Hegazti gripearen agindua berrikusteko eskatu du aldundiak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 10a

Dekretuaren arabera ezin dira etxeko hegaztiak azoketara eraman. Argazkia: ALEA

Aldundiaren arabera kasuak edo benetako arriskua alde batera uzten ditu dekretuak, eta gogoratu du animalien osasuna aldundiaren eskumena dela.

Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak bilera bat izan du Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin, Espainiako Nekazaritza Ministerioak hegaztien gripeari buruz ostiralean egin duen iragarpena baloratzeko. Aldundiak gogorarazi du animalien osasuna Arabako foru aldundiarena dela.

Hegazti gripeak eragindako arrisku maila handitu du Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak, azken asteetan antzemandako kutsatze kasuen kopuruak gora egin baitu Europa osoan. Hartara, agindu horretan jasotzen da gaurtik aurrera –azaroak 10– debekatuta egongo dela, beste neurri batzuen artean, etxeko hegaztiak aire zabalean haztea.

Aldundiak zehaztu duenez, agindu horrek gripea hedatzeko arrisku eremuak ezartzen ditu, hezeguneen hurbiltasunaren eta hegazti migratzaileen presentziaren arabera. "Arabaren kasuan neurri horrek Salburuko hezegunetik gertu dauden sei udalerriri eragiten die, eta hegazti guztiak etxe barruan sartu beharko dituzte".  Alta, aldundia kexu da bere iritziz "kasuak edo benetako arriskua" alde batera utzi dituelako dekretuak.

Halaber, aldundiak gogorarazi du agindu hori indarrean egon zela joan den udara arte, osasun egoeraren hobekuntzaren ondorioz eten zen arte. "Eraginpeko udalerrietan ez dago abeltzaintzako ustiategi profesionalik, autokontsumorako oiloak baino ez; beraz, aginduak ez du eraginik izango jardueran, eta ez du lagunduko gaixotasunari eusten", esan dute.

Gainera, aldundiak azpimarratu du Espainian ez dela hegazti gripearen kasurik antzeman landa ustiategietan, kaiolako sistemetan bakarrik. "EAEn, berriz, orain arte erregistratutako kasuek basa espezieei baino ez diete eragiten, eta ez dute eraginik etxeko hegaztietan, ezta ekoizpen hegaztietan ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago