Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, ostegun honetatik aurrera, Espainiako estatuan aire zabalean hazten diren etxeko hegaztien ustiategi guztiak konfinatzeko agindua eman du, hegaztien gripeak eragindako kutsatzea prebenitzeko eta kontrolatzeko. Erabaki berriak Hego Euskal Herri osora zabaldu du etxeko hegaztien konfinamendua; izan ere, joan den astelehenetik arrisku eta zaintza bereziko eremutzat jotzen diren zenbait udalerriri eragiten zien Araban eta Nafarroan.
Ministerioaren arabera, hegaztien gripearen aurkako prebentzio neurriak sendotzen dira, gaixotasun oso infekzioso hau hedatzeko arriskua areagotu baita. Gaur bertan argitaratu den Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) jasotzen da agindua, eta gaurtik ezartzen da. Gobernuak aire zabaleko hegaztien haztegiak edozein hazkuntza metodotan konfinatzea ezarri du, ustiategi ekologikoak eta autokontsumorako ustiategiak barne, baita arrautzak edo haragia azken kontsumitzaileari zuzenean saltzeko ekoizten diren metodoak ere.
Hala ere, etxaldea konfinatu ezin denean, agintariek baimena eman ahal izango dute txoritegiko oihalak edo basa hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jartzeko, betiere hegaztiak instalazioen barruan elikatzen badira edo basa hegaztiak sartzea eta etxeko hegaztientzako elikagaiak edo ura ukitzea eragozten duen babesleku batean elikatzen badira.