hegazti gripea

Hegaztiak konfinatzeko erabakia ez dagoela justifikatuta uste dute aldundiek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 12a

Hainbat udalerritan hegaztiak konfinatu beharko dituzte. Argazkia: IREKIA.EUSKADI

Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitian ezarri beharko da konfinamenduaren neurria.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek bilera izan dute gaur hegaztiak aire librean hazten dituzten Euskaber, Lumagorri eta Ovo 12 enpresen ordezkariekin, iragan asteko ostiralean Nekazaritza Ministerioak ezarritako murrizketen aurrean dituzten kezkak entzuteko. Bileraren ostean aldundiek azpimarratu dute eskura dauden azken datuek ez dutela justifikatzen neurri murriztaileak hartzea, hala nola oilotegietako hegaztien erabateko konfinamendua.

Babes neurri horiek Espainiako estatu osoko arrisku eta zaintza bereziko eremuetan ezarri beharko dira. Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago horrelako eremurik; bai, ordea, Araban, hain zuzen Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia udalerrietan

Aldundiek uste dute ministerioaren erabakia "goiztiarra" dela eta "kalte handia" eragiten diola aire librean hazten diren hegaztien sektoreari, "dagoeneko zaintza aktiboko eta bio segurtasuneko neurriak hartzen ari baita". Sektoreko enpresak kezkatuta agertu dira hegaztien nahitaezko konfinamenduaren ondorioengatik. Neurri horrek, haien esanetan, animalien ongizateari eragiten dio. Ildo horretan, estatu mailan antzemandako hegazti gripe positiboak kaioletan hazitako hegaztietan eman direla azpimarratu dute. 

Bestalde, aldundiek "lasaitasun mezu bat" helarazi diete kontsumitzaileei, gogoraraziz kontrol eta prebentzio protokolo zorrotzak aplikatzen ari direla ustiategi guztietan, eta arrautzak edo oilasko produktuak kontsumitzeagatik hegazti gripeak ez duela eraginik gizakiengan.

Neurriak betetzeko deia egin du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik EAEko hegazti sektore osoari eskatu dio ustiategi guztietan bio segurtasun neurriak gogortzeko eta konfinamenduaren neurria betetzeko. Izan ere, funtsezko neurria izango da datozen asteetan, basa hegaztien migrazioak areagotuko baitira.

Egoeraren jarraipena egiteko, premiazko bilera deituko du datozen egunotan Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, eta sektoreko eta erakundeetako ordezkariak deituko dituzte parte hartzera. Helburua da neurrien inpaktua neurtzea, alternatibak aztertzea eta koordinazioa indartzea. "Gure lehentasuna osasuna eta sektorearen iraunkortasuna lehenestea dira. Horretarako, prebentzio neurriak ezartzea eta elkarlanari eustea ezinbestekoak dira", esan dute. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago