. Asko erregimenak berak bultzatuta, Abetxuko eta Zaramaga kasu, eta beste batzuk ekimen pribatuz eraikiak, Ariznabarra edo Arana, esaterako. Elizarekin lotuta joan ziren eraikitzen beste batzuk, Adurtza eta Errekaleor, adibidez.

Prozesu autonomoa izan zen hiriaren industrializazioa, ez zen frankismoaren planetan sartzen

Aiaraldean ere antzeko prozesua izan zen etorkinei leku egiteko, baina "txikia izanik ahalmen gutxiago izan zuen modu ordenatuan egiteko", Gonzalez de Langarikaren esanetan. Enpresa handiak etorri ziren, leku onenak hartu zituzten, zonalde lauak, eta gerora hasi ziren langileentzako etxeak egiten, libre geratutako lekuetan, askotan mendi magaletan.

Integrazioa ona izan bazen ere, banaketa soziala egon bazegoela dio Riverak. "Itxurazko integrazioa izan zen. Gurekin bizi dira, atseginak gara haiekin eta haiek gurekin, baina haiek hor daude, eta gu hemen. Oraingo migrazioarekin bezala, berdin gertatzen zen orduan ere". Langileak han zeuden, baina "ikusezin" mantendu zirela dio Garciak, 1976ko martxoaren 3a arte. Orduan azaleratu zen biztanleria migratua plano politikoan. M3an hildako bost langileetatik lau ziren etorkinen familietakoak.

Migratzaileen jatorriaren arabera ere gehiago nabarmentzen zen migratzaile estigma. Garciak gogorarazi du askoz jende gehiago etorri zela Espainia iparraldetik hegoaldetik baino, "baina kalean galdetuta esango dizute Galiza eta Extremadurakoak zirela gehienak. Gehiago nabarmentzen ziren". Gonzalez de Langarikaren esanetan "Burgoseko bat ez zen koreanoa, baina extremadurar bat bai".

Lanaren gizartea zen hura, eta lana integraziorako tresna eraginkorra izan zela nabarmendu dute adituek. "Fabrikan denak zeuden batera" gogorarazi du Gonzalez de Langarikak. Astean sei orduko lanaldiak, eta ondoren askotan lanari lotutako aisialdia: frankismoak sustatutako "Educación y descanso" ekimenak, fabriketako futbol taldeak...

Emakumeen presentzia oso altua zen industrian. "Gehienak etxean aritzen ziren lanean, baina emakume askok egiten zuten lan fabriketan, ezkondu ostean ere, eta enpresa askotan plantillaren gehiengoa ziren emakumeak", dio Garciak. Enpresa handienak gizonezkoenak baziren ere, Mercedes, Michelin, Forjas Alavesas, emakumeen presentzia nabarmena zen enpresa askotan, Fournier, Ofesa edo Areition, esaterako. Gasteizko bitxikeria omen da hori ere, garai hartako prozesu industrializatzaileetan ohikoa izan baita emakumeak baztertuak gelditzea lan mundutik.

Garciak nabarmendu du migratzaile askok parte hartze politikoaren bidez topatu zutela integrazioa. "Ez naiz VTVa, ez naiz euskalduna, baina militantzia antifrankistan sartuta, alderdi edo sindikaturen batean, borroka beraren parte naiz". Garciak euskararekiko jarrera ere aipatu du. "Franco osteko euskalduntze prozesua arrakastatsua izan zen etorritako jendearen mentalitateari esker, integratzeko asmoari esker".

KAS fabrikaren inaugurazioa, 1965ean. Argazkia: Photo Araba

Lehengo eta oraingo migrazioa

Badago antzekotasunik 1950-75 urteetako migrazioaren eta 2000tik aurrera izandakoaren artean. "Guztiz ezberdinak dira jatorrian, baina funtzio berbera dute", Riverak dioenez.

Antzekotasun nagusia da, Garciaren ustez, arrazoi ekonomikoek erakarri zutela jendea. "Azken 25 urteetan berdin, krisi potoloak egon direnean, 2008koa kasu, migrazio fluxuak gelditu egin dira, eta atzera ere egin dute urte batzuetan". Lanari oso lotuak egon ziren garaiko migratzaileak, eta baita oraingoak ere, Riveraren hitzetan. "Beti irekita dagoen denda, larunbatean eraikuntza lanetan dagoen langilea... lehen ere halakoa zen".

Egungo migratzaileen integrazioak erronka berriak ere ekarri ditu, "hizkuntza, kultura eta erlijio ezberdintasunak daudelako askotan", baina zaila da aurreikusten mende erdi barru nolakoa izango den egoera. Lana eta eskola jarri dituzte jo puntuan Garciak eta Gonzalez de Langarikak. Azken datuei begira, eskola segregatuetan pertenentzia sentimendua askoz txikiagoa da, batetik, eta lan munduan txertatzeko zailtasunek ere asko eragiten dute, atzerriko biztanleen sektore askok langabezia tasa oso altuak dituztelako, haien integrazioa zailtzen dutenak. "Eskola eta lana funtsezko bi bide dira. Batak, edo biek, huts egitekotan, asko zailtzen da integrazioa".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago