Hegazti gripeak eragindako arrisku maila handitu du Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak, azken asteetan antzemandako kutsatze kasuen kopuruak gora egin baitu Europa osoan. UAGA sindikatuak azaldu duenez, astelehenetik aurrera indarrean sartuko dira arau berri batzuk arrisku bereziko eremuetan, Araban barne.
Azaroaren 10etik aurrera, beraz, debekatuta egongo da, beste neurri batzuen artean, etxeko hegaztiak aire zabalean haztea. Halere, hori ezinezkoa denean administrazioak hegaztiak aire librean mantentzeko baimena eman ahal izango du, ahal izanez gero txoritegi oihalak edo hegazti basatiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarriz.
Gaitzaren zabalpena eragozteko, gainera, etxeko hegaztiak beti instalazioaren barruan edo hegazti basatiak iristea eragozten duen babesleku batean elikatu beharko dira; eta etxeko hegaztientzako prestatutako ur biltegiak behar bezala babestu beharko dira hegazti basatien sarbidea saihesteko.
Etxeko hegaztien presentzia ere bertan behera geratuko da azoketan, erakusketetan edo aire zabaleko kontzentrazioetan.