Plan honen helburuez hitz egiteko, eta baita ere, orokorrean, euskararen biziberritze prozesuaz hausnartzeko, Iñaki Gurtubairekin izan gara, aldundiko Euskara diputatuarekin. Aldundiko bulegoan hartu gaitu, postuan urtebete betetzear dela.
Erronka ugari aurkeztu dituzue plan berrian. Nola deskribatuko zenuke?
Dokumentu zabala da, eduki askokoa, eta hausnarketa bat du atzean, euskara dela arabar askoren hizkuntza, eta ez hori bakarrik, elkarbizitza bidezkoago baterako giltza dela. Elkarlanaren emaitza da plan hau, eragile ugarik hartu dute parte. Eusko Jaurlaritzaren Aroa plana izan da gure marko estrategikoa, eta hortik abiatuta jarri ditugu gure helburuak: gero eta hiztun gehiago izatea, eta hiztun horiek aktiboagoak izatea. Jendea eroso sentitu dadila euskaraz aritzean, eta ikusi dezala baliagarria eta naturala dela euskara erabiltzea egunerokoan. Sei ardatz ditu, eta 34 ekintza. Arreta jarri dugu bereziki gazteengan, eta horretarako aisialdia, kirola eta sare sozialak landuko ditugu. Eta bigarrenik, arlo sozioekonomikoa, enpresa munduan ere sartu nahi dugu euskararen presentzia indartzeko.
Euskararen erabilera %4,8tik %8ra igotzea nahi duzue Araban 2029rako. Anbiziotsua dela esan duzu, baina errealista. Nola sustatu daiteke hori instituzioetatik?
Edozein planetan helburu neurgarriak jarri behar dira, jakiteko helburuak bete ditugun ala ez. Hori izan da hartu dugun konpromisoa, euskararen erabilera ia bikoiztea. Ez da erraza. Gazteengan pentsatuz, lortzen badugu euskararen presentzia handitzea aisialdian, kirolean eta sare sozialetan, uste dut lortuko dugula kale neurketa berrietako emaitzak biderkatzea. Askotan errazagoa da ezagutza indartzea, baina erabileran beste faktore batzuk daude. Gu erakunde bat gara bakarrik, saiatuko gara lortzen, baina horretarako beste erakundeen parte hartzea beharko dugu, bereziki euskalgintzarena.
"Historia asko falta da historian sufritu duguna konpentsatzeko"
Helburu gisa jarri duzue euskaraz hitz egin nahi duen edonork aukera izan dezala bizitzako arlo guztietan. Hitz potoloak dira, euskaldun asko dago egunerokoan behartua erderaz egitera.
Bai, hala da. Zaila da, baina uste dut eragile guztiak ados jarrita lor dezakegula. Gero eta normalagoa izan dadila euskaraz aritzea edozein lekutan, taberna batean, administrazioaren aurrean, kalean lagunekin. Euskaldun asko gara hemen Araban. Momentu honetan erdiak baino gehiagok ulertu egiten dugu inolako arazorik gabe. Hori duela 30 urte pentsaezina zen. Eta ez hori bakarrik, 35 urtetik beherakoen %85ek ulertzen dute euskara, gazteen artean oso hedatua dago ezagutza. Lortu behar dugu ezagutza hori erabilera bihurtzea.
Mugatua sentitu izan zara? Instituzioetatik gauza batzuk egin ahalko dira, beste asko ez.
Euskaldunoi gustatuko litzaiguke jada helmugara ailegatu izana. Araban gizarte elebidun bat izatea, mundu guztiak jakitea euskara eta gaztelania eta bakoitzak momentu bakoitzean erabakitzea euskaraz aritu edo erderaz aritu. Hori izango litzateke gure helmuga. Urrun ikusten dugu, baina ikuspegi historikoa eduki behar dugu. Araban ez gara inoiz egon orain bezain ondo. Karmele Jaio idazle arabarrak esan zuen askotan ez ditugula baloratzen Araban emandako urratsak, nondik gatozen eta zein den egungo egoera. Izugarrizko urratsak eman dira Araban euskararen ezagutzan eta erabileran.
Halako plan bat egitean zein zailtasun izaten dira? Zein izaten dira oztopoak?
Esango nuke Araban badagoela jarrera nahiko orokor bat euskararen alde. Badago gutxiengo bat nahiko kontrakoa dena, eta gero nolabaiteko indiferentzia ere existitzen da. Lortu behar dugu indiferentzia hori gainditzen, horiek erakarri behar ditugu. Batzuk euskaratik nahiko urrun sentitzen dira, agian ez zaie inporta, ez dute beharra sentitzen beren eguneroko bizitzan euskaraz aritzeko. Lortu behar dugu pertsona horiek aldeko jarrera bat hartzea.
Araba elebiduna izango bada interes gutxien daukaten horiek ere ikasi beharko dute noizbait.
Nik uste dut ez dagoela miraririk. Orain arte euskararen aldeko politika linguistikoak adostasun sozialarekin bultzatu izan dira, eta uste dut jarraitu behar dugula horretan. Jendeak ikusi behar du denontzat onuragarria dela, haientzat ere bai. Ni bizkaitarra naiz jaiotzez. Hona etorri eta hemen Araban euskaldundu nintzen. Nire bizitza eraldatu zuen urrats horrek. Euskara ikasi nuenean beste mundu bat ireki zitzaidan. Hori denontzat izan behar da pozgarria eta aberasgarria.
Etorri berrientzako laguntzak aipatu dituzue planaren barruan. Nola sentiarazi haiei beharrezkoa dela euskara, gizarteak berak erakusten dienean gazteleraz bizi daitekeela lasai asko?
Hori da daukagun arazotxo bat, bai. Argi dago. Euskararen erronketako bat da beste lekuetatik etorritako jendea euskarara hurbiltzea. Batzuk etortzen dira Hispanoamerikatik, eta badaukate jada gaztelania; beste batzuk agian Afrikatik, eta ez dakite ez gaztelaniaz ez euskaraz. Ez da erraza izango. Baina planean proposatu dugu protokolo bat eratzea harrera linguistikorako. Lortu behar dugu kanpotik etorritakoek jakitea hemen euskara existitzen dela, hori da lehen pausoa. Eta gero haientzat ere baliagarria dela, haien seme-alabentzat, inguruko jendearentzat.
"Militantzia puntu bat egon behar da, bestela erosoagoa da erderaz aritzea"
Batzuetan ez ote da pisu gehiegi jartzen etorkinengan, eta ez hainbeste lehendik bizi direnengan euskararekiko batere interesik erakutsi gabe.
Bai, horrela da. Niri gustatuko litzaidake mundu guztia euskaldundu izana, baina hori ez da gertatzen ari. Urrats asko eman ditugu, eta askoz hobeto gaude duela 30 urte baino. Baina noski, helburu guztiak ez ditugu lortu, eta ez ditugu lortuko epe labur batera. Baina ikuspegi historikoarekin ikusita, non geunden… Gogoratzen dut Eusko Jaurlaritza nolakoa zen duela 30 urte, oso euskaldun gutxi zeuden, eta euskaldun zahar batzuk ere arazoak zituzten euskaraz egiteko, ikasketa guztiak erderaz eginak zituztelako. Aurrerapausoak oso ikusgarriak dira. Errealistak izan behar dugu, gauzak ez dira egun batetik bestera guztiz aldatuko, baina gauza on batzuk egin ditugu eta ziur nago gaurtik aurrera ere, euskalgintzak bere osotasunean, asmatuko dugula.
Ausardia falta da exijitzeko jendeak euskara jakin dezala, edo exijitzea baino sedukzioa da bidea?
Kontua da non dagoen oreka puntua. Exijentzia gero eta nabarmenagoa izan behar da, eta bestetik ezin dugu galdu adostasun soziala. Noski, exijentzia igo behar da, bereziki administrazioan. Egunen batean lortu behar dugu funtzionario guztiak elebidunak izatea. Gizarte honek erabaki du elebiduna izan nahi duela, eta administrazioa gizartearen zerbitzura dago. Baina uste dut egin behar dugula apurka-apurka, bestela orain daukagun adostasun soziala apurtu dezakegu, eta hori benetan izango litzateke akats bat.
Frankismo ostean errazagoa zen adostasun soziala, debeku garaiak hain gertu egonda? Arrisku sentsazioa galduta, batzuentzat ematen du berdintasun egoeran gaudela.
Gerta daiteke, noski, askoz errazagoa zen Francoren kontra bizitzea. Eta orain batzuek pentsa dezakete, beno, euskara ja badago nolabait salbatuta. Hezkuntza munduan sartua dago, badaude kultur ekintzak euskaraz… Azaleratu behar dugu hori ez dela horrela, euskarak orain ere erronka asko dauzkala. Gaztelera, frantsesa eta, nola ez, ingelesa, hizkuntza boteretsuak dauzkagu inguruan, eta hizkuntza txikia gara gu. Ezin gara lotan geratu.
Denok erderaz jakinda, euskara erabiltzeko beharrezkoa izaten da atxikimendu emozionala.
Euskaldunok atxikimendu pertsonal, emozional handia dugu euskararekiko, eta hori oinarrizkoa da. Hori gabe ez genuke inolako aukerarik izango historian. Nik uste dut militantzia puntu bat egon behar dela. Bestela, erosoagoa da gazteleraz aritzea, mundu global honetan halako hizkuntza boteretsuen alde egitea. Horregatik, euskararekiko lotura emozional hori funtsezkoa da, eta neurri batean erakundeen betebeharra da.
Euskararen aldeko jarrera ere sustatu nahi duzue, gaur egungo %53tik %60ra. %53a ez da gutxi? Horrek esan nahi du %47a ez dagoela euskararen alde?
Ez, ez. Agian batzuk esango dute berdin zaiela, edo jarrera neutroago bat daukatela. Nik esango nuke Araban euskararen kontrako jarrera nahiko txikia dela, gutxiengoa. Agian hedabideetan isla gehiago dauka, baina uste dut kaleetan oso jende gutxi dagoela euskararen kontra. Gero batzuk oso aldeko jarrera daukagu, eta uste dugu Arabak elebiduna izan behar duela. Hori argi daukagunok gara gehiengoa, nik uste. Hala ere, badago gutxiengo bat aurka. Onartu behar dugu, baina ez da berria, aspalditik gertatzen da hori. Gogoratzen dut hemen oso famatua izan zen Unidad Alavesaren garaia; euskarafobia nahiko hedatua zegoen, bereziki alderdi horretan.
"Gizarteari zerbitzu on bat emateko modu bakarra da elebidunak izatea"
Esaten da euskara inposatu egiten dela, euskarak erdaldunak baztertzen dituela…
Hori ez da egia. Benetan hizkuntza eskubideak bermatu gabe dauzkagunak euskaldunok gara. Nik uste dut ez dagoela inolako inposaketarik. Hemen lanpostu batzuetan ere ingelesa exijitzen da, ingelesa beharrezkoa delako. Eta administrazioa gizartearen zerbitzura baldin badago, derrigorrez gizartearen eskakizunei begira egon behar da. Hori da gizarteari zerbitzu on bat emateko modu bakarra, elebidunak izatea.
Azken urteetan epai ugari egon dira euskara eskakizunak bertan behera uzten, gehiegizkoak zirela esaten.
Bai. Guk hizkuntza eskakizunen gutxiengoa zela uste genuena, epaile batzuek erabaki dute gehienezkoa zela. Argi dago legea aldatu behar dela. Hutsune bat dago, ez da zehazten gauzak nola izan behar diren, eta epaile bakoitzak bere interpretazioa egiten du.
Bi lege proposamen onartu berri dira tramiterako, enplegu publikoetako euskara eskakizunak babesteko asmoz. Bata zuena, EAJrena, eta EH Bildurena bestea. Haiena anbiziotsuagoa dela esan daiteke.
Agian ez da anbiziotsua izatea. Printzipioetan izan gaitezke oso anbiziotsuak, baina oreka lortu behar da exijentzia eta adostasunaren artean. Nire ustez, Eusko Alderdi Jeltzalearen proposamena orekatuagoa da zentzu horretan. Exijentzia egongo da, baina gure proposamenean administrazio bakoitzak jarriko du hizkuntza eskakizunen maila, bere ingurua kontuan hartuta.
Erdaldunen eskubideen defentsan-edo idatzi dira sententzia horiek. Zenbateraino babestu behar da euskaraz ez jakiteko eskubidea?
Hori ez da existitzen. Zuk matematikako irakasle izan nahi baduzu, matematikaz jakin behar duzu, derrigorrez. Ez da inposaketa bat, ez da inor baztertzea. Eta funtzionario izanda ez zara langile normal bat, errespetu osoz. Gizartearen zerbitzura dagoen langile bat zara.
Euskara ikasteko erraztasunak jartzera begira, uste duzu doakoa izan beharko litzatekeela?
Azken urteetan urrats nabarmenak eman dira hori lortzeko. Momentu honetan A1 eta A2 tituluak doakoak dira, baldin eta ikastaroak gainditzen badira. Uste dut helburua doakotasuna dela, guztientzat. Momentu honetan, edozein erdaldunek euskaldundu nahi badu lehen ez geneuzkan erraztasunak dauzka. Nik nire ikastaroak ordaindu behar nituen, eta orain askoz errazagoa izango da.
Doan soilik asistentzia bete eta gainditzekotan.
Nolabaiteko ahalegina, esfortzua frogatu behar duzu, denon dirua da. Orduan, pertsonaren aldetik ere egon behar da nolabaiteko ahalegina, hori da eskatzen dena.
Zergatik ez da oraindik doan maila guztietan? Zer zailtasun daude?
Pentsatu nahi dut, arlo guztietan gertatzen den bezala, dirua dela kontua. Gustatuko litzaiguke askoz diru gehiago edukitzea. Baina uste dut kasu honetan baikorrak izan behar garela. Lehen bi mailak doakoak dira, eta pentsatu nahi dut hurrengo urteetan prozesu osoa izango dela doakoa, baldin eta ikastaroak gainditzen badituzte.
Duela 50 urte debekatua zegoen euskaraz hitz egitea. Zenbateko pisua dauka justizia historikoak?
Nire lagun batek esaten duen bezala, historia asko falta da historian sufritu duguna konpentsatzeko. Ez bakarrik Francoren garaian, aspalditik. Herri xehearena izan den hizkuntza hau miraria da nola iraun duen orain arte, hainbeste eragozpen gaindituta. Nik uste dut justizia historikoa aipatzea beti dela argudio sendo bat. Bereziki, hizkuntza prozesuak oso astiro doazelako. Euskararen galera oso astiro joan da, eta euskararen berreskurapena ere oso astiro joango da, derrigorrez. Baina argudio hori funtsezkoa da eta erabiltzeko moduan dago. Hainbeste bazterketa sufrituta, hainbeste urtez, zergatik ez eskatu nolabaiteko konpentsazio historiko bat.
Bukatzeko, nolakoa da zure harremana euskararekin? Egunerokoan, familian, lan giroan…
Nik, neurri batean, zorte handia daukat. Nire emaztea erdalduna da, baina alabak euskaldunak dira, eta haiekin beti euskaraz egiten dut, eta haiek nirekin beti euskaraz. Beraz, familian ere badaukat giro euskalduna, ez bere osotasunean, baina bai. Emazteak jada derrigorrez ulertu egiten du dena, kosta egiten zaio hitz egitea, baina ulertzen du. Eta hemen [Aldundian] ere zorte handia daukat, nire zuzendari guztiak euskaldunak dira, idazkariak ere bai, eta oso erosoa da. Egunero erabiltzen dut euskara lanean, gaztelera baino gehiago. Alde horretatik nahiko pribilegiatua naiz
